International Agirre Program-ekin, UPV/EHUko ikertzaileek egonaldiak egin ahal izango dituzte Columbiako Unibertsitatean

International Agirre Program-ekin, UPV/EHUko ikertzaileek egonaldiak egin ahal izango dituzte Columbiako Unibertsitatean

ALBISTEAK

BIZKAIKO CAMPUSA

GIPUZKOAKO CAMPUSA

KOMUNIKAZIO BULEGOA

UPV/EHU

ostirala, 2017ko uztailaren 14a

Datorren ikasturtean, 2017-18an, International Agirre Program jarriko da martxan, eta, horri esker, UPV/EHUko ikertzaileek egonaldiak egin ahal izango dituzte Columbiako Unibertsitateko AC4 zentroan, New Yorken. Programa berria gaur bertan aurkeztu dute, Bizkaia Aretoan, UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak, Agirre Lehendakaria Centerreko zuzendari Juan José Ibarretxek eta Columbiako Unibertsitateko AC4ko zuzendari Joshua Fisherrek.

Agirre Lehendakaria Center gizarte zientzien esparruko diziplinarteko ikasketen zentro bat da, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateari eta haren Euskampus Nazioarteko Bikaintasun Campusari lotua. 2011. urtean, Columbiako Unibertsitateak eta George Mason Unibertsitateak lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten, giza garapen iraunkorraren euskal ereduari buruzko ikerketa programa iraunkor bat martxan jartzeko, Lehendakari Agirre izenekoa eta Juan José Ibarretxe doktoreak zuzendua. UPV/EHU 2013an batu zitzaion programari.

Hitzarmen haren harira, eta New Yorkeko unibertsitate entzutetsuak agertutako interesa dela eta, orain ikertzaile gonbidatuen programa jarri da martxan, ALCk sustatuta. Programa horren bitartez, UPV/EHUko ikertzaileak Columbiako Unibertsitateko AC4 zentrora joango dira sei hilabetetik urtebetera arteko egonaldiak egitera; horrela, besteak beste, harremanetan sartuko dira AC4ko akademiko eta profesionalen sare zabalarekin, eta euskal presentzia gehiago zabalduko dute mundu osoan.

Programak Jose Antonio Agirre lehendakariaren izena darama. Izan ere, Agirre lehendakaria Historia Garaikideko irakaslea izan zen New Yorkeko Columbiako Unibertsitatean 40ko hamarkadan, eta lan handia egin zuen Euskadiren eta Amerikaren arteko harremanak areagotzeko, bereziki hango euskal diasporako kideekin.

Bestalde, AC4 (Advanced Consortium on Cooperation, Conflict and Complexity) 2006an sortu zen, askotariko arloetako pertsona eta erakundeak batzeko eta bakearekin, gatazkarekin, indarkeriaren prebentzioarekin eta iraunkortasunarekin lotutako arazo konplexuei elkarrekin aurre egiteko, azterketen, metodologien eta diziplina askotako soluzioen bidez. New Yorkeko zentro ospetsuak, programa honen bidez, sakonago ikertu ahal izango du giza garapen iraunkorraren inguruan, oinarri hartuta haien ustez garapenaren eredu arrakastatsuenetariko bