Hegalari kaskar, urpekari aparta

Phalacrocorax verrucosus

Ubarroiak oso urpekari onak dira. Itsasadar edo kostalde-inguruetatik gabiltzanean askotan ikusten ditugu, ur-azalaren gainean, urperatzen edo bateletan ipinita. Urperatzen direnean, luzaroan egon daitezke ur azpian, eta urperatu diren tokitik urrun ager daitezke azaleratzen direnean. Ubarroien artean urpean bost minutu egotera hel daitezke urpekari onenak.

Urpekari onak bai, baina hegalari kaskarrak dira ubarroiak. Beste itsas hegaztiekin erkatuz gero, masa handikoak dira (handienak 4 kg-koak) eta beraz, ez da arraroa hegalari kaskarrak izatea, hegan egiteko behar den potentzia arinago igotzen baita masarekin potentzia hori sortzeko ahalmena baino. Eta gainera, hegal laburrak dituzte. Hori dela eta, hegan egin ahal izateko hegoak astindu egin behar dituzte, gogor astindu ere. Baina ubarroien hegaz egiteko muskuluak txikiak dira hegan egiten duten beste hegaztiekin erkatzen baditugu. Hortaz, hegan egiten dutenean egin behar duten lana hain da handia, sor dezaketen muskulu-potentzia gorena erabili behar izaten baitute. Hori horrela, gehienetan ez dituzte egiten hegaldi oso luzeak; izan ere, minutu eta erdikoa da hegaldien bataz besteko iraupena (1 km), eta nekez heltzen dira 10 minutukoak egitera. Egun oso batean hegan egiten dute denbora osoa batuta ere ez da iristen ordu erdira.

Baina, lehen esan bezala, oso urpekari onak dira. Batetik, urpean ibiltzeko behar den oxigenoa gordetzeko ahalmen handia dute, eta ahalmen hori oxigeno-kontsumoa baino arinago igotzen da masarekin. Horri esker luze egon daitezke urpean, eta animalia handiak txikiak baino luzaroago egon daitezke. Bestalde, hegal txikiak hegan egiteko txarrak badira ere, urperatzeko oso egokiak dira, zeren flotatzeko joera txikiagoa dute eta erresistentzia txikia kontrajartzen diote urperatzeari. Eta azkenik, handiak dira haien hanketako muskuluak (gorputz-masaren %12-10) eta muskulu horiexek dira urperatzeko erabiltzen dituztenak. Argi dago, beraz, ezaugarri anatomiko guztiak urperatzeko ezin egokiagoak direla.

Istorio honi amaiera emateko, pasadizo bat ekarriko dugu hona, Ekialdeko herrietatik hain justu. Hain dira ubarroiak urpekari onak, Txinan, Japonian eta beste zenbait tokitan arrantza egiteko erabiltzen baitituzte. Bateletan daramatzate, larruzko soka batek lepoa inguratzen diela; estu jartzen diete soka, baina ez itotzeko beste. Uretara botatzen dituzte eta arrain bat harrapatzen dutenean azaleratu egiten dira, baina arraina irentsi ezin eta bota behar dute; arrantzalea geratzen da arrainarekin.

Iturria: Yuuki Y. Watanabe, Akinori Takahashi, Katsufumi Sato, Morgane Viviant eta Charles-André Bost (2011): “Poor flight performance in deep-diving cormorants” The Journal of Experimental Biology 214: 412-421 (doi:10.1242/jeb.050161)

 

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>