Hibernatzeko malgutasuna

Cynomys leucurus

Beste zenbait artikulutan ikusi dugun bezala, hibernatzen duten ugaztun txikien neguko lozorroa eta hartzena oso desberdinak dira. Ugaztun txikiak hipotermia sakonean sartzen dira, metabolismo-tasa oso apala mantentzen dute eta noizean behin esnatu egiten dira denbora laburretan zehar. Hartzek, berriz, kasik ez dute beheratzen gorputz-tenperatura eta lozorroan zehar noizbehinka apur batez mugitzen badira ere, ez dira esnatzen lozorroa amaitu arte.

Hibernatzen duten edo hiberna dezaketen ugaztun txikien artean, baina, lozorro-jokaera desberdinak ikusi dira. Hibernatzeko jokaera desberdina dute, esaterako, Ipar Amerikan bizi diren Cynomis generoko belardietako bi marmotek. Hibernatzaile hertsia da horietako bat, buztan zuriko belardi-marmota (Cynomys leucurus), baina bestea, buztan beltzeko belardi-marmota (Cynomys ludovicianus), aukerako hibernatzailea baino ez da.

Ingurumen-egoeraren arabera hibernatzen du C. ludovicianus-ek. Udazkenean tenperatura jaisterakoan sar daiteke lozorro-egoeran baina soilik janaririk gabe geratzen bada hartzen du aukera hori; bestela ez. Gainera, bere lozorroa ez da C. leucurus-ena bezain sakona, oso desberdina baita. Hasteko, oso desberdina da bien esnatzeen arteko lozorro aldien kopurua; buztan zuriko marmotaren hibernazioan, bataz beste, 15 lozorro-aldi daude eta hiru bakarrik buztan beltzeko marmotarenean. Bestalde, 137 orduko iraupena dute lehenaren lozorro-aldiek, baina 30 ordukoak dira bigarrenarenak. Azkenik, C. leucurus-en gorputz-tenperatura minimoa 7 ºC-koa da eta 29 ºC-koa C. ludovicianus-ena.

Cynomys ludovicianus

Nahiz hibernatzeko moduak oso desberdinak dituzten bi espezieek, biek gainditzen dute oso ondo neguko sasoia. Muskulu-masa gutxi galtzen dute batak eta besteak neguan zehar, eta muskuluen ezaugarri funtzionalak oso gutxi aldatzen dira udazkenetik udaberrira. Hortaz, ikuspuntu horri dagokionez, gainontzeko hibernatzaileak bezalakoak dira bi belardi-marmota horiek eta beraz, ez dute zerikusirik ez erabiltzeagatik muskuluak atrofiatzen zaizkien ugaztunekin.

Bi belardi-marmota hauek arbaso komun bat dute eta, jatorriz, hibernatzaile hertsia zen arbaso hori. Ipar Amerikako lautadetatik duela hamar mila urte sakabanatu ziren bi espezieak. Isats beltzekoa toki beheetan bizi da, eta leku garaietan (1.500-3.000 m-tan) isats zurikoa. Toki garaietan, neguko hilabeteetan hotz handia egiten du eta ez dago janaririk edo oso gutxi dago; egoera horren pean zentzu handikoa da hibernazio hertsikoak izatea C. leucurus belardi-marmotak. Baina lautada horietako toki beheetan egoera ez da hain gogorra: tenperaturak ez dira hain apalak eta belardi-marmotek badute, noizean behin behintzat, jateko aukerarik. Hortaz, C. ludovicianus-ek aukerako hibernazioa garatu izanak zentzu handia du, malgutasun horri esker balia baititzakete noiz edo noiz gerta daitezkeen egoera faboragarriak.

Iturria: Clark J. Cotton y Henry J. Harlow (2010): “Avoidance of Skeletal Muscle Atrophy in Spontaneous and Facultative Hibernators” Physiological and Biochemical Zoology 83(3): 551–560.

 

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>