‘UPV/EHU Espazioan' ekitaldiak eguzki-sistemaren konkista hurbilduko dio publikoari

‘UPV/EHU Espazioan' ekitaldiak eguzki-sistemaren konkista hurbilduko dio publikoari

UPV/EHUk antolatuta, Zientzia Astearen aurretiko aktibitate horren barruan, planetario handi bat, planeten zeharreko ibilaldi bat eta espazio misio ospetsuenetakoen maketen erakusketa egongo da

ALBISTEAK

BIZKAIKO CAMPUSA

KOMUNIKAZIO BULEGOA

UPV/EHU

asteartea, 2017ko urriaren 17a

Zientzia Astearen aurretiko hiru asteetan, gaurtik azaroaren 5era arte, hain zuzen ere, espazioa Bizkaia Aretoan (Abandoibarra 3, Bilbo) izango da, ‘UPV/EHU Espazioan' ekitaldiaren bidez. Han bisitatu ahal izango dira, debalde, eguzki sistemaren planeten barrena doan oinezko ibilbide bat, Espainiako planetario puzgarri handiena eta espazio-misio famatuenetako batzuen maketen eta espazioko argazkien erakusketa bat.

Halaber, Juan Manuel Madariagak, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoko katedradunak; Agustín Sánchez Lavegak, astrofisikari, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Fisika Aplikatuko katedradun eta 2016ko Euskadi Ikerkuntza saridunak, eta Eduardo Urgoitik, SENEReko Aeroespazial ataleko proiektuetako zuzendari orokorrak, hitzaldi bana eskainiko dituzte.

Zehazkiago, ‘UPV/EHU Espazioan'-en aktibitate hauek egongo dira:

Eguzki-sistemaren ibilbidea

Eguzki-sistemaren ibilaldian, bere astroak bisitatu ahal izango dira, 2 m altuerako eta 1,5 m zabalerako paneletan. Ibilaldia Neptunotik hasi (Guggenheim Museoko beheko zabaldegian egongo da) eta Eguzkian (Bizkaia Aretoko terrazan flotatzen egongo den 3,5 metroko esfera argiztatua) bukatuko da. Haien artean dagoen distantzia erreala izango da, eskalan eginikoa. Beraz, parte hartzaileak kontziente izango dira oinez ibilitakoan, eguzki-sistemaren benetako dimentsioaz

Ordutegia:

-Astelehenetik ostiralera: 8:00-20:00
-Larunbatak: 10:00-14:00 eta 16:00-20:00
-Igande eta jaiegunak: 10:00-14:00

Planetarioa

Bizkaia Aretoan ere Espainiako planetario puzgarri handiena egongo da, Centro Extremeño de Tecnologías Avanzadas (CETA-CIEMAT) delakoak eta Trujilloko Udalak utzi dutena. Gaueko eta eguneko zeruaren simulazioak ikusi ahal izango dira han, bai eta eguzki-sistemara, konstelazioetara, izarretara eta, orohar, unibertsora eramango gaituen dozena bat 360ºko film eta pelikula inguratzaile.

Saioak :

-Astelehenetik ostiralera: 17:00-20:00
-Larunbatak: 10:00-14:00 eta 16:00-20:00
-Igande eta jaiegunak: 10:00-14:00

Erakusketa

Bizkaia Aretoan, Esplorazio espazialari buruzko erakusketa ere bisitatu ahal izango da. Erakusketa horrek bi zati ditu. Axular gelan espazioko misio famatuenetako batzuen maketak aurkituko dira, eskalan eginak, baita hegaldietako elementu errealak ere. Besteak beste, Hubble teleskopio espaziala, Rosetta eta Gaia misioetako ekipoak, eta Artizarra eta Marte esploratu dituzten ontziak deskubritu ahal izango ditugu, eta espazioko zaborrak sateliteei nola eragiten dien ere ikusiko dugu. Ekipo gehienak European Space Agency-tik (ESA) datoz, baina badaude SENERek eta INTAk (Instituto Nacional de Técnica Aeroespacial) utzitakoak ere. Bestalde, Etxepare gelan eguzki-sistemako planeten eta izar, galaxia eta nebulosa batzuen argazki paregabeak ikusi ahal izango dira. Erakusketa CSICek (Centro Superior de Investigaciones Científicas) utzi du.

Ordutegia:

-Astelehenetik ostiralera: 8:00-20:00
-Larunbatak: 10:00-14:00 eta 16:00-20:00
-Igande eta jaiegunak: 10:00-14:00

Hitzaldiak:

- Urriak 17 19:00etan: "La exploración química de la superficie de Marte con las Misiones Exomars2020 (ESA) y Mars2020 (NASA)", Juan Manuel Madariagaren eskutik.
- Urriak 25 19:00etan: "Los nuevos mundos: exoplanetas", Agustín Sánchez Lavegaren eskutik.
- Azaroak 2 19:00etan: "GAIA, una aventura de un millón de estrellas", Eduardo Urgoitiren eskutik.
Lekua: Bizkaia Aretoko Baroja gelan

Horrez gain, doako bisita gidatuak antolatu dira ikastetxeentzat. Horien helburua astronomiaren eta espazio-ikerketaren funtsezko ezagutzak era ludiko eta bisual batean zabaltzea da. Urriaren 17tik azaroaren 3ra, astelehenetik ostiralera, ordutegi hauetan antolatu dira: 9:30, 11:00, 12:30 eta 14:00etan. Bisita egin ahal izateko ezinbestekoa da izena ematea ehuespazioan.otri@ehu.eus emailean. Dagoeneko ia 30 bisita konfirmatu dira, 1.300 ikasle ekarriko dituztenak.

Euskal Herriko Unibertsitateak ‘UPV/EHU Espazioan' antolatu du, Zientzia Asteko ekintzen baitan, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasunerako Ministerioaren Zientzia eta Teknologiarako Espainiar Fundazio, Euskaltel, SENER, BBK, CETA-CIEMAT, Trujilloko Udala, ESA eta CSICen babesarekin.

Informazioa guztia hemen: zientzia-astea.eus

 
Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es
 
Campusa cookies-ak erabiltzen ditu webguneari ematen zaion erabilerari buruzko informazioa biltzeko helburuarekin. Lege Oharra ikusi   Onartu