Hartzen hibernazioaz berriro ere

Hartz beltza

Hartzek ez dutela hibernatzen idatzi genuen hemen aspaldian. Hibernatzen duten ugaztunak tamaina txikikoak direla idatzi genuen eta 5 kg baino masa handiagoko ugaztunei ez diela merezi. Hibernatzen duten ugaztunen gorputz-tenperatura izugarri jaisten da hibernatzerakoan eta zenbait kasutan, ingurune-tenperaturarekin parekatzera heltzen da. Metabolismo-tasa, egoera horretan, asko beheratzen da, eta oinarri-metabolismoaren %5-ra iristsi daiteke. Hartzen gorputz-tenperatura, berriz, ez da gehiegi beheratzen eta metabolismo-tasa apalagoa den arren, ez da ugaztun txikietan beste beheratzen (azalpen zehatza, hemen ikus daiteke).

Hartzak neguko hilabeteetan teknikoki hibernazioa esan ezin dakiokeen lozorro-egoeran sartzen direla esan genuen aspaldiko artikulu hartan, eta azaldu genuen, gainera, zergatik ez zuten jotzen ugaztun hibernatzaile txikiek jotzen duten hibernazio-mota berera.

Science zientzia-aldizkari ospetsuan argitaratu berria den lan batean, berriz, Ursus americanus hartz beltzen hibernazioa aztertu dute. Bai, hartz beltzen hibernazioa! Hala dio lanaren izenburuak. Egia esan, lan horretan ez da hibernazioaren eta lozorroaren arteko desberdintasun terminologikoari buruzko aipurik egiten, nahiz eta lana ugaztun handien hibernazioaren eta ugaztun txikien hibernazioaren ezaugarrien arteko desberdintasunaz aritu. Desberdintasun terminologikoan baino, desberdintasun fisiologikoetan zentratu dira ikerlariak. Lan horretan, izan ere, hartzen hibernazio-prozesua nola gertatzen den aztertzea zuten helburu, ikerlariek sarreran aitortu bezala, ugaztun txikien hibernazioaren ezaugarriak ondo ezagutu arren, muga teknikoek eraginda, ez omen zegoelako orain arte ugaztun handien epe luzeko monitorizazioa gauzatzeko modurik.

Amerikako hartz beltzarekin egindako ikerketa-lanari buruz ari gara: bost hartz beltz harrapatu zituzten eta egoera kontrolatupean eta lozorro-egoeran zeudelarik, O2 kontsumoa, gorputz-tenperatura, bihotz-, muskulu- eta garun-jarduerak monitorizatu zituzten lozorro-aldi osoan zehar eta esnatu ondorengo zenbait astetan zehar.

Honako emaitza hauek erdietsi zituzten: gorputzaren tenperatura ez da jaisten 30 ºC-en azpitik, eta 33 ºC-etako bataz besteko tenperaturaren inguruan aldatzen da. Bihotz-taupadaren maiztasuna 55 min-1-tik 9 min-1-tara iragaten da; hala ere, arritmia nabarmenak gertatzen dira bihotz-taupadan eta taupada gehienak arnas hartzeko mugimendurekin batera gertatzen dira. Esan beharra dago, bestalde, minutuko bi arnas hartze egiten dituztela, gutxi gorabehera. Noizean behin (egunean behin edo) mugitu egiten dira. Eta metabolismo-tasa, bataz beste, oinarri-metabolismoaren balioaren %50-ra beheratzen da, baina %75-ra ere jaitsi daiteke. Esnatu ondoren, hiru astetan zehar mantentzen da metabolismo-tasa balio apaletan, nahiz gorputz-tenperatura bere ohiko 36 ºC-etara itzuli den. Azkenik, eta ugaztun txikiak ez bezala, hartzak ez dira esnatzen lozorroan zehar.

Zenbait hilabetetan zehar ezer ere egin gabe (jan, edan, kaka egin eta txiza egin gabe) egon ostean eta metabolismo-tasa nabarmen jaitsi ostean, hartzek bizitza-funtzio guztiak berreskuratzen dituzte inolako arazorik gabe. Gainera, neguko hilabete horietan zehar ez dute masa gehiegi galtzen, ez muskuluetan ez eta hezurretan ere, eta aspaldiko beste artikulu batean ikusi genuen bezala, muskuluen funtzionalitatea ez da galtzen batere.

Baina inolako dudarik gabe, erdietsitako emaitzen artetik,  ikuspuntu fisiologiko batetik azpimarratzekoa da lozorro edo hibernazioan zeharreko bizitza-prozesu gehienen apaltze edo murrizte prozesua, ez dagoela loturik gorputz-tenperaturaren beherapenarekin. Ezagunak diren beste “beherapen metaboliko” guztiak gorputz-tenperaturaren jaitsiera handiekin batera gertatzen dira, baina hartzen kasuan txikiegia da tenperaturaren jaitsiera hori. Gainera, lozorro-egoera amaitu ostean berehala berreskuratzen dute ohiko gorputz-tenperatura, baina beste hiru astetan zehar mantentzen da oraindik metabolismo-tasa balio apaletan!

Neguko hilabeteetan zeharreko bi hartz beltzen gorputz- eta ingurumen-tenperaturen aldaketak (ezkerrean); bihotz-taupadaren eta arnas maiztasunaren ohiko aldaketak udan eta neguan (eskuman)

Aurkikuntza berria da hori, garrantzi handikoa gainera, eta adierazten du oinarri-metabolismoa ez dela tenperatura mantentzeko ezinbesteko tresna, fisiologikoki eraendutako ezaugarria baizik. Ez dakigu nola gertatzen den hori. Hibernazioari dagokion metabolismo-jardueraren beherapen horretan esku hartzen duten mekanismo molekularrak ezezagunak dira, eta datozen urteei begira, interes handiko ikerketa-esparrua izango da. Izan ere, garrantzi handikoa izango da prozesu horietan esku hartzen duten mekanismoak ondo ezagutzea, inplikazio klinikoak edo terapeutikoak izan baititzake hipometabolismo-egoerak kontrolatu ahal izatea.

Iturria: Øivind Tøien, John Blake, Dale M. Edgar, Dennis A. Grahn, H. Craig Heller, Brian M. Barnes (2011): “Hibernation in Black Bears: Independence of Metabolic Suppression from Body Temperature” Science 331: 906-909. DOI: 10.1126/science.1199435

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>