Fruta-eulien larben botika

Bizirik irauteko mozkortu. Hala jokatzen omen dute frutaren euliaren larbek, otsailaren 16an Current Biology aldizkarian argitaratutako ikerketa-lan batek dioenez.  Fruta, banana bat esaterako, luzaroan babestu gabe utziz gero, belzten hasitako frutaren aldeen gainean agertzen diren ar zuri txikiak dira frutaren euliaren larbak. Larba horiek ez dute zuzenean fruta baliatzen, bertan hazten diren legamiak baizik.

Kontua da frutaren euliaren larba horiek badutela etsai hilgarri bat, ankerra benetan: liztor parasito txiki bat dugu, bere arrautzak eulien larbaren barruan erruten dituena. Behin arrautzatik atera ondoren, jaioberriak diren  liztor ñimiñoak larba bizia barrutik janez elikatzen dira eta hantxe doaz garatzen; ez dute ostalaria uzten, hilzorian utzi ere, helduaren tamaina lortzen duten arte.  Inork sekula nahiko ez lukeen parasito horietakoa dugu liztor txikia, beraz. Fruta-euliek ere nahi ez dute nahiko, baina sarritan  jasan behar izaten dituzte liztor isilen jarduera zitala.  Antza denez, baina, babes-modu berezi bat ere aurkitu dute: mozkortzea. Eulien larbak jaten dituzten legamiek andeatzen dauden fruten azukreak hartzitu egiten dituzte, eta prozesu horretan alkohola ekoizten da. Substantzia toxikoa, kaltegarria da etanola izaki askorentzat; ez ostera eulien larbentzat, oso azkar detoxifikatzen duten entzimak baitituzte.

Eulientzako alkoholak duen eragin babesgarria aztertu duten Emory Unibertsitateko ikertzaileek egindako esperimentuetan, eulien larbak bi janari motaren gainean jarri zituzten, alkoholik gabeko janariaren gainean batzuk eta % 6ko alkohol kontzentrazioa zeukan janariaren gainean besteak; liztorren errutaldia % 60an murriztu zen talde alkoholikoan. Gainera, larba alkoholikoetan hazitako liztorren % 65 hil egin ziren.

Behin alkoholaren eragin babesgarria ezarrita, erabakitzeko zegoen oraindik  euliaren larbak infekzioa sumatzen dutenean, alkohola hartzen ote duten ala ez. Auzia argitzeko, hurrengo esperimentu dotorea prestatu zuten ikertzaileek: ontzi berean bi janari motak jarri zituzten, alde banatan, eta larba osasuntsuak sartu zituzten lehenengo. Hurrengo egunean alkohola zeukan janariaren gainean larben % 30 zegoela behatu zuten. Esperimentu bera infektaturiko larbekin egin zutenean, ordea, larben % 80  zegoen biharamunean “tabernan”. Beraz, euliak alkohola liztorren aurkako botika modura erabiltzen ari zirela ondorioztatu zuten.

Kontuan hartuta naturan ohiko substantzia dela, euliez gain baliteke beste zenbait espeziek ere alkohola automedikatzeko erabiltzea!

Iturria: Neil F. Milan, Balint Z. Kacsoh, Todd A. Schlenke. (2012). Alcohol Consumption as Self-Medication against Blood-Borne Parasites in the Fruit Fly. Current Biology doi: 10.1016/j.cub.2012.01.045

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>