Koprofagia

BBC, Discovery Channel, NHK eta CBC-ek ekoizturiko Planet Earth telesaiotik hartuta daude irudi hauek: milaka labezomorro saguzarren gorotzak jaten. Koprofagia esaten baitzaio gorotzak jateari.

http://www.youtube.com/watch?v=UC51eymvsRA

Izainen tenperatura-estualdiak

Hirudo verbana

Oso gogorra da odolez elikatzen diren izainen bizitza. Hilabete asko egon daitezke jan gabe, animalia bat aurkitu eta parasitatzen dutenetik denbora luze igaro baitaiteke hurrengo ostalaria aurkitu arte. Hortaz, energia aurrezteko jokaera bereziak garatu dituzte izain horiek.

Poikilotermoak direnez, tenperaturaren arabera aldatzen da euren metabolismoa: bero egiten duenean altuagoa da hotz egiten duenean baino. Hori dela eta, denbora luze jan gabe daudenean, tenperatura hotzeko uretara jotzen dute ahal izanez gero; metabolismo-tasa jaitsi egiten da horrela eta energia gutxiago gastatzen dute. Izan ere, laborategian 21 ºC-tan eta baraurik mantenduriko Hirudo verbana izainek 13 ºC-ko uretara jotzen dute aukeratzen uzten zaienean; 8ºC-ko alde horrek sekulako energia-aurreztea dakar, oso esanguratsua, eta pentsatzekoa da naturan ere jokaera hori garatzeko aukera dutela, zeren sakonera, eguzki-irradiazio eta beste zenbait faktoreren arabera tenperatura desberdineko urak egon baitaitezke erreka, aintzira eta putzuetan.

Gauzak oso bestelakoak dira jan ondoren. Izainen bazkaren bolumena oso handia da, euren gorputzaren halako hamar baita zurrupatzen duten odol kantitatea. Ondorioz, izugarri igotzen zaie metabolismo-tasa: sei aldiz altuagoa da janariaren digestioaren eta asimilazioaren jardueren eraginez. Hori horrela, tenperatura baxuak ez dira egoki suertatzen; hortaz, tenperatura garaiagoko uretara jotzen dute izainek jan ondoren. Lehen aipatutako izainek, 21 ºC-tan aklimataturik zeudenek,  24 ºC-ko uretara jotzen dute jan eta ondorengo orduetan. Era horretara lehenago digeritu eta asimilatzen dute jandako odola, eta euren ohiko bolumen eta forma berreskuratzen dute horrela. Kontuan hartu behar da forma eta bolumena berreskuratzea ez dela kontu makala animalia hauetan, jan ondoren odolez beterik egonik ezin baitezakete igeri egin eta narrasean ibil.

 

Iturria: Ann M. Petersen, Wendy Chin, Kara L. Feilich, Grace Jung, Jessica L. Quist, Jasmine Wang & David J. Ellerby (2011): “Leeches run cold, then hot” Bioloy Letters 7: 941–943

 

Konotoxinaren eraginaz

Animaliek ekoitzitako toxinen inguruan aritu ginen aspaldi. Orain, –Fogonazos blogetik berriro-, konotoxinaren erabileraren adibide bat ekarri dugu hona

Artikulu honetan aritu ginen konotoxinez, eta beste bideo baten esteka jarri genuen.

Beldurraren kostua

Melospiza melodia

Harrapariak harrapakina jan egiten du. Harreman trofiko horrek bi espezieen demografia baldintzatzen du. Harrapariak biomasa eskuratzen du horrela eta, beraz, ale berriak sortzeko erabil dezake. Harrapakina, berriz, populaziotik desagertu egiten da; ondorioz, populazioaren ale kopurua jaitsi egiten da eta, hori dela eta, banako berri gutxiago sortuko dira[1]. Nahiz espezieen arteko harreman trofiko gehienak korapilotsuagoak diren, eredu bakun horren arabera uler daitezke naturan diren harreman asko eta asko. Duela gutxi jakin ahal izan dugunez, baina, uste genuena baino eragin kaltegarriagoak izan ditzakete harrapariek harrapakinaren populazioaren demografian. Harrapakinaren beldurrak omen du horren errua.

