Himalaiaren gainetik

Anser indicus

Behin baino gehiagotan aritu gara hemen oso toki garaietara igotzen diren hegaztiei buruz. Bi mila metrotik gora aire gutxiago dagoela nabari da; izan ere, aire-dentsitatea beheratuz doa garaiera handitzen den heinean. Eta aire-dentsitatea beheratzen bada, jaitsi egiten da oxigeno-eskuragarritasuna ere. Hortaz, mendi garaienetan oso oxigeno gutxi dago, itsasoaren parean baino askoz gutxiago; izan ere, itsas mailan dagoen oxigenoaren erdia dago 5.000 m-tan.

Ugaztun gehienok gaizki pasatzen dugu toki altuetan; itotze-sentsazioa dugu moldatu edo ohitu ez bagara, eta bost mila metrotik gora ez da gizakiarik bizi. Hegaztiek, berriz, ez dute aparteko arazorik. Saguak zerraldo erortzen dira 6.000 m-tan, baina etxetxoriak arazorik gabe egon daitezke toki garai horietan. Eta askoz ere garaiera handiagoetan ikusi dira zenbait hegazti hegan egiten. Izan ere, hegazti guztiek dute oxigenoa hartzeko erraztasun handia, oso birika eraginkorra baitute. Gainera, hemoglobina berezia izaten dute mendi garaienen gainetik hegan egiten dutenek.

Hala ere, gauza bat da toki garai horietan arnas egin ahal izatea, eta beste gauza bat, oso bestelakoa, haraino igo ahal izatea; hain toki garaietaraino iritsi ahal izatea. Azken batean, igotzeak, hau da, grabitatearen indarraren aurka egiteak, ahalegin handia eskatzen du beti. Eta are handiagoa da ahalegina aire-dentsitatea baxua den atmosfera batean. Kontuan hartu behar da airea bera dela hegan egiten duten animalien euskarria. Izan ere, airerik gabe hegaztiek ezin izango lukete hegan egin. Hortaz, aire-dentsitatea apalegia bada, askoz ere zailagoa da hegan egitea. Garrantzi handikoak dira eragile horiek hegazti batek mendikate altu baten gainetik igaro behar duenean. Nola lor dezakete, orduan, migratzen dutenean, Himalaia zeharkatzen duten hegaztiek mendikatearen gainetik igarotea?

Antzara indiarra da Himalaia zeharkatzen duen hegazti horietako bat. Neguan Indian bizi da, itsas mailan, baina udaberrian iparralderantz abiatzen da, udan Asiako erdialdean ugaltzen baita. Oso gogorra da Indiatik Asiako erdialdera joateko egin behar duen bidaia. Himalaia zeharkatu behar du, eta iraganbide gehienak 5.000 m-tik gora daude. Hortaz, itsas-mailan den oxigeno-eskuragarritasunaren erdia dago iraganbide horietan. Eta hori gutxi balitz, aire-dentsitatea hain da apala, hegaz egitearen kostua %30 altuagoa baita han goian itsas mailan baino.

Antzararen ibilbideak

Duela gutxi, eta satelite bidezko telemetria erabiliz, zenbait antzararen bidaiak monitorizatu dituzte eta datu harrigarriak eskuratu. Datu horien arabera, 8 ordu behar dute, gutxi gorabehera, Himalaia zeharkatzeko. Horrek esan nahi du 50-60 km/h-ko abiaduran egiten dutela hegan goratzerakoan. Orduko 1’1 km-ko altuera gainditzen dute. Harrigarria bada ere, ez dute baliatzen goranzko aire-korronterik gora joateko, haizerik ez dabilen egun eta gaueko eta goiz-goizeko orduak aukeratzen baitituzte igoerari ekiteko. Horrela, ekaitzak sahiesten dituzte eta aerodinamikaren kontrol hertsiagoa egin dezakete. Errazagoa da lana Mongoliatik itzultzen direnean: 4’5 h-koa da zeharkatzearen iraupena.

Hain ahalegin handia ahalbidetzen dituen moldapen bereziak ditu antzara indiarrak. Bere muskulu eta gainontzeko ehunetara odol asko heltzen da, kapilar-dentsitatea oso garaia delako eta gainera, kapilarrak era uniformean kokatuta daudelako. Muskulu-ehunen mitokondrio-dentsitatea ere altua da eta antzeko hegaztiek baino muskulu-zuntz oxidatibo gehiago ditu. Hau da, antzara honetan altuagoa da nekatzen ez diren edo oso astiro nekatzen diren muskuluen proportzioa. Bestalde, hemoglobina oso eraginkorra da oxigenoa zamatzen. Eta antzekoak diren hegaztienak baino handiagoak ditu birikak ere; gainera, eguraspen-tasa atseden-egoerari dagokiona baino zazpi bider handiagoa izan daiteke egoera hipoxikoan dagoenean. Beraz, ikusi ahal izan dugunez, oso ezaugarri fisiologiko bereziak dira horiek, aurre egin behar dion erronkaren gogortasuna bezain berezia seguru aski ere.

 

Iturria: L. A. Hawkes, S. Balachandran, N. Batbayar, P. J. Butler, P. B. Frappell, W. K. Milsom, N. Tseveenmyadag, S. H. Newman, G. R. Scott, P. Sathiyaselvam, J. Y. Takekawa, M. Wikelski, and C. M. Bishop (2011): β€œThe trans-Himalayan flights of bar-headed geese (Anser indicus)” PNAS 108 (23): 9516-9519.

 

Iruzkin bat honentzako: Himalaiaren gainetik

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>