Elur-oreinaren ikusmen-esparru zabala

Luzera oso laburreko uhin elektromagnetikoak somatzeko ahalmena du elur-oreinak (Rangifer tarandus); hau da, kolore moreari ddagokiona baino luzera laburragoko “argia” ikus dezake. Elur-oreina ez da ugaztunen artean  horrelako gaitasuna duen espezie ezagun bakarra; esate baterako, sagu, arratoi, saguzar eta martsupialio zenbaitek ere badute ahalmen hori, baina desberdina da elur-oreinaren kasua. Izan ere, argirik gabeko edo oso argi gutxiko inguruetan bizi ohi dira lehen aipatu ditudan ugaztun horiek (fotofobikoak direla esan daiteke), baina elur-oreinak, argi-orduetan dira aktiboak. Hori dela eta, interes handikoa iruditu zaigu duela gutxi ezagutu dugun elur-oreinaren ikusmen-gaitasun hori. Baina elur-oreinaz aritu baino lehen, koloreen ikusmenei buzuko azalpen bat eman behar dugu ezinbestez.

Koloreak ez dira existitzen naturan. Naturan uhin elektromagnetikoak daude, frekuentzia askotakoak; euren artean ez dago mugarik. Izan ere, animalia zenbaiten ikusmen-sistemak dira koloreak sortzen dituztenak. Ikusmen-sistemek ikusmen-pigmentu izeneko molekula fotohartzaileak dituzte; zenbait uhin elektromagnetiko molekula horietara heltzen direnean, pigmentuok kitzikatu egiten dira eta euren konformazioa aldatzen da. Horren ondorioz, fotopigmentuak dituzten zelulen mintzen potentzial elektrikoak aldatu egiten dira, eta horrelaxe hasten da ikusmen-informazioa sortzeko eta garunera bidaltzeko prozesua.

Ezaguna denez, oso zabala da uhin elektromagnetikoen maiztasunen esparrua, baina animaliek esparru horren tarte jakin bateko uhinak baino ez dituzte hautematen. Eta bestalde, animalia denek ez dituzte somatzen tarte bereko uhinak, euren ikusmen-pigmentuen ezaugarrien araberakoa baita espezie bakoitzak duen uhin batzuk edo besteak hautemateko gaitasuna. Pigmentu bakoitzak luzera jakin bateko uhinak xurgatzen ditu eraginkortasun handiz; eta eraginkortasun hori jaitsi egiten da uhin-luzera balio horretatik gora edo behera doan neurrian. Hortaz, frekuentzien tarte jakin batetik kanpo, pigmentuek ez dute hautematen uhin elektromagnetikorik. Gainera, animalia zenbaitek pigmentu-molekula bat baino gehiago dute euren ikusmen-sisteman, eta molekula bakoitzak ezaugarri desberdinak dituenez, maiztasun desberdineko uhinak har ditzake. Horrelaxe sortzen dituzte koloreak animalien ikusmen-sistemek.

Gizakiok bi zelula fotohartzaile mota ditugu, konoak eta bastoiak. Bastoietan pigmentu bakarra dago eta bereziki egokiak dira argi-intentsitate apaletan ere kitzikatuak izateko. Hiru kono mota ditugu, bestalde, ikusmen-pigmentu banarekin, eta bakoitzak uhin-luzeren tarte jakin batean xurgatzen ditu uhinak. Batek urdin koloreari dagokion 400-500 µm-tako tartean (430 µm-tan altuena) xurgatzen du; beste batek, berdeari dagokion 450-630 µm-takoan (545 µm-tan altuena); eta hirugarrenak, hori-gorrixkari dagokion 500-700 µm-takoan (570 µm-tan altuena). Jakina, fotohartzaileei iristen zaizkien uhin elektromagnetikoen luzerak esparru ikusgarri osoari dagozkio, eta intentsitate desberdinekoak dira, baina uhin-luzeren esparru jakin batekoek baino ez dute kitzikatzen modu optimoan edo eraginkorreneanpigmentu mota bakoitza. Gero, garunak, fotohartzaile-mota bakoitzak bidaltzen dizkion seinaleak jasotzen dituenean, intentsitate desberdineko koloreak bezala interpretatzen ditu seinaleok.