Ikerketa batean ikusi dute harrapariaren beldur diren Melospiza melodia (etxetxori melodikoa) espezieko txoriek arrautza gutxiago jartzen dituztela errunaldi bakoitzean. Gainera, oso desberdina da etxetxorien jokaera bera ere beldurtuta daudenean: landaretza dentsoagoan egiten dituzte habiak; jokaera koldarragoa dute; denbora laburragoa ematen dute habian txitatze-aldian zehar; eta, azkenik, txitak elikatzera gutxiagotan joaten dira gurasoak habietara. Jokaera horren ondorioz, apalagoa da jarritako arrautzetatik txita sortzeko probabilitatea eta, halaber, baxuagoa da sortutako txitek hegan eginez habitik ateratzeko unera bizirik irauteko probabilitatea ere. Horiek guztiak dira harrapakinak harrapariari dion beldurraren kostuak; eta kostu horien ondorioz, ugaltze-sasoi bakoitzean %40 baxuagoa da beldurtuta dauden emeen kume kopurua.

Baina, zergatik jokaera hori? Zergatik errun arrautza gutxiago? Zergatik egin ahalegin guxiago? Zergatik onartu kostu horiek? Galdera horiek ez dute erantzun erreza baina, seguru asko, arrautzak edo txitak atzemanak izateko probabilitatea altua denean jokaera horixe da moldatze-balio handiena duena. Hau da, arrisku handiko egoera batean ez luke izango zentzu handiegirik arrautzak sortzen eta txitatze-jardunetan ahalegin handia egiteak, ahalegin horren fruituak galtzeko probabilitatea handia delako. Horrela jokatuz, ugaltze-sasoi batean gastatzen ez diren baliabideak hurrengoan erabili ahal izango dira, hurrengo sasoietan harraparien mehatxua txikiagoa bada, noski.

Edozein kasutan, argi dagoena da harraparien arriskuaren pertzepzioak oso ondorio kaltegarriak dituela harrapakinaren populazioaren demografian. Hortaz, harrapariek eragin bikoitza dute. Batetik, eragin zuzena dute, arrautzak, txitak eta, zenbaitetan, helduak ere harrapatzen dituztelako. Eta bestetik, bestelako eragin kaltegarria dute sortzen duten beldurraren bidez, artikulu honetan ikusi dugun eragina, hain justu.

Iturriak:

Thomas E. Martin (2011): “The Cost of Fear” Science 334: 1353-1354

Liana Y. Zanette, Aija F. White, Marek C. Allen, Michael Clinchy (2011): “Perceived Predation Risk Reduces the Number of Offspring Songbirds Produce per Year” Science 334: 1398-1401


[1] Gehienetan oreka batera heltzen dira biak, harraparia eta harrapakina; baina zenbaitetan bata ala bestea desagertzen dira, edo biak ere.

 

Itsas-trikuen armada

Irudi harrigarri hauek Planet Earth telesaiotik hartuta daude. BBC, Discovery Channel, NHK eta CBC-ek ekoiztu dute; orain arte egindako naturari buruzko dokumentalik onena dugu hau.

Manta-arraia hegalariak

Fogonazos blogetik ekarri ditugu, berriro ere, irudi zoragarriak

Sator biluziak ez du minik hautematen

Sator biluziak (Heterocephalus glaber) ez omen dira azidoarekiko kalteberak; hau da, hanketara azido-tantak botatzeak ez die minik eragiten; saguekin gauza bera eginez gero, azken hauek berehala batzen dituzte kaltetutako hanka eta “erasotako” aldea miazkatzen hasten dira. Saguei eragindako mina, gizakiaren kasurako zauri batean limoi-zukuaren tanta batzuk botatzean eragindakoaren antzekoa dela esan daiteke.

Science aldizkari ospetsuan argitaratua izan den artikulu batean ezagutzera eman dute sator biluziaren ezaugarri berri bitxi hori. Hori ez baita sator horri buruz ezagutzen dugun lehen kontu bitxia. Izan ere, ugaztunik arraroena modura aurkeztu genuen Afrikako zenbait herrialdetan baino bizi ez den sator biluzia aspaldiko sarrera batean. Azaldu genituen orduan arraroena deitzeko arrazoiak, baina labur esanda, hurrengoak ziren: ez du ilerik, erleen antzeko jokaera soziala agertzen du eta antzeko tamainako karraskarien aldean askoz ere urte gehiago irauten du bizirik, eta hala ere ez du minbizirik garatzen! Gainera, ez du gorputzeko tenperatura erregulatzen; hala ere, tenperatura nahiko konstante manten dezake 30 oC inguruan, horixe baita gutxi gorabehera bizi den lurpeko zuloetako ohiko tenperatura.

