Ikasleria parte-hartzailea, ikasleria aktiboa

IKD GAZtErako Talde Motorra

Ikasleria parte-hartzailea, ikasleria aktiboa

CATHEDRA

ostirala, 2017ko uztailaren 14a

Euskal Herriko Unibertsitateko IAZ-Ikasleentzako Argibide Zerbitzutik iritsi zitzaigun IKD GAZtEra XVIII. Unibertsitateko informazio eta argibide zerbitzuen topaketan, hau da, "Ikasleen dinamizazioa: IAZ-rentzat erronkan" parte-hartzeko gonbidapena. IKD GAZtE ikasleriaren parte-hartzea sustatzen duen proiektua den aldetik eta aurretiko gonbidapena abiapuntu hartuz, unibertsitateko ikasleriaren partaidetzaren inguruko hausnarketari ekin genion.

Parte-hartze kontzeptuaz jardun genuenean, ikasle gisa bizi izandako esperientziatik eratorritako hainbat ideia eta pentsamolde bururatu zitzaizkigun arren,  argi izan genuen parte-hartzea prozesu hezitzaile eta soziala dela, berau funtsezkoa kontsideratuz heziketa sistema guztian zehar.

Ideia berari jarraiki, kultura parte-hartzailea lehenengo etapa akademikotik sustatu eta indartu behar den arloa dela kontsideratzen dugu, haurtzarotik hasi eta urteak aurrera doazen heinean praktikara eramanez. Gainera, ez dugu ahaztu behar, Europako Goi mailako Hezkuntza Esparruak unibertsitateko ikasleria bere prozesu hezigarrian eta unibertsitatearen kudeaketa publikoan subjektu aktibo eta parte-hartzaile modura ikusten duela, beharrezkoa kontsideratuz unibertsitatearen kalitate hobekuntza prozesurako, alegia.

Honen adibide, UPV/EHUko Ikasleen I. Partaidetza-Plana dugu, izan ere, bertan ikusi daitekeen moduan, ikasleok Irakaskuntza eta Ikerkuntza, Kudeaketa eta Ordezkaritza, Gizartea eta Kultura, Komunitatea eta Ebaluazioa esparruetan parte-hartzeko aukera dugu. Hau horrela, ikasleok esparru horietan parte-hartzeko jarrera aktiboa eta motibatzailea izatea ezinbestekoa da, baina nola lortu daiteke ikasleriaren parte-hartze maila handitzea? Norbaiten eskuetan al dago?

Parte-hartzearen kontzeptuak, ardura, konpromisoa eta inplikazioa ardatz dituen esku-hartze ireki eta dinamikoak direla aintzat hartuz, unibertsitate mailan ikasleok gauzatzen dugun parte-hartzea kontsulta soil izatetik, erabaki eta akzio izaterako jauzia eman beharko lukela iruditzen zaigu. Azken finean, ikasleon parte-hartzeak aldaketak ekarriko lituzke eta hauen ondorioen erantzule bilakatuko ginateke.

Gure ustez, parte-hartzearen erantzukizuna elkarbanatua da, unibertsitate eta ikasleon artekoa hain zuzen ere. Instituzioak ikasleriarengan konfiantza jarriz, botere eremu bat utzi beharko liokela iruditzen zaigu eta parte-hartzea eskubide den heinean berarekin betebeharrak  dakartzala onartuz.  Ziurrenik, betebehar horien atzean egon liteke ikasleon parte-hartze maila baxuaren arrazoi nagusiak. Izan ere, unibertsitate mailara iristen garenean, gutariko askoren helburu nagusietako bat azterketak gainditzea izaten da, eta horren ondorioz, unibertsitate mailatik planteatzen diren jarduerekiko interes maila jaisten da, gure ekimen sena gailenduz eta esparru ezberdinetan parte-hartzeko ditugun aukera guztiak bigarren mailan utziz.

Egoera honen aurrean,  lan munduari begira, herritar gaituak eta bizitzan aktiboki parte-hartzeko baloreak sustatzea litzateke helburua. Horretarako, gure proposamena instituzio eta ikasleriaren arteko hausnarketa prozesu sakon eta zintzoa partekatzea izango litzateke.

Egia da, antzeko saiakera 2011-2012 urtean egin zela IKD GAZtE proiektua abian jarriz. Proiektu honek, ikasleoi gure ikaskuntza prozesuaren erdigune bilakatzeko eta parte-hartzea sustatzeko aukera ematen digu, ikasleria parte-hartze horren ondorioen erantzule bilakatuz. Hau horrela,  mota honetako ekimenak sustatzen eta horietan parte-hartzen jarraitzea aldarrikatu nahi dugu, ikasleria parte-hartzailea, ikasleria aktiboa.


Argazkian: Zutik: Jon Arzelus (Ingeniaritza Informatika gradua); Eneko Asurabarrena (Industria elektronika eta automatikaren Ingeniaritza gradua); Asier Zaramalilea (Erizaintza gradua); Itsaso Oteiza (Haur Hezkuntza gradua); Oihane Pérez (Zuzenbide gradua); eta aurrean: Joel de Francisco (Psikologia gradua); Maialen Aranbarri (Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua); Olatz Sarasola (Erizaintza gradua), Joana Mendez (Gizarte Hezkuntza gradua); eta Iraitz Otaño (Gizarte Antropologia gradua).

 
Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es
 
Campusa cookies-ak erabiltzen ditu webguneari ematen zaion erabilerari buruzko informazioa biltzeko helburuarekin. Lege Oharra ikusi   Onartu