Larrapoteek ikasi egiten dute izurria egiten

“Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Luzatu eskua Egiptoren gain, larrapoteak etor daitezen eta kazkabarrak jo gabe utzi zituen landareak eta gainerako guztia jan ditzaten».

Luzatu zuen Moisesek makila Egiptoren gain eta, Jaunak eraginik, ekialdeko haizeak jo zuen lurraldean egun osoan eta gau osoan. Biharamun goizerako, ekialdeko haizeak larrapoteak ekarriak zituen. Hauek lurralde osoa bete zuten. Egun hartan bezainbateko larrapote-mordorik ez zen lehenago izan, ez eta geroan izango ere,  lurra ezin ikusteraino estali baitzuten. Kazkabarraren ondoren gelditu ziren landareak eta zuhaitzetako emaitzak irentsi zituzten. Ez zen berdegunerik gelditu Egipto osoan, ez belardietan, ez zuhaitzetan.”

[Irteera 10,1-20 Zortzigarren izurria: larrapoteak; 12. & 13. Bersetak]

Aski ezaguna da Bibliako “Irteera” liburuko larrapoteen izurritearen pasartea. Jakina, hor kontatzen dena gertaera mitikoa da, baina askotan gertatu dira holako izurri handiak historian zehar. Areago, izurrite horiek ez dira iraganeko kontu soilak. Izan ere, 1987an eta 1989an gertatu ziren Afrikako iparraldean gogoratzen diren larrapoteen izurrite larrienak. Eta hona ekarri nahi izan dugu larrapoteen kontu hori, animalia horien biologia bereziari buruzko aurkikuntza interesgarriak egin direlako azken aldi honetan.

Kalterik egiten ez duten matxinsaltoak izan daitezke larrapoteak. Berdeskak dira; ez dute aparteko ezaugarririk eta gauez bakarrik egiten dute hegan. Iraupen laburreko eurien ondoren belardi txikietan batzuk batzen direnean eta euren dentsitatea atari-maila jakin batetik gora iragaten denean, ordura arte inolako kalterik egin ez duten animaliek multzotze-jokaera hartzen dute eta apurka-apurka, talde erraldoiak osatzen dituzte. Modu izugarrian biderkatzen dira eta gorputzaren kolorea eta itxura aldatuz doaz belaunaldiz belaunaldi. Milioika ale batzen dira eta hodeien moduko itxura eta tamaina hartzen dute larrapote-multzoek. Gainera, mugikortasun handia erakusten dute, euren jatorrizko lekutik milaka kilometrora urrun baitaitezke janari bila. Bestalde, jatun handiak dira multzo horiek; izan ere, 2.500 gizabanakok edo 10 elefantek egun bakar batean jaten dutena jaten du larrapote horien “hodei” baten zati txiki batek (larrapoteen 1 Tn-ko zatiak). Hori dela eta, izurrite handia sortzen dutenean, herri osoak suntsitu ditzakete, batez ere uztaren aurretik garatzen badira.

Elkarrekin egoteak dakartzan elkar ikustea, elkarri usaintzea eta hankak elkarri ikutzea dira bakarti izatetik taldekoi izatera igarotzea eragiten duten pizgarriak. Pizgarri horien eraginaren ondorioz, larrapoteen garunetako zenbait gai kimikoren kontzentrazioa aldatu egiten da, eta serotonina da aldatzen den lehena. Neurotransmisore oso ezaguna da serotonina; eta zerikusi handia du gizakion depresioarekin, haserrearekin, ondo sentitzearekin eta beste zenbait gogo-gertaerekin. Dirudienez, serotoninaren ekintza esperimentalki blokeatzen denean, larrapoteak ez dira taldekoi bihurtzen, nahiz eta jokaera-aldaketa gertatzeko baldintza guztiak bete. Eta alderantziz, larrapote bakartiei serotonina txertatzen zaienean, taldekoi bihurtzen dira berehala. Beraz, taldekoi izateko ezinbestekoa eta nahikoa da neurotransmisore hori.