Animaliek mina sumatzen dute (dugu), nozizeptore izenez ezagutzen diren nerbio-zelula hartzaileek kinada “mingarria” jaso dutenaren seinalea garunean prozesatzen denean. Beraz, sator biluziaren kasurako azidoarekiko kalteberatasun eza azaltzeko ikertzaileei bururatu zitzaien lehen hipotesia honako hau izan zen: azidoak ez die minik eragiten ez dutelako kinada edo seinale hori jasotzeko hartzaile egokirik. Ez ba, ez da hori benetako arrazoia, sator biluzien eta saguen nozizeptoreek berdin-berdin, primeran jasotzen dute inguruko azidotasunari buruzko informazioa; azidotasuna protoi-kontzentrazioaren araberakoa da, eta protoi -kontzentrazioaren igoerak erantzun berbera eragiten du mota horretako informazioa jasotzen duten zelula hartzaileetan, biak baino biak despolarizatu egiten baitira kinada azidoaren aurrean. Orduan, nolatan suertatzen da kinada hori mingarria saguentzat eta ez sator biluzientzat?  Galdera horren erantzuna  da izan ere 2011ko abenduan Science aldizkarian argitaratu dena.

Animaliek dituzten nozizeptoreek seinale kaltegarriak edo mingarriak jasotzen dituztenean, beste edozein zentzumen motari buruzko informazioa bezala, nerbio-bulkaden bidez helarazten zaizkie nerbio-sistemaren kontrol nagusia duen garunari. Nerbio-bulkadak seinale elektrikoak dira, azkar hedatzen eta transmititzen direnak neuronen artean. Nerbio-bulkadak eragiteko eta hedatzeko funtsezkoak dira tentsio menpekoak diren kanal ionikoak, batzuk sodio ioiarekiko espezifikoak direnak eta beste batzuk potasioarekiko espezifikoak direnak, azken finean bi ioi horien zelula-mintzean zeharreko fluxuek eragiten baitituzte nerbio-bulkadaren oinarrian dauden zelula-mintzaren polaritate-aldaketak. Hain zuzen ere, nozizeptoreetan edo edozein beste zelula hartzailetan kinada bat jasotzen denean, zelula hartzaileetan gertatutako polaritate-aldaketen arabera eragindako nerbio-bulkaden maiztasunaren bidez helarazten zaio garunari kinadaren intentsitateari buruzko informazioa. Hortaz, saguen kasurako inguruko protoi-kontzentrazioaren emendioak nozizeptorean despolarizazioa eragiten du, eta despolarizazio horrek nerbio-bulkadak sortzen ditu; nerbio-bulkada horiek kinada kaltegarriari buruzko informazioa helarazten diote garunari, eta garunak martxan jartzen ditu kinada kaltegarritik babesteko mekanismoak: lehenago aipatu dugun esperimentuaren kasuan kinada hankan jaso bada, hanka altxa eta ahora hurbiltzea, miazkatuz azidotasuna murrizteko.

Sator biluzien kasuan ere nozizeptoreak despolarizatu egiten dira azidotasunaren eraginez, baina informazio hori ez da nerbio-sistema zentralerantz bideratzen. Beste modu batera esateko, jaso egiten da kinadari buruzko informazioa, baina ez zaio “inori” horren berri ematen, bertan gelditzen da, inora transferitu gabe. Zergatik? Sator biluzien kasuan minari buruzko informazioa jasotzen duten neuronek dituzten tentsio menpeko sodio kanalek (Nav1.7 izenekoak ugaztun gehienetan) badutelako beste animalia gehienenekin erkatuz aldaketa txiki bat kanala osatzen duen proteina osatzeko erabilitako aminoazidoen sekuentzian. Hiru aminoazidoren aldaketa txikia nahikoa da sator biluziaren sodio kanal horiek ezaugarri desberdinak izan ditzaten. Izan ere, horrelako sodio kanal bereziak blokeatu egiten dira azidotasuna eragiten duten protoien eraginez, eta horrexegatik ez da prozesatzen azidotasunari buruzko informazioa. Azidotasunak kinatzen du nozizeptorea, baina kinadak berak oztopatzen du seinaleari buruzko informazioa nerbio-sistema zentralerantz bidaltzea. Azidotasunak, edo gauza bera den protoi-kontzentrazio altuek, dentistek erabiltzen dituzten substantzia analgesikoen antzera jokatzen dute hortaz,  minari buruzko informazioaren transmisioa oztopatuz, baina sodio-kanal guztiak blokeatu beharrean, soilik blokeatzen dituzte nozizeptoreetako sodio kanal berezi hauek.

