Arraren erakargarritasunaren garrantzia

Hubard basoiloa (Chlamydotis undulata) toki lehorretan bizi da eta ale gutxi gelditzen diren arren, oso zabala da bere banapen geografikoa (Kanariar Uharte, Afrikako iparralde, Arabia, eta Pakistanen gelditzen dira oraindik populazio zenbait). Arriskuan dagoen hegaztia da eta hori dela eta, berreskuratzeko programa bereziak daude indarrean, bai Marokon, baita Pakistanen ere. Berreskuratze-programek intseminazio artifiziala baliatzen dute gatibu mantenduriko hegaztiak ugaltzeko. Orain arte, baina, berreskuratze-programek ez dute arrakasta handiegirik lortu, batez ere gutxi direlako aurrera ateratzen diren txitak.

Programaren ardura duten biologoek zenbait aukera baloratu dituzte eta horien artean, pentsatu dute intseminazio artifizialak gabeziak izan ditzakeela. Azken batean intseminazio artifizialean hegazti arrak ez du esku hartzen, ez modu zuzenean behintzat, eta kontuan hartu behar da arraren gorteiatze-erakustaldia garrantzi handikoa dela hegazti hauetan. Hortaz, gorteiatze-erakustaldi horrek errutearen kalitatea baldintza dezakeela pentsatu zuten eta, ondorioz, espresuki diseinaturiko esperimentua egin zuten hipotesi hori egiaztatzeko. Bestalde, ezaguna zen gorteiatze-erakustaldiaren ikusgarritasunari eta “kalitateari” dagokionez desberdintasun handiak daudela arren artean, eta onartuta dago erakustaldiaren kalitatea arraren “kalitatearen” adierazle egokia dela. Beraz, arraren erakustaldiaren kalitatea izan zen diseinaturiko esperimentuan aztertutako aldagaietako bat.

Aski ezaguna da ama batek bere seme-alabei bideratzen dizkien baliabideen kantitateak eragin handia duela seme-alaben kopuruan edo kalitatean. Bestalde, amak ugalketan inbestitzen dituen baliabideak zenbait faktoreren mende daude, eta horien artean dago arraren erakargarritasuna. Zentzu handikoa da hori, aurrikuspen teorikoen arabera behintzat. Ugaltzea garestia denez, amek egiten duten ahalegina nonbait “egokituta” egon beharko luke ugaltzetik espero dezaketen etekinaren arabera. “Etekin” diogunean, ikuspuntu ebolutibotik ulertu behar dugu hori; hau da “arrakasta” edo “fitness” bezala ulertu behar dugu. Beste era batera esanda: ale berri asko edo kalitate handikoak lortzeko probabilitatea handia denean, zentzu handikoa da ahalegin handiagoa egitea. Aintzat hartu behar da, bestalde, ugaltze-aldi batean gastatzen diren baliabideak ez direla gelditzen hurrengo ugaltze-aldirako; hortaz, une batean gastatzen denak etorkizunean gastatu ahal izango dena baldintzatzen du.

Bestalde, arraren erakargarritasuna (kasu honetan gorteiatze-erakustaldiaren bitartez adierazten dena) geneen kalitatearen neurria adierazten duela onartu behar da; azken batean hori horrela izango ez balitz, erakustaldi horiek ez lukete inolako zentzurik izango. Hau da, eme batek ar erakargarria aukeratzen badu ar horrek arrakasta ebolutibo handiagoa eskain dezakeelako aukeratzen du. Horrela izango ez balitz, erakargarritasunak (eta beraz, erakustaldiak) ez luke beteko inolako zeregin biologikorik. Laburbilduz, onartu behar dugu erakargarritasuna kalitate genetikoaren adierazlea dela eta horregatik hautatu direla espeziearen eboluzioan zehar.

Kontu ezaguna da bikotekidearen erakargarritasunak ugaltze-jardueretara bideratzen diren baliabide-kantitatea baldintzatzen duela, baina horretan parte hartzen duten mekanismoak ez dira ezagutzen. Ar erakargarriekin parekatzen direnean, emeek arrautza gehiago erruten dute, testosterona gehiago bideratzen diete arrautzei, eta txita gehiago jaio eta aurrera ateratzen dira. Bestalde, arrautzan den androgenoen (testosterona eta aitzindariak) kantitateak txiten garapena baldintzatzen du, txitak jaio aurretik eta jaio ondoren. Baina, esan bezala, ezezaguna da mekanismoa.

Chlamydotis undulata-ren berreskuratze-programa testuinguru oso egokia da azaldutako ideia eta hipotesiak esperimentu bidez egiaztatzeko eta, gainera, lehen esan bezala, ondorio erabilgarriak atera daitezke esperimentuotatik. Eme ugaltzaileak hiru taldetan banatu zituzten. Lehen taldekoei kalitate handiko gorteiatze-erakustaldia egiten zuten arrak jarri zizkieten ikusgai; bigarren taldekoei, berriz, kalitate apaleko erakustaldia egiten zuten arrak jarri zizkieten; eta hirugarren taldekoei ez zieten basoilo arrik ikusteko aukerarik eman. Erakustaldian tente jartzen dituzte lepo eta buruko lumak, korrika aldiak ere egiten dituzte, eta soinu bereziak egiten dituzte arrek. Erakustaldien maiztasunak adierazten du gorteiatzearen kalitatea.

Emaitzek baieztatu egin zituzten esperimentuen hasierako hipotesiak. Kalitate handiko erakustaldiak ikusten zituzten emeek, baliabide gehiago bideratu zituzten arrautzetara. Arrautzak ernaltzeari dagokionez, arrakasta handiagoa izan zuten eme horiek; txitatzeak ere, emaitza hobeak izan zituen, txita gehiago jaio zirelako; garaiagoa izan zen eme horien arrautzen eta, gero, txiten testosterona-kontzentrazioa; eta txiten hazkunde-tasa ere handiagoa izan zen. Eta hori guztia gertatu zen ikusmen-kinada soilen ondorioz.

Interes handiko emaitzak izan ziren bi ikuspuntutik begiratuta. Batetik, ikuspuntu praktikoari dagokionez, argi dago badela zer hobetzerik intseminazio artifizialaren emaitzei begira, “kalitate handiko” arren erakustaldiak ikusten utzi behar baitzaizkie emeei ugal-sasoian. Eta ikuspuntu teorikoa ere garrantzi handikoa da, emaitza hauek baieztatu baitute espero daitekeen etekinaren arabera egokitzen dela ugal-ahalegina. Eta ez dugu ahaztu behar espero daitekeen etekin horren adierazlea, erakargarritasuna dela. Hortaz, hegazti batekin egin bada ere, nolabaiteko egonezina sortzen du lan honek, jokaera hau unibertsala izan daitekeela pentsatzen hasten bagara, nonbait.

Iturria: Adeline Loyau & Frédéric Lacroix (2010): “Watching sexy displays improves hatching success and offspring growth through maternal allocation” Proceedings of the Royal Society B, 277:3453-3460

2 iruzkin honentzako: Arraren erakargarritasunaren garrantzia

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>