Serengetiko ugaztun handien joan-etorriak

Ikusgarriak ei dira Serengetiko ekosisteman urtero gertatzen diren ugaztun herbiboroen migrazioak. Aspaldiko sarrera batean azaldu genuenez, ñu urdinek eta zebrek dituzten ur-beharrizan handiek eraginda daude migrazio horiek. Ura egunero edo bi egunik behin edan behar izanak bultzatzen ditu ñuak eta zebrak sasoi beroan Serengetiko hego-ekialdetik ur-eskuragarritasuna bermatuta dagoen ipar-mendebalderantz abiatzen.

Hilabete batzuk geroago, euri-sasoia hasten denean, milioi bat belarjale handiz osatutako talde migratzaileak 200 km baino gehiago egiten du berriro lehorra izateagatik utzi zuten hego-ekialdera bueltatzeko. Hego-ekialdean, sasoi hezean, belarra hasi egiten da eta ibaiek ura daramate. Baldintza faboragarri horiek irauten duten artean erditzen dira eme gehienak. Beraz, migratzaileak diren belarjale handien kumeak, bizi-baldintzak egokienak diren unean eta tokian munduratzen dira.

Hilabete batzuk geroago, ordea, hego-ekialdeko lur-geruza fina erraz lehortuko da, eta ur-ezak bultzatuta hasiko dute animaliek iparralderanzko bidaia, han errekek urte guztian baitaramate ura. Batzuek lortuko dute hara heltzea, baina ur-eskasiari aurre egiteko hasitako bidaia luzea arriskuz beterik dago, eta animalia migratzaile askok ez du iparrera heltzea lortzen (krokodiloek ere badute horretan eraginik).

Beraz, argi dago hegoalde idorretik hezeagoa den iparrera migratzeko arrazoia zein den: ur-eskuragarritasuna bermatzea. Baina orduan, hurrengo galdera datorkigu burura: eta zergatik ez dira urte guztian gelditzen iparraldean? Nola uler daiteke bizitzeko leku egokia sei hilabetetan baino ez den hegoaldea nahiago izatea urari dagokionez egonkorra den iparraldea baino?

Galdera horri erantzuteko gaur egun indar gehien daukan hipotesia honako hau da: beharrezkoak diren elikagai mineralak lortzeko egiten omen da hego-ekialderanzko bidaia. Alde horretan lurzorua jatorri bolkanikokoa da. Hori dela eta, kaltzio asko du eta baita nahitaezkoak diren beste mineral batzuk. Honek izan dezakeen eragina argitzeko, hona hemen datu adierazgarri bat: lurraren ezaugarri desberdinak direla eta, hego-ekialdeko belarrak iparraldean hazitakoak baino 1’5 aldiz Ca gehiago dauka pisu-unitateko; belarraren magnesio-, fosforo-, kobre- eta nitrogeno-edukia, bestalde, 1’2 – 1’6 aldiz handiagoa da hego-ekialdeko belarraren kasuan iparrekoan baino.

Kontuan izan behar dugu kumeak edoskitzen dituzten emeek batetik, eta hazkunde-tasa altuak dituzten animalia jaioberri eta gazteek, bestetik, kaltzioaren eta beste zenbait mineralen beharrizan altuak dituztela. Antza denez, horiek asebeteko direla bermatzeko egiten dute ñu urdinek eta zebrek hegoalderanzko itzulera-bidaia.

Beraz ur-beharrizanak dira urtean behin milaka belarjale iparrerantz abiatzea eragiten dutenak, baina mineralen beharrizanak dira horiek bueltatzera bultzatzen dituztenak.

Iruzkin bat honentzako: Serengetiko ugaztun handien joan-etorriak

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>