Zergatik baina, agertzen dute sator biluziek txikia baina garrantzi handikoa den mutazio hori tentsio menpeko sodio kanaletan? Ikertzaileen ustez, moldatze-balioa duelako. Sator biluzien ohiko bizilekuetan, lurpeko zuloetan, oxigenoaren kontzentrazioa ohikoa baino baxuagoa izaten da, eta CO2arena ohikoa baino askoz altuagoa, %10era ere iritsi daiteke eta[i]. Horrelako baldintzetan, ingurua azidoagoa bihurtzen da eta baita animalien zelulen ingurua ere. Berez, egoera horrek etengabeko mina eta deseroso egotea eragingo lieke horrela bizi diren animaliei; esaterako, ehunetako hantura dagoenean, zelulen inguruan metatzen diren substantzia azidoek mina eragiten dute kaltetutako ehunetan, nozizeptoreek azidotasunari buruzko informazioa jaso eta zerebrora bidaltzen dutelako. Horrexegatik da mingarria erreuma adibidez.

Hortaz, sator biluzien kasurako ohikoa izan daitekeenez zelulen ingurua azidoa izatea, animalien inguruko karbono dioxidoaren kontzentrazio altuek eraginda, uste da noizbait mutazio baten ondorioz gertatu zen Nav1.7 kanalen protoien bidezko blokeoa abantailatsua suertatu zela, eta beraz denborarekin ezaugarri hori egonkortu eta nagusitu egin zela sator biluzietan, haien estres maila jaistea ekarri zuelako. Hipotesi honen alde dago mutazio bera aurkitu izana kobazuloetan pilatuta bizi diren Myotis lucifugus espezieko saguzarretan, baina ez ordea arboletan pilatzen diren Pteropus vampirus saguzarretan. Dirudienez, ohiko bizilekuaren azidotasun mailarekin dago lotuta ezaugarri hau, eboluzioan zehar erlaziorik ez duten baina CO2 kontzentrazio altuak sarri jasan behar dituzten bi espezietan finkatu baita.

Honetan ere benetan bitxia sator biluzia! Lehenik ere bazegoen aztertzeko interes handia, minbizirik ez garatzeak biomedikuntzan izan ditzakeen aplikazioak direla eta, baina aurkitu berria den minik ez sumatzeko gaitasun honek ere sekulako jakin gura piztu du, min kronikoaren tratamenduetan aurrera egiteko ate berriak ireki baititu.

Iturria: E. S. J. Smith, D. Omerbasic, S. G. Lechner, G. Anirudhan, L. Lapatsina, G. R. Lewin. The Molecular Basis of Acid Insensitivity in the African Naked Mole-Rat. Science, 2011; 334 (6062): 1557 DOI: 10.1126/science.1213760


[i] Airearen ohiko CO2 kontzentrazioa ez da %0.04ra iristen, eta % 8-10eko kontzentraziopean gizakiak konortea galtzen du 5-10 minutuko epean.

The beauty of pollination

Wonderful world

Berriro ere, Fogonazos blogetik ekarri dugu bideo bat

 

Kakalardo ehorzlearen alde iluna

David Sloan Wilson biologo ezagunak interesgarria iruditu zaigun istorio bat azaldu du bere Evolution for Everyone (2007) arrakasta handiko liburuan. Nicrophorus generoko kakalardo bat da protagonista. Ingelesez, burying beetle esaten diote; kakalardo ehorzle izena eman diogu guk. Sarraskia jaten du, saguak edo habiatik erortzen diren txitak bezalako animalia txikien gorpuak baliatzen ditu. Kakalardo hauek bikotea egiten dute eta elkarrekin jarduten dute kumeak zaintzen.