Duela gutxi jakin berri dugunez, bada larrapoteen multzotze-jokaeran esku hartzen duen beste gai kimiko bat, A proteina kinasa (APK) hain zuzen ere. Proteina kinasek zelulen zenbait ezaugarri aldaraz ditzakete, kanpo-seinaleen, hormonen edo neurotransmisoreen ekintzen ondorioz. Izan ere, hormonen edo/eta neurotransmisoreen zelula-barneko nolabaiteko bitartekariak dira. Neurotransmisoreen lan egiteko modu bat baino gehiago dago, eta neuronaren kokapen eta funtzioari dagokie modu hori. Neurona jakin batzuen mintzean, neurotransmisoreak mintzaren berezko hartzaileei lotzen  zaizkienean, seinaleen segida bat hasten da neuronaren barruan eta askotan, lehen aipatu dugun APK da segida horren katebegietako bat. Hori dela eta, neurona horien mintzera neurotransmisoreak heltzen direnean aktibatu egiten dira APK molekulak. Eta aktibazio horrek bi motatako ondorioak izan ditzake, beste entzima baten edo ioi-kanale baten jarduera-maila aldaraztea, edo proteina jakin batzuen sintesia sustatzea. Edozelan ere, epe luzekoak izan daitezke APKren aktibazioaren eraginak, baina bigarren aukeraren arabera, oso sakonak dira, ordura arte adierazi gabe zegoen genomaren zati bat adieraztea eragiten baitu.

APK-k, beraz, larrapoteen jokaera taldekoia sustatzen du, baina jokaera-aldaketa hori, hasiera batean behintzat, itzulgarria izan daiteke. Multzokatu berriak diren larrapoteak berriro banatzen badira, galdu egiten dute jokaera taldekoia. Hortaz, kasu horretan seguru asko, beste entzima baten edo ioi-kanale baten jarduera-maila aldarazi baino ez du egin APKk, eragin hori itzulgarria baita. Baina multzotan denbora luze egonez gero, larrapoteak ezin daitezke itzul bakarti izatera. Hau da, jokaera taldekoia finkatzen bada itzulgaitz bilakatzen da. Hortaz, APKren eragina, kasu horretan, epe luzekoa da eta horrek esan nahi du adierazi gabe zegoen genomaren zati baten adierazpenaren ondorioz proteina berriak sintetisatu direla eta jokaera eta itxura berria finkatu direla.

Schistocerca gregaria larrapotearen banapen geografikoa

Laburbilduz, larrapoteen hasierako batzeak serotoninaren igoera dakar zenbait neurona-zirkuitoetan. Horren ondorioz, zirkuitu horietako beste zenbait neuronaren mintzek serotonina hori hartzen dute eta zelula barneko A proteina kinasa aktibatzen da. Hasiera batean, beste entzima edo ioi-kanaleen aktibitatearen aldaketa baino ez bide dakar aktibazio horrek, baina larrapoteen multzoak irauten badu, taldekoi-jokaera sustatzen duten ingurumen-kinadak ugaritu egiten dira. Hortaz, zirkuitu horren aktibitatea areagotu egiten da eta horren ondorioz, APKk proteina berrien sintesia eragiten du. Horraino helduz gero, itzulezin bilakatzen da prozesua.

Ikasketa-prozesu gisa har daiteke hemen ikusi dugun jokaera-aldaketa. Eskarmentuak sorrarazitako jokaera-aldaketa bat bezala hartzen badugu ikastea, jokaeraren plastikotasun fenotipikoaren sinonimo gisa har dezakegu. Izan ere, bai serotoninak bai eta APKk ere, parte hartzen dute animalien zenbait ikasketa-prozesutan. Hortaz, tresna molekular bertsuak erabiltzen dituzte bai hemen azaldu dugun jokaera taldekoia hartzeak bai eta beste ikaste-prozesu horiek ere. Kasu horietan kanpo-seinaleetatik erantzun fenotipikorako urratsetako bi dira serotoninari da APKri dagozkienak, eta talde-esperientzia edo eskarmentua da aldaketa sustatzen duena. Izan ere, esan daiteke larrapoteek taldekoi izaten “ikasten” dutela, bakarti izatetik multzotzerako prozesu horren etengabeko berrindartzea gertatzen baita. Hau da, atze-elikatze etengabea da gertatzen dena, beste ikaste-prozesu askotan bezala. Bukatzeko, esan beharra dago gizakiongan gertatzen diren depresio-prozesuak atze-elikatuak direla eta horietan ere serotoninak eta APK-k parte hartzen dutela. Ba omen dute zerikusirik.

Iturriak:

M. L. Anstey, S. M. Rogers, S. R. Ott, M. Burrows y S. J. Simpson (2009): Serotonin Mediates Behavioral Gregarization Underlying Swarm Formation in Desert Locusts Science 323 (5914): 627-630 (DOI: 10.1126/science.1165939)

S. R. Ott, H. Verlinden, S. M. Rogers, C. H. Brighton, P. S. Quah, R. K. Vleugels, R. Verdonck y J. V. Broeck (2012): “Critical role for protein kinase A in the acquisition of gregarious behavior in the desert locust” PNAS 109 (7): E381–E387 (DOI: 10.1073/pnas.1114990109)

Erantzuna idatzi

 

 

 

HTML etiketa hauek erabil ditzakezu

<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>