Ekonomia eta Enpresa Fakultatea, arkitektura modernoaren ondare

Ekonomia eta Enpresa Fakultatea, arkitektura modernoaren ondare

Docomomo Ibérico fundazioak mugimendu modernoaren katalogoan sartu du eraikina

ALBISTEAK

BIZKAIKO CAMPUSA

KOMUNIKAZIO BULEGOA

UPV/EHU

asteazkena, 2017ko urriaren 4a

Ekonomia eta Enpresa Fakultatea mugimendu modernoaren arkitektura ondarearen parte izendatu dute. Eraikuntza estilo hori 1925etik 1965era bitartean garatu zen. Astelehen honetan, Arkitekturaren Munduko Egunarekin, plaka bat jarri dute eraikinean. Ekitaldi berean hasiera eman zaio Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak antolatutako Arkitektura Asteari. Ekonomia eta Enpresa Fakultatearen egoitza 1961 eta 1963 artean eraiki zen eta Jesús Rafael Basterrechea arkitektoaren lana da.

Estilo modernoko eraikinetan plaka hauek jartzeko ekimena Docomomo Ibérico fundazioarena da, eta haren helburua da arkitektura mugimendu honetako ondarea inbentariatu, ezagutzera eman eta babestea. Fundazioan Espainiako eta Portugaleko hainbat arkitekto elkargo eta arkitektura eskola daude —tartean Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoa— bai eta arkitektura ezagutzera emateaz arduratzen diren erakundeak ere.

Ekitaldian izan dira Bizkaiko Campuseko errektoreorde Patxi Juaristi; Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekano Jon Barrutia; fakultateko idazkari akademiko Henar Díez; Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko dekano Matxalen Acasuso; Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko Bizkaiko Ordezkaritzako idazkari Irati Burgues eta ordezkaritzako kide Pablo Nistal. Gainera, Basterrechea arkitektoaren zenbait senide ere izan dira bertan: Rafael Basterrechea eta Begoña Basterrechea seme-alabak, eta Alfonso Oliver, arkitektoaren suinetako bat.

Astelehen honetan Docomomo Ibéricok lau plaka gehiago jarri ditu Euskal Herriko eraikinetan eta hamasei gehiago Espainiako hainbat hiriburutan. Guztira 204 eraikini egin zaie izendapen hori ekimena hasi zenetik, 2012an.  UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoak, hori ere Jesus Rafael Basterrechearenak, antzeko plaka bat dauka jarrita 2012tik.

Lanik garrantzitsuena

Ekonomia eta Enpresa Fakultatea José Rafael Basterrechearen lanik garrantzitsuena da. Arkitektoak hiru ataletan antolatu zuen eraikina: batetik, bloke baxu bat, sarrerak antolatzekoa; beste bloke altuago bat, eraikinari presentzia handiagoa ematen diona; eta, azkenik, ikasgelategia, alde batetik mailakatua dena, mendi magal arboladunaren maldari egokitzeko.

Gerora beste hiru eraikin egin badira ere hasierakoaren ondoan, eraikuntzak funtsean jatorrizko konfigurazio eta itxurari eutsi dio. Gainera, fatxadako jatorrizko materialak mantendu dira, bai eta inguruko arboladia ere.

Eraikinak Basterrechearen obraren ezaugarrietako batzuk ageri ditu, hala nola eraikinaren antolaketaren funtzionaltasuna eta bolumenen oreka  eraikinaren osaeran. Nabarmentzekoak dira eraikinaren harremana bere inguruko lurrarekin eta arboladiarekin eta eraikuntzan erabilitako materialak, adibidez adreilua edo egurra, Europako iparraldeko arkitektura gogora ekartzen dutenak.

 
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.es
 
Campusa cookies-ak erabiltzen ditu webguneari ematen zaion erabilerari buruzko informazioa biltzeko helburuarekin. Lege Oharra ikusi   Onartu