Animalia askok pigmentu bakarra dute eta, beraz, ez dute bereizten frekuentzia desberdinen araberako uhinik; ez dute kolorerik bereizten, hortaz. Beste batzuek, berriz, fotopigmentu bat baino gehiago dute, maiztasun desberdineko uhinek kitzikatuak direnak; beraz, koloreak bereizten dituzte. Baina fotopigmentuen ezaugarriak desberdinak dira eta aukera asko daude animalien artean. Intsektu askok, esaterako, ultramoreari dagozkion uhin-luzerak jaso ditzaketen berezko fotohartzaileak dituzte; guk ez dugu horrelako pigmenturik eta hori dela-eta, morearen uhin-luzera baino laburragoko luzerarik duen uhinik ezin soma dezakegu. Izpi ultramoreak ezin ditugu ikusi, eta horixe da arruntena ugaztunetan.

Baina hasieran esan dugun bezala, bada salbuespenik. Elur-oreinarena dugu ezagutu izan den azkena. Dirudienez, uhin-luzera laburrak hartu ahal izateko, elur-oreinen fotohartzaileek ez dute erabiltzen fotopigmentu berezirik. Beraz, gaitasun hori ez dagokio intsektuek duten mekanismo berdinari edo antzekoari. Izatez, beste ungulatuek dituzten ikusmen-pigmentu berdintsuak dituzte elur-oreinek, baina urdin-moreari dagozkion uhin-luzeren argia hartzen duen fotopigmentuak oso luzera laburreko uhinak har ditzake. Dirudienez, argi moreak eta ultramorearen tarteko zati batek ere (moretik hurbilen dagoen zatiak) kitzikatua da elur-oreinen bastoien pigmentua.

Latitude garaietan oso ugaria da argi ultramorearen proportzioa. Poloetatik hurbil diren aldeetan, atmosferaren zati handiagoa zeharkatu behar dute eguzki-izpiek lurra ikutu aurretik, eta horrek, argiaren barreiatze[1] handia dakar. Barreiatze hori uhin-luzeraren menpekoa da, eta handiagoa da ultramorearen aldean gizakiontzat ikusgarria den tartean baino. Hori dela eta, Arktikoan dagoen irradiazioaren zati handiena, barreiatzearen ondorioz gertatzen den irradiazio lauso hori da. Gainera, % 80ra irits daiteke izotzak eta elurrak islatzen duen argi ultramorea, eta hori neurri handiagoan gertatzen da neguaren bukaeran eta udaberrian, lurra elurrez guztiz estalita dagoenean eta egunen luzera azkar handitzen ari denean. Bestalde, neguaren erdiko egunetan, -eguzkia zerumugaren azpitik dagoenean-, eta udaberriko eta udazkeneko egunsenti zein ilunabarrean dagoen argi bakarra, barreiaturikoa da, eta irradiazio horretan, esan bezala, ultramorea da nagusi. Baldintza horien pean, beraz, ultramorea eta ultramoretik hurbil dagoen irradiazioa oso garrantzitsua da.

Hortaz, elur-oreinarentzat garrantzi handikoa da ultramoretik hurbil dagoen argia ikusi ahal izatea. Batetik, garrantzi handiko janari-iturria dituen Cladonia generoko likenek, neurri handiagoan xurgatzen dute irradiazio ultramorea beste uhin-luzeretako irradiazioa baino; horri esker, elur-oreinak oso ondo bereiz ditzake liken horiek argi-intentsitatea apala den egoeretan. Eta bestetik, otso zuriaren ilajeak oso neurri txikian islatzen du argi ultramorea; eta beraz, elur-oreinak erraz ikus dezake bere harrapari nagusia. Argiak dira, beraz, ultramoreari dagozkion eta ultramoretik hurbil dauden uhin-luzera laburreko irradiazioa ikustearen aldekoak.

 

Iturria: Christopher Hogg, Magella Neveu, Karl-Arne Stokkan, Lars Folkow, Phillippa Cottrill, Ronald Douglas, David M. Hunt & Glen Jeffery (2011): “Arctic reindeer extend their visual range into the ultraviolet” The Journal of Experimental Biology 214: 2014-2019


[1] Gertaera horri atmosfera-barreiatzea edo Rayleigh-en barreiatzea deitzen zaio eta zerua urdin ikusteko arrazoia da

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>