Itsas dinosauro homeotermoak

Stenopterygius qudriscisus iktiosauroa

Dinosauroen termorregulaziorako balizko ahalmena aspalditik dugu eztabaidagai animalia-biologia eta paleontologiaren ezagutza-esparruetan. Bestalde, oraindik ez dago argi zein izan zen termorregulazioaren jatorria, zein egoera edo baldintzatzaileren menpe sortu zen, ez eta zein animalia-taldetan garatu zen ere. Garrantzi handiko kontua da hau dinosauroei dagokienez; izan ere, termorregulazioaren behar metabolikoak direla eta, oso energia-eskari altuak izango zituzten gorputz-tenperatura altu mantendu ahal izateko, eta horrek esan nahi du kalitate eta kantitate altuko janari-baliabideak ustiatu beharko zituztela. Eta bestalde, eskualde hotzetan bizitzeko aukera gehiago izango zituzten horrela.

Iktiosauroak, plesiosauroak eta mosasauroak, narrasti handiak ziren eta planetako ozeanoetan bizi izan ziren Triasikotik Kretazeora arte. Harrapariak ziren eta era askotako harrapakinak ehizatzen zituzten, beste itsas narrastiak, arrainak, zefalopodoak eta krinoideoak batez ere. Bestalde, egindako aurkikuntza batzuen arabera, oso ur hotzetan bizi ziren aro horietako itsas narrasti zenbait, gaur egungo narrastiak bizi ezin daitezkeen tenperatura apalen menpe hain zuzen ere. Hortaz, ikerlari zenbaitek uste dute hain ur hotzetan ezin izango zirela bizi poikilotermo hertsiak izanik.

Plesiosaurus lebensbild plesiosauroa

Plesiosaurus lebensbild

Iraganari buruzko informazio fidagarria eskuratzea ez da batere erraza, baina ikertzaile frantzesez osaturiko talde batek prozedura zorrotza erabili du gaia ikertzeko; oxigenoaren isotopo bat baliatu dute horretarako. Uretako animalia batean isotopo batek duen kontzentrazioa bi fakoreren menpe dago: batetik, isotopoak uretan duen kontzentrazioa eta bestetik, tenperatura. Kontu ezaguna da elementu baten isotopo astunak proportzio garaiagoan metatzen direla animalia eta landareen ehunetan tenperatura altuetan tenperatura apaletan baino. Hori dela eta, isotopoen kontzentrazioa neurtuz, tenperaturari buruzko informazio baliagarria lor daiteke. Eta horixe egin dute ikerlari frantzesek, alegia 18O isotopoak hortz fosilduetan duen proportzioa neurtu dute aztarnategi desberdinetako iktiosauro, plesiosauro eta mosasauro fosilen laginetan.

Dinosauro horien fosiletan neurtzeaz gain, neurketa berberak egin dituzte aztarnategi bereko eta jalkin-geruza bertsuetan agerturiko arrain fosilen laginetan ere. Poikilotermoak direnez, arrainen odolaren tenperatura eta bizi diren itsasoko urarena berdinak dira. Hortaz, dinosauroak poikilotermoak baziren, euren konposizio isotopikoa eta arrainena berdinak izango ziren. Eta batzuen eta besteen konposizio isotopikoa desberdina bada, dinosauroak ez ziren poikilotermoak izango. Erkaketa egin dutenean ikusi dute badela dinosauroen eta arrainen hortzetako 18O kontzentrazioen artean alde bat, eta erlazio lineal eta negatibo bat dago alde horren eta arrainen 18O kontzentrazioen artean. Beste era batera esanda, arrainek eta dinosauroek antzeko konposizio isotopikoa dute isotopoaren kontzentrazioa garaia denean, hau da, tenperatura altuei dagozkien kontzentrazioetan; baina oso desberdinak dira isotopoaren kontzentrazio apaletan.

Mosasasaurus

Ondorioa, beraz, argia da. Ingurune-tenperatura garaietan hortz guztiak, arrainenak eta dinosauroenak antzeko tenperaturen menpe sortu ziren inguruneko tenperaturaren inguruan hain zuzen ere; horrexegatik dute antzeko konposizio isotopikoa. Baina tenperatura apaletan bizi izandako (18O-kontzentrazio apala hortzetan) dinosauroen hortzetako isotopoaren kontzentrazioa arrainena baino garaiagoa zen; hortaz, ingurune-tenperatura apala zen kasuetan, dinosauroen odoleko tenperatura garaia zen. Dinosauro talde guztiak, baina, ez dira berdinak. Izan ere, iktiosauroak eta plesiosauroak homeotermoak zirela ondorioztatu dute ikerlariek; eta mosasauroek, homeotermo izatera heldu gabe ere, ba omen zuten endotermiarako ahalmenik, eta horri esker, guztiz konstante ez, baina nahikoa konstante manten zezaketen gorputz-tenperatura.

Garrantzi handiko aurkikuntzatzat har daiteke hau, iktiosauro, plesiosauro eta, neurri txikiagoan, mosasauroen endotermia, giltzarri izan baitzitekeen animalia horien bizimodu aktiboa mantendu ahal izateko.

Iturria: A. Bernard, Ch. Lécuyer, P. Vincent, R. Amiot, N. Bardet, E. Buffetaut, G. Cuny, F. Fourel, F. Martineau, J.-M. Mazin, A. Prieur (2010): “Regulation of Body Temperature by Some Mesozoic Marine Reptiles” Science: 1379-1382.

Iruzkin bat honentzako: Itsas dinosauro homeotermoak

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>