Maneia dezaketen tamainako gorpu bat aurkitzen dutenean, arrastaka eramaten dute komeni zaien toki batera, lurpeko ganbara batera gehienetan. Maneiatzeko modukoa izateak ez du esan nahi txikia izan behar duenik, haiek baino askoz handiagoa izan baitaiteke. Gorpua ganbaran utzi ondoren, emeak alboan arrautzak erruten ditu eta, ondoren, gorpua prestatzen jarduten du bikoteak. Neketsua da prestatze-lana; ilerik edo lumarik edukiz gero, kendu egiten dizkiote; bueltak eta bueltak ematen dizkiote forma ahalik eta esferikoena emateko eta eurek sorturiko jariakin batez estaltzen dute. Jariakin hori mikrobioen aurkakoa da eta usteltzea saihesten du. Etengabe zaindu behar dute gorpua, bestela berehala beteko litzateke azala onddoz eta bakterioz .

Larbak arrautzetatik ateratzen direnean, gurasoek deitu egiten dituzte gorpura hurbil daitezen. Kilkerren kantuaren antzeko soinu bat erabiltzen dute horretarako. Hasiera batean, gurasoek erdi digeritua duten janaria berriz ere ahora eramanez elikatzen dituzte larba gazteak, eta geroago, euren kabuz digeritzeko gai direnean, gorpuaren hondakinak jaten dituzte, hezurrak baino gelditzen ez diren arte. Gero, lurrean zuloak egin eta zulo horietatik irteten dira kanpora animalia helduak egiteko. Une horretan, alde egiten dute gurasoek, nork bere aldetik, beste gorpu baten bila.

Wilsonek berak dioen bezala, istorio samur samarra izango litzateke hau, alde ilun bat ez balu. Oso tamaina desberdinekoak izan daitezke kakalardoek aurkitzen dituzten gorpuak; hortaz, batzuek janari gehiago ematen dute besteek baino. Horren aurrean, animalien artean oso arrunta den jokabidea erakusten dute gurasoek, kumeen kopuruarekin jokatzea, alegia. Espezie gehienek errunaldiaren tamaina aldatzen dute janari baliabideen arabera, baina kakalardo ehorzle hauek beste era batera egiten dute: kume-hilketara jotzen dute. Larba batzuk elikatzen dituzten artean beste batzuk jan egiten dituzte, larben kopurua gorpuaren tamainaren arabera egokitu arte.

Ankertzat har liteke jokaera hori kontua ikuspuntu antropozentriko batetik aztertuko balitz, baina horrela, hiltzen ez dituzten larben biziraupena bermatzen da. Bestela, larba guztien hazkundea eta garapena mugatuta geratuko lirateke eta, beraz, baita haien biziraupena bera ere. Hortaz, baliabideak urriak direnean larba batzuen garapena eta biziraupena bermatzera jotzen dute larba guztiak arriskuan jarri beharrean. Ikusi dugun jokaera hau ez da inondik ere salbuespen bat, naturan kumeak hiltzea oso arrunta baita, eta, gehienetan, ugaltze-estrategia baten osagaietako bat da.

Hasiera izeneko sarreran esan bezala, haztea eta ugaltzea dira animaliek bete beharreko “agindua”. Izan ere, hurrengo belaunaldiei helarazten dizkien geneen kopien kopurua da animalia baten arrakastaren neurria. Horixe da hemen ikusi dugun ugaltze-jokabidea ulertzeko testuingurua. Kakalardo ehorzlearen ugaltze-jokabidea gupidagabetzat har dezakegu, baina belaunaldiz belaunaldi horixe izan da kumeen arrakasta ahalbidetu duena. Horixe baita helburua; ez dezagun bistatik galdu.

Mikel Laboa zenaren azken diskoan, François Coppée poeta parnasianoaren poema bat dago. Musika Mikel Laboarena eta Iñaki Salvadorrena da, baina poema Bernardo Atxagak errezitatzen du. Honela dio:

Arratsean, suaren ondoan, askotan etorri izan zait gogora
txori baten heriotza, nonbait, basoetan.
Negu geldoaren egun goibeletako,
habia huts gaixoak, habia abandonatuak,
haizearekin kulunka burdinezko zeru grisean.
Ai! Txorien hil-beharra neguan!
Helduko da, halere, bioleten sasoia
eta ez dugu haien hexurrik aurkituko
apirileko belardietan paseoan gabiltzala.
Gorde egiten al dira txoriak hiltzeko?

Coppée-ren azken galderari erantzun diezaiokegu orain. Orain badakigu txoriak ez direla gordetzen hiltzeko; kakalardo ehorzleak edo horien antzeko zeregina betetzen duten beste animalia batzuk arduratzen dira txorien aztarnak basotik ezkutatzeaz.