Aurrekari historikoak

1540 - 1897

Gauzatu da, azkenik, gorabehera askoren ondoren, euskal unibertsitatea lortzeko aspalditik zetorren asmoa. Herria modernizatzeko nahitaezkoa den goi-mailako irakaskuntza sistema bat lortzea, Unibertsitatea alegia, aspaldiko nahia da benetan. Historia pixka bat eginez, esan dezakegu unibertsitateko irakaskuntzak baduela Euskal Herrian urrutiko aurrekina Oñatiko Unibertsitatean. Rodrigo Mercado de Zuazolak sortu zuen 1540an. Unibertsitate hark Hernanin eman zituen lehen urratsak 1542an; geroxeago, 1548an, Oñatira aldatu zen eta jada hor Teologia, Legeak, Arauak, Arteak eta Medikuntza irakasteko Fakultateak ireki zituen. 1901ean, gorabehera askoren ondoren, ateak itxi behar izan zituen betiko.

Bergarako Erret Seminarioak goi mailako irakaskuntzaren arloan aipamen berezia ere merezi du. Real Sociedad Vascongada de Amigos del País-ek (Euskalerriaren Adiskideen Elkartea) sortutako zentro berrizale hau Ilustrazioarekin etorritako joerei atxiki zen. Elkarteak europako zientifiko ospetsuenak eta puntako materialak Euskal Herrira ekarri zituen. Bidenabar, bertako ikaslerik azkarrenak atzerrira ikastera joan ziren.

Zentro honen loraldia 1779 eta 1793 bitartean izan zen. Bere asmo nagusia Euskal Herrian ikastegi aurrerakoi bat sortzea zelarik; alabaina, XIX. Mendearen hasierako gorabehera politikoek asmo horiek guztiak eten zituzten. Bizkaian Merkataritza Kontsulatuaren babespean 1511n sortutako Nautika Eskolak 1784an onespen ofiziala jaso zuen. 1800. urtean Merkataritza Eskolaren proiektua martxan jarri zen, 1818an gauzatuz.

Nafarroako Aldundiak Euskal Herriko Unibertsitatea eratzeko proiektua aurkeztu zuen, gainontzeko Aldundiei unibertsitate ofiziala sortzeko eskaera eginez. Asmoak asmo gelditu ziren. Bi urtetan zehar Aldundiek harremanetan egon ondoren hasierako proiektu elkartu hark porrot egin zuen. Lurralde bakoitzak bere aldetik jo zuen, ahalegin guztiak porrot eginez.

Izan ere, proiektu elkartuek ez zuten arrakastarik izan, ezta banakoek ere. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Oñatiko Unibertsitate zaharreko katedrak berriro irekitzeko asmoak ez baizuen irtenbiderik izan. Bidenabar, Araban Gasteizeko Literatur Unibertsitatea sortzeko proektua bertan behera utzi zen (1869-73), eta Bizkaiko Batzar Nagusietan Bizkaiko Unibertsitate Katolikoaren proiektuak ez zuen aurrera egin.

Izan ere, Bizkaiko Aldundia indargabetzean berarekin batera proiektu bera desagertu zen ere; alabaina, aurrera egin zuen "La Enseñanza Católica" elkarte anonimoak. Hamahiru bizkaitarrek, horien artean bultzatzaile nagusienetarikoa aita Manuel Isasi izanik, 1883n Bilbon goi mailako ikastegi bat sortzeko oinarri gisa ikastegi hau eraiki zuten. Irakaskuntza 1886an hasi zen eta denboraren poderioz ikastegia egun "Deustuko Unibertsitatea" izenaz ezagutzen da. Garai hartan, 1897ko apirilaren 2ko Erret Dekretuaren eskutik Industri Injinerutza Eskola egin zen.

1918 - 1955

Angel Apraiz y Buesa estetika katedradunak "Pro Universidad Vasca" izeneko hitzaldia Bilbon 1918ko urtarrilak 5n eskeini zuen. Hitzaldiak aldarrikapen mogimendu baten oinarritzat jo zituzten. Gerra Zibilean (1936-39), ordea, Bilbo erori zenean, asmo hori ere bertan behera gelditu zen. Hala eta guztiz ere, proiektu horren hildotik, Eusko Ikaskuntzak 1918 eta 1923 urte bitartean mogimendu garrantzitsua sustatu zuen; unibertsitatearen estatutuak prestatu, herria mobilizatu eta Madrileko senatoreen ekimenak bultzatuz. Honela, unibertsitateak zituen arazoak konpontzeko asmoatn 1923n oinarri batzuk ezarri ziren. Oinarri hauek, baita oroitze.txostena ere, Andundietara eta Gobernura bidali zitzaien.

Diktadurak, mogimendu horiek guztiek isilerazi bazituen re, 1931n Bilboko Udalak Euskal Unibertsitatearen aldeko batzar orokorretarako deia egin zuenean berriro ere piztu ziren. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Leizaolaren agindupean, 1936an lehen dekretua egin zuen, hala nola, batzorde bat eratzea eta unibertsitatearen funtzionamendurako oinarriak zehaztea. Lan horiek Angel Apraizen ardurapean egin zirelarik.

Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Jose Antonio Agirrek Bilboko Ospitale Zibila izandako eraikian 1936ko abenduaren 1n Euskal Unibertsitateari hasera eman zion. Gerra Zibilak ez zuen proiektua gauzatzeko betarik eman eta Bilbo 1937n erortzearekin batera iraungi zen.

Opus Deik Nafarroako Unibertsitateari 1952an hasera eman zion. 1961tik aurrera unibertsitatea beste herrialdetara zabaltzen hasi zen. Donostian zenbait zentro eraikiz. Egun horietatik bakarra dago zabalik: Industri Injinerutzako goi mailako Eskola Teknikoa.

Garai haien hildotik, Valladolideko Unibertsitateko barrutia sortzeko egun Euskal Autonomi Erkidegoak biltzen dituen hiru lurraldeak elkartu ziren. Merkataritza Eskolari jarraipena eman nahirik 1955n Ekonomi eta Merkataritza Zientzien Fakultatea eraiki zen. Honek berriro ere aspaldiko aldarrikapen haiek gogorazi zituen: Euskal Lurraldean Unibertsitatea sortzea alegia.

1963 - 1980

Izan ere, aipatutako "Garapen Plan" baten inguruan 1968ko ekaineko 5/68 Lege Dekretuaren eskutik Bilboko Unibertsitatea sortu zen. Zegoeneko Plan horretan etengabe hazten ari zen biztanlegoaren hezkuntza eskariei aurre egiteko zailtasunak, irakaskuntzaren masifikazioa eta irakaskuntzaren sistema erabat berritzeko premia aurreikusten ziren. Aurreikuspen guzti hauek 1970ko Irakaskuntzaren Lege Orokorrak gauzatzea nahi zuten.

Bilboko Unibertsitateak lehen urratsak aipatutako Ekonomia Fakultatea eta Medikuntza eta Zientzien Fakultatea sortu berrien eskutik eman zituen. Berezko barrutirik gabe alegia. Unibertsitate hartako lehen errektorea Juan Echevarria Gangoiti izan zen.

Gipuzkoan 1963ngerora Patronatu bihurtu zen batzorde kudeatzaile bat jarri zen martxan. Batzorde honek "Goi mailako Ikasketa Ofizialen aldeko mogimenduaren" ardura hartu zuen. Aipatu beharra dago ikasketa horien nondik norakoak Ignacio Barriolak eginiko jada testu klasiko bihurtu den txostenean zehaztasun handiz agertzen direla. Aurreko lerroetan aipatutako 5/68 Lege Dekretuaren eskutik Donostian sortutako fakultatea gerora, 1968ko uztailaren 27ko Dekretuaren bidez Zuzenbide fakultatea izan zen. Fakultatea Valladolideko barrutiari atxikia zegoen, nahiz eta Gipuzkoako agintariek behin baino gehiagotan beste aukera batzuk nahiago zituztela adierazi. Irakaskuntzaren Lege Orokorraren garapenak 1972an unibertsitateak Peritu, Irakasle eta Enpresarien eskolak unibertsitate eskola gisa onartzeko aukera eman zuen. Eskola horietako bakoitza zegokion barrutian sartuz. Aldez aurretik, gerora Bilboko

Unibertsitateari atxiki zen Arte Ederretako goi eskola sortu zen. Industria Injinerutzako Goi Eskola Teknikoa Unibertsitate berari atxiki zitzaion ere. Euskal Herriko biztanleak, ordea, ez zeuden ezarritako mugekin ados, are gehiago, 1918, 1922 eta 1936ko asmoen oroitzapenak birsortu ziren. 70ko hamarkadan Txillidak sortutako ikurran oinarritutako Euskal Unibertsitatearen aldeko mogimendu garrantzitsua sortu zen, hain zuzen ere, egun Euskal Herriko Unibertsitateak berea egin duen ikurra; hots, "eman eta zabal zazu". Mogimendu honen indar sortzaileari esker profesionalki ospe handiko unibertsitarioak Unibertsitate berri honetara iritsi ziren; alabaina, 1977. urterarte botere publikoak modu erginkorrean berezko unibertsitate barrutia sortzerik ezin izan zuen lortu. Urte hartan Bilboko Unibertsitateari Araba eta

Gipuzkoako Unibertsitateak elkartu zitzaizkion. Bilboko Unibertsitatea, azkenik, 1980ko otsailak 25n Euskal Herriko Unibertsitatea bihurtu zen. Horrekin batera Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate sistema osatu zen; honi lotuta daude, beraz, egun hiru lurralde historikoetan dauden unibertsitate ikastegi ofizialak, baita poliki poliki unibertsitateari atxikita sortu diren beste hainbat eta hainbat unibertsitate eskolak ere.

Aipatutako data, beraz, historikotzat jo daiteke. Ordutik hona, EHUk izan dun garapena, bai titulazio kopuruari, (eskaintza) bai efektibo (eskaria) eta kalitateari (prozesua) dagokionez, Euskal Unibertsitateak Estatuko unibertsitateen maila bera du.

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.es