Eguzki-arrabioa

Eguzki-arrabioa ez da eguzki-itxura duen arrabio espezie bat, elikatzeko eguzkitiko energia erabiltzen duen aurkitutako lehen ornodunaren berri emateko erabili izan den goitizena  baizik: Ambystoma maculatum arrabio tantodunari buruz ari gara. 2010eko uztailan Naturenews aldizkariak jaso zuen berri garrantzitsu hau, Kanadako Dalhousie Unibertsitateko ikerlari batek aste bete lehenago Uruguayen egindako Ornodunen Morfologiari buruzko nazioarteko kongresu batean aurkeztutako lanean oinarrituta. Esmeralda koloreko kapsulen barruan garatzen diren arrabio tantodunaren enbrioiei behatzen ari zitzaiela egin zuen aurkikuntza ikerlari gazteak:  ezohiko zerbait hauteman zuen aurreko hamarkadetan erabat aztertuta zegoen sistema batekin lanean ari zela.

Aspalditik zen ezaguna algak ematen dietela kolore berdea enbrioia babesten duen kapsula likatsuari, eta beraz onartua  zen Ambystoma maculatum arrabioaren enbrioien eta Oophila amblystomatis alga zelulabakarren arteko mutualismoa. Arrabio emeek uretan erruten dituzte arrautzak, eta uste zen enbrioiek ekoitzitako hondar nitrogenodunak erabiltzen zituztela algek nitrogeno-iturri modura, eta ordainetan algek enbrioiek arnasean kontsumitzen duten oxigeno-kontzentrazioa mantentzen laguntzen zutela. Eta halaxe da, izan ere, baina erlazio sinbiotiko hori enbrioiaren eta haren inguruan bizi ziren algen artean ematen zela uste zen. Ryan Kerney-ek egindako aurkikuntzaren arabera, baina, algak enbrioien zelulen barruan ere badaude, enbrioiaren gorputz osoko zeluletan gainera. Eta ez hori bakarrik, badaude arrazoiak pentsatzeko zelulen barruan dauden algek fotosintesiaren bidez ekoitzitako oxigenoa eta karbohidratoak zuzenean erabiltzen direla haiek inguratzen dituzten zelulen metabolismoa hornitzeko; mikroskopia-azterketan zehar lortutako irudietan hainbat mitokondrio ikus omen daitezke alga sinbiotikoa inguratzen.

Blog honetako aspaldiko sarrera batzuetan azaldu dugunez,  ezagunak dira  ornogabeetan ohikoak diren harreman sinbiotiko estuak, baina ez da orain arte sekula antzekorik topatu ornodunetan. Izan ere, ornodunen immunitate-sistemak animaliarenak bereak ez diren material biologiko arrotzak hauteman eta deuseztatzeko duen gaitasuna dela eta, uste zen ezinezkoa izango litzaiekeela animalien zeluletan sar litezkeen izaki autotrofikoei aurrera egitea. Baina beste askotan bezala, usteak ustel, kasu batean gertatu omen da bederen. Edo arrabioaren immunitate-sistema “itzali” egin da,  edo algek aurkitu dute hura engainatzeko modua.

Orain arretaz aztertuko dituzte ezagunak diren beste arrabio batzuen eta algen arteko harreman sinbiotikoak, ”algak hazteko gaitasuna” arrabioa tantodunaren kasuan besterik ematen ez den edo aldiz ohikoagoa den ezaugarria den argitzeko. Berebiziko jakin mina piztu da baita algak enbrioiaren zeluletara iristeko eta sartzeko moduari dagokionez, arrabio eme helduen obiduktuetan ere aurkitu baitira alga-zelulak; baliteke hortaz arrabio amek beren ondorengoei algak “oparitzea”. Baina esan bezala, azken kontu hauek azterketa gehiago eskatzen dute, oraingoz hipotesi hutsak besterik ez baitira.

Iturria: Anna Petherick “A solar salamander. Photosynthetic algae have been found inside the cells of a vertebrate for the first time”. Online argitaratua 2010eko uztailaren 30ean Nature news aldizkarian. doi:10.1038/news.2010.384

Iruzkin bat honentzako: Eguzki-arrabioa

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>