Hibernazio laburragoa hegoalderantz

Marmota monax

Hibernatzeko era desberdinak ikusi ditugu hemen, marmotena, urtxintxa marradunarena, hartzena, eta hibernazio-joakera desberdina duten genero bereko bi belardi-marmotena ere. Aldagarritasun fisiologiko handia dago, beraz, ugaztun hibernatzaileen artean. Bada, hibernazioari dagokion beste aldagarritasun mota bat ikusiko dugu oraingo honetan.

Marmota monax ugaztun karraskariak banapen geografiko zabala du, Alaskatik Estatu Batuetako hegoalderaino aurki baitaitezke espezie horren populazioak. Hain latitude-banapen zabala duenez, Marmota monax oso egokia suertatu da hibernazioa eta latitudearen arteko harremana aztertzeko. Hortaz, hiru populazioko aleak aztertu dituzte Amerikako Estatu Batuetako ekialdeko kostaldean, Maine (43º 42’ N), Pennsylvania (40º 22’ N) eta South Carolina (34º 40’ N) estatuetan hain justu.

Hibernazioa janari gutxiko eta tenperatura hotzetako sasoia gainditzeko moldapena dela kontuan hartzen badugu, iparraldeko marmotak lozorro-egoeran denbora luzeagoan egongo zirela itxaron zitekeen. Eta halaxe da. Iparraldeko marmotak hegoaldekoak baino lehenago hasten dira hibernatzen (urriaren 18an Mainen, azaroaren 14an Pennsylvanian eta abenduaren 12an South Carolinan) eta beranduago amaitzen dira (apirilaren 3an Mainen, martxoaren 1ean Pennsylvanian eta otsailaren 26an South Carolinan). Hortaz, hibernazio-aldiak 167, 107 eta 76 egun irauten du, hurrenez hurren, toki bakoitzean.

Bestalde, ezaguna denez, zenbait lozorro-alditan banatzen da hibernazio-aldia eta lozorro-aldi horien artean esnatze-aldi laburrak egoten dira. Bada, iparraldeko populazioetan, lozorro-aldi gehiago egoten dira hibernazioan eta gainera, lozorro-aldi horien iraupena ere luzeagoa da. Esnatze-aldien iraupena, berriz, alderantziz aldatzen da latitudearekin, denbora laburragoan egoten baitira esna iparraldeko marmotak.

Pentsatzekoa izango litzateke hibernatzen denbora laburrago egon diren marmotek masa gutxiago galduko zutela, baina ez, ez da halakorik gertatzen. Izan ere, hibernazio-aldian zehar marmota guztiek galtzen dute gorputz-masaren ehuneko berdintsua: herena gutxi gorabehera. Eta horren arrazoia sinplea da: hegoaldeko marmotek iparraldekoek baino gorputz-tenperatura garaiagoa mantentzen dute lozorro-aldietan zehar (5’3 ºC, 8’2 ºC eta 11’8 ºC dira hiru populazioetako marmoten gorputz-tenperatura minimoak); eta metabolismo-gastua tenperaturaren menpekoa denez, hegoaldeko marmotek iparraldekoek baino energia gehiago gastatzen dute lozorro-egoeran dauden bitartean.

Urtxintxa marradunaren hibernazioa aztertu genuenean ikusi genuenez, lozorro-egoerari dagokion metabolismo apala oso egokia da energia aurrezteko, baina metabolismo-maila horrek baditu kontrako nabarmenak ere, zeren oxidazio-estresa eta immunogaitasun apalagoa ere baitakartza. Beraz, hegoaldeko marmotek ez dute hainbeste energia aurrezten, baina seguru asko, bestelako onurak ateratzen dituzte gorputz-tenperatura horrenbeste ez beheratzetik. Azken batean, ez da ahaztu behar beranduago sartu eta lehenago ateratzen direla hibernatzetik eta horrek esan nahi du jaten ere lehenago has daitezkeela eta geroago bukatu. Eta biziraupenerako, hazkunderako eta ugalkuntzarako gakoa da jateko duten denbora (ikusi “Handitu diren marmotak”).

Ikusi dugunaren arabera argi dago hibernazioa oso jokaera malgua dela. Aurreko artikuluetan ikusi dugu hibernazio-jokaera desberdinak daudela taxonomia-talde desberdinetan. Honetan, berriz, espezie berean ikusi ditugu desberdintasunak. Malgutasun handiko jokaera fisiologikoa da, bai, hibernazioa; eta horixe da, hain zuzen ere, hibernazioari buruzko ekarpen-sorta honen ondorio nagusia.

 

Iturria: S. M. Zervanos, C. R. Maher, J. A. Waldvogel, and G. L. Florant (2010): “Latitudinal Differences in the Hibernation Characteristics of Woodchucks (Marmota monax)” Physiological and Biochemical Zoology 83 (1): 135–141

 

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>