Intsektuen arnasketa etena

Romalea guttata

Intsektuak dira metabolismo-tasa garaienak dituzten animaliak; hau da, masa unitateko, ez dago oxigeno-bolumen handiagoa hartzen duen animaliarik. Bestalde, intsektuen arnas egiteko sistema oso berezia da. Trakea-sistema baten bidez heltzen da oxigenoa, zuzen, kanpo-atmosferatik zeluletara. Hortaz, ez dute birikarik, ez eta brankiarik ere, eta zirkulazio-sistema erabili barik barneratzen dute oxigenoa ehunetara. Trakeak hodiak dira, kanpo-kutikulako albo bietan diren poroetatik abiatzen diren hodiak. Hodi horiek, gero, adarkatuz doaz eta barrurantz doazen heinean trakeaskak gero eta ugariago eta gero eta meheagoak dira. Horrela iristen da oxigenoa zeluletara eta horrela irteten da karbono dioxidoa kanpo-atmosferara.

Kanpo-kutikulako poro edo zulotxo horiek espirakulu izena dute eta bakoitzak muskulu-balbula bat du; balbulen muskuluen menpe dago espirakulua itxita edo irekita egotea. Aukera horri esker arnaste mota desberdinak gerta daitezke. Arnasketa etena da mota horietako bat; hau da, intsektu espezie batzuek noizean behin utzi egiten diote arnas egiteari.

Ez dago argi jokaera horren arrazoia zein den. Orain arte, hiru azalpen proposatu dira eta hiruren arabera, arnasketa etenak moldatze-balioa du baina hipotesi bakoitzak interpretazio desberdina proposatzen du. Hipotesi zaharrenaren arabera, ura lurruntzea saihesten da espirakuluak ixten direnean eta beraz, ura aurrezteko moldapentzat hartu izan da arnas egiteari uztea. Bigarren hipotesiaren arabera, lurrazpiko inguruetan arnas egiteko moldapen bat da; hau da, jokaera hori garatu duten espezieek lurpean jarduteko gaitasuna dute. Eta hirugarren proposamenaren arabera, oxigenoak zeluletan sor dezakeen kalte oxidatiboa saihestea da arnasketa etetearen helburua.

Baina hainbeste dira arnasketa etena erakusten duten espezieak eta hain dira desberdinak espezie horien bizimoduak eta bizi diren medioak, ezen jokaera horren moldatze-balioari erreparatzea ez baitirudi oso zentzuzkoa denik, ez behintzat moldapen mota bakar bati erreparatzea. Hortaz, ezin bazter daiteke espezie bakoitza bizi den medioaren araberakoa izatea moldatze-balio hori, baina bestelako azalpenik ere egon daiteke.

Blaberus giganteus

Izan ere, arnasketa etena duten intsektuek ezaugarri bat dute komunean, ezaugarri bakarra: arnasketa eteten denean, garun-jarduera murriztuta dago edo ez dago inolako garun-jarduerarik.

Garun-ehuna, ezaguna den bezala, garestia da, oso garestia, metabolismo-gastu handia baitagokio organo horri. Hori dela eta, gastu hori mugatzeko bideak garatu dituzte animalia zenbaitek. Eta garuna handia bada edo epe luzeko energia-murrizpenak badaude, garrantzi handia izan dezake garunak dakarren gastua mugatzeak. Hortaz, garun-jarduera eteten edo murrizten duten intsektu gehienek garun handia dute edo, intsektu sozialen erreginek bezala, energia-behar handiak dituzte. Bada, horiexek dira, hain zuzen ere, arnasketa etena erakusten duten intsektuak.

Beraz, ba ote dago inolako loturarik garun-jardueraren kostuaren eta arnasketa etenaren artean? Bada, badirudi egon daitekeela. Ondoren azalduko dugu hipotesi hori.

Hasteko, kontuan hartu behar da muskuluak direla espirakuluak ixten eta zabaltzen dituztenak, eta muskulu horiek nerbio-sistemak eraentzen dituela. Beraz, arnasketa-funtzioa eta nerbio-sistemaren jarduera elkarri lotuta daude. Bestalde, garun-jarduerarik ez dagoenean edo garun-jarduera oso murriztua dagoenean, torax- eta errai-ganglioak dira animaliaren nerbio-kontrola hartzen duten organoak; baina organo horien jarduera-mota eta garunarena oso desberdinak dira. Garunak hartzen eta lantzen du zentzumen-hartzaileek bidaltzen duten informazio gehiena. Baina torax- edo errai-ganglioek desberdin jokatzen dute. Arnasketari dagokionez, garunaren jarduera eteten edo murrizten bada, torax edo errai-ganglioek ez dute jasaten inolako goi-kontrolik. Eta egoera horren pean, ganglio horien eredu-sortzaile zentralek hartzen dute eguraste-jardueraren kontrola. Kontrol hori ez bide da garunak ezartzen duena bezalakoa; ez da hura bezain fina. Eta hortik etor liteke arnasketa etena.

Beraz, hipotesi horren arabera, arnasketa etena ez litzateke izango moldapen bat garunaren jardueraren murrizpenaren ondorioa baizik. Egia da garunaren jardueraren murrizpen horrek energia aurrezteko balio duela eta hori balio handikoa dela, baina arnasketa etetea, testuinguru horretan, bigarren mailako ondorio bat izango litzateke. Hortaz, intsektuen “loaren” edo “garuna itzaltzearen” ondoriotzat hartu beharko litzateke arnasketa etetea. Horrela balitz, ez intsektuak ez lirateke izango lo egiterakoan arnas egiteari uzten dioten animalia bakarrak, itsas ugaztun zenbaitek gauza bera egiten baitute.

Iturria: Philip G. D. Matthews and Craig R. White (2011): “Discontinuous Gas Exchange in Insects: Is It All in Their Heads?” The American Naturalist 177 (1): 130-134

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>