Sator biluziak ez du minik hautematen

Sator biluziak (Heterocephalus glaber) ez omen dira azidoarekiko kalteberak; hau da, hanketara azido-tantak botatzeak ez die minik eragiten; saguekin gauza bera eginez gero, azken hauek berehala batzen dituzte kaltetutako hanka eta “erasotako” aldea miazkatzen hasten dira. Saguei eragindako mina, gizakiaren kasurako zauri batean limoi-zukuaren tanta batzuk botatzean eragindakoaren antzekoa dela esan daiteke.

Science aldizkari ospetsuan argitaratua izan den artikulu batean ezagutzera eman dute sator biluziaren ezaugarri berri bitxi hori. Hori ez baita sator horri buruz ezagutzen dugun lehen kontu bitxia. Izan ere, ugaztunik arraroena modura aurkeztu genuen Afrikako zenbait herrialdetan baino bizi ez den sator biluzia aspaldiko sarrera batean. Azaldu genituen orduan arraroena deitzeko arrazoiak, baina labur esanda, hurrengoak ziren: ez du ilerik, erleen antzeko jokaera soziala agertzen du eta antzeko tamainako karraskarien aldean askoz ere urte gehiago irauten du bizirik, eta hala ere ez du minbizirik garatzen! Gainera, ez du gorputzeko tenperatura erregulatzen; hala ere, tenperatura nahiko konstante manten dezake 30 oC inguruan, horixe baita gutxi gorabehera bizi den lurpeko zuloetako ohiko tenperatura.

Animaliek mina sumatzen dute (dugu), nozizeptore izenez ezagutzen diren nerbio-zelula hartzaileek kinada “mingarria” jaso dutenaren seinalea garunean prozesatzen denean. Beraz, sator biluziaren kasurako azidoarekiko kalteberatasun eza azaltzeko ikertzaileei bururatu zitzaien lehen hipotesia honako hau izan zen: azidoak ez die minik eragiten ez dutelako kinada edo seinale hori jasotzeko hartzaile egokirik. Ez ba, ez da hori benetako arrazoia, sator biluzien eta saguen nozizeptoreek berdin-berdin, primeran jasotzen dute inguruko azidotasunari buruzko informazioa; azidotasuna protoi-kontzentrazioaren araberakoa da, eta protoi -kontzentrazioaren igoerak erantzun berbera eragiten du mota horretako informazioa jasotzen duten zelula hartzaileetan, biak baino biak despolarizatu egiten baitira kinada azidoaren aurrean. Orduan, nolatan suertatzen da kinada hori mingarria saguentzat eta ez sator biluzientzat?  Galdera horren erantzuna  da izan ere 2011ko abenduan Science aldizkarian argitaratu dena.

Animaliek dituzten nozizeptoreek seinale kaltegarriak edo mingarriak jasotzen dituztenean, beste edozein zentzumen motari buruzko informazioa bezala, nerbio-bulkaden bidez helarazten zaizkie nerbio-sistemaren kontrol nagusia duen garunari. Nerbio-bulkadak seinale elektrikoak dira, azkar hedatzen eta transmititzen direnak neuronen artean. Nerbio-bulkadak eragiteko eta hedatzeko funtsezkoak dira tentsio menpekoak diren kanal ionikoak, batzuk sodio ioiarekiko espezifikoak direnak eta beste batzuk potasioarekiko espezifikoak direnak, azken finean bi ioi horien zelula-mintzean zeharreko fluxuek eragiten baitituzte nerbio-bulkadaren oinarrian dauden zelula-mintzaren polaritate-aldaketak. Hain zuzen ere, nozizeptoreetan edo edozein beste zelula hartzailetan kinada bat jasotzen denean, zelula hartzaileetan gertatutako polaritate-aldaketen arabera eragindako nerbio-bulkaden maiztasunaren bidez helarazten zaio garunari kinadaren intentsitateari buruzko informazioa. Hortaz, saguen kasurako inguruko protoi-kontzentrazioaren emendioak nozizeptorean despolarizazioa eragiten du, eta despolarizazio horrek nerbio-bulkadak sortzen ditu; nerbio-bulkada horiek kinada kaltegarriari buruzko informazioa helarazten diote garunari, eta garunak martxan jartzen ditu kinada kaltegarritik babesteko mekanismoak: lehenago aipatu dugun esperimentuaren kasuan kinada hankan jaso bada, hanka altxa eta ahora hurbiltzea, miazkatuz azidotasuna murrizteko.

Sator biluzien kasuan ere nozizeptoreak despolarizatu egiten dira azidotasunaren eraginez, baina informazio hori ez da nerbio-sistema zentralerantz bideratzen. Beste modu batera esateko, jaso egiten da kinadari buruzko informazioa, baina ez zaio “inori” horren berri ematen, bertan gelditzen da, inora transferitu gabe. Zergatik? Sator biluzien kasuan minari buruzko informazioa jasotzen duten neuronek dituzten tentsio menpeko sodio kanalek (Nav1.7 izenekoak ugaztun gehienetan) badutelako beste animalia gehienenekin erkatuz aldaketa txiki bat kanala osatzen duen proteina osatzeko erabilitako aminoazidoen sekuentzian. Hiru aminoazidoren aldaketa txikia nahikoa da sator biluziaren sodio kanal horiek ezaugarri desberdinak izan ditzaten. Izan ere, horrelako sodio kanal bereziak blokeatu egiten dira azidotasuna eragiten duten protoien eraginez, eta horrexegatik ez da prozesatzen azidotasunari buruzko informazioa. Azidotasunak kinatzen du nozizeptorea, baina kinadak berak oztopatzen du seinaleari buruzko informazioa nerbio-sistema zentralerantz bidaltzea. Azidotasunak, edo gauza bera den protoi-kontzentrazio altuek, dentistek erabiltzen dituzten substantzia analgesikoen antzera jokatzen dute hortaz,  minari buruzko informazioaren transmisioa oztopatuz, baina sodio-kanal guztiak blokeatu beharrean, soilik blokeatzen dituzte nozizeptoreetako sodio kanal berezi hauek.

Zergatik baina, agertzen dute sator biluziek txikia baina garrantzi handikoa den mutazio hori tentsio menpeko sodio kanaletan? Ikertzaileen ustez, moldatze-balioa duelako. Sator biluzien ohiko bizilekuetan, lurpeko zuloetan, oxigenoaren kontzentrazioa ohikoa baino baxuagoa izaten da, eta CO2arena ohikoa baino askoz altuagoa, %10era ere iritsi daiteke eta[i]. Horrelako baldintzetan, ingurua azidoagoa bihurtzen da eta baita animalien zelulen ingurua ere. Berez, egoera horrek etengabeko mina eta deseroso egotea eragingo lieke horrela bizi diren animaliei; esaterako, ehunetako hantura dagoenean, zelulen inguruan metatzen diren substantzia azidoek mina eragiten dute kaltetutako ehunetan, nozizeptoreek azidotasunari buruzko informazioa jaso eta zerebrora bidaltzen dutelako. Horrexegatik da mingarria erreuma adibidez.

Hortaz, sator biluzien kasurako ohikoa izan daitekeenez zelulen ingurua azidoa izatea, animalien inguruko karbono dioxidoaren kontzentrazio altuek eraginda, uste da noizbait mutazio baten ondorioz gertatu zen Nav1.7 kanalen protoien bidezko blokeoa abantailatsua suertatu zela, eta beraz denborarekin ezaugarri hori egonkortu eta nagusitu egin zela sator biluzietan, haien estres maila jaistea ekarri zuelako. Hipotesi honen alde dago mutazio bera aurkitu izana kobazuloetan pilatuta bizi diren Myotis lucifugus espezieko saguzarretan, baina ez ordea arboletan pilatzen diren Pteropus vampirus saguzarretan. Dirudienez, ohiko bizilekuaren azidotasun mailarekin dago lotuta ezaugarri hau, eboluzioan zehar erlaziorik ez duten baina CO2 kontzentrazio altuak sarri jasan behar dituzten bi espezietan finkatu baita.

Honetan ere benetan bitxia sator biluzia! Lehenik ere bazegoen aztertzeko interes handia, minbizirik ez garatzeak biomedikuntzan izan ditzakeen aplikazioak direla eta, baina aurkitu berria den minik ez sumatzeko gaitasun honek ere sekulako jakin gura piztu du, min kronikoaren tratamenduetan aurrera egiteko ate berriak ireki baititu.

Iturria: E. S. J. Smith, D. Omerbasic, S. G. Lechner, G. Anirudhan, L. Lapatsina, G. R. Lewin. The Molecular Basis of Acid Insensitivity in the African Naked Mole-Rat. Science, 2011; 334 (6062): 1557 DOI: 10.1126/science.1213760


[i] Airearen ohiko CO2 kontzentrazioa ez da %0.04ra iristen, eta % 8-10eko kontzentraziopean gizakiak konortea galtzen du 5-10 minutuko epean.

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>