Saguen lozorroa

Aurreko artikulu batean sagu martsupialioez aritu ginen hemen. Horiek ez dira egiazko saguak, baina itxura hori dute. Gaur, ordea, egiazko saguez arituko gara, sagu martsupialioak ez baitira lozorro-aldi txikietan sartzen diren ugaztun bakarrak. Halaxe da, sagu arruntak, Mus musculus domesticus zientzia-izeneko saguak, eguneko lozorroan sartzen baitira.

Ugaztun txikia da Mus musculus eta esnaturik dagoenean, jarduera-maila garaia, oso garaia garatzen du. Hortaz, txikia izatea eta jarduera garaia mantentzea batera gertatzen direnean, oso metabolismo-tasa altua gertatzen da, eta beraz, energia-behar handiak asetu beharko lirateke metabolismo-tasa altu horiek mantendu ahal izateko.

Mus musculus ez da sartzen lozorroan halabeharrez; egoeraren arabera egiten du. Ezaguna da, esaterako, lozorroan sartzen dela gauez janaririk gabe geratzen bada, edo kanpo-tenperatura gehiegi beheratzen bada. Bai egoera batean eta bai bestean, energia-balantze negatiboa gertatzeko arriskua dago. Baraurik egonik saguak ez du energia barneratzen eta energia aurrezteko bide egokia da lozorroa. Eta tenperatura gehiegi jaisten bada, energia gehiegi gastatu beharko luke tenperatura apaletan gertatzen den bero-galera konpentsatu ahal izaeko; hortaz, gorputz-tenperaturaren beherapenarekin batera gertatzen den metabolismo-tasaren jaitsiera da energia-balantzea mantentzeko modurik zuzenena.

Eta bada sagua lozorro-egoerara eraman dezakeen hirugarren eragile bat. Janaria lortu ahal izateko energia gehiegi gastatu behar denean ere lozorro-egoeran sartzen dira saguak. Ez hori bakarrik, horren araberakoak dira hipotermiaren neurria eta lozorro-egoeran saguak egoten diren ordu-kopurua ere. Hau da, ahalegin handia eta gastu handia egin behar dutenean, luzeago egoten dira saguak lozorro-egoeran, eta horrez gain, gehiago jaisten zaie gorputz-tenperatura.

Ezaugarri bitxia da, baina zentzu handikoa. Bitxia da, zeren ad libitum elikatuta dauden eta ingurumen-tenperatura egokipean dauden saguek ere lozorrora jo baitezakete; kontu berria da hori. Eta zentzu handikoa da, janaria bilatzen gastatu behar dutenaren zati bat aurrez baitezakete lozorroaren bitartez.

Malgutasun fisiologiko handiko estrategia baten erakusle argia da azaldutako jokaera. Izan ere, energia-balantzea mantentzeko edo hobetzeko jokaera emankorrak dira lozorro-aldiak. Hortaz, hasiera batean hibernazioak eta lozorro-egoerak oro har salbuespeneko jokaeratzat hartzen baziren ere, gero eta ugaztun gehiagori buruz dakigu lozorroan sartzen direla. Eta horrek, berehala iradokitzen du galdera bat: lozorro-egoera ez ote da egongo ugaztun guztien eskura?

 

Iturria: Kristin A. Schubert, Ate S. Boerema, Lobke M. Vaanholt, Sietse F. de Boer, Arjen M. Strijkstra y Serge Daan (2009): “Daily torpor in mice: high foraging costs trigger energy-saving hypothermia” Biology Letters 6: 132–135

 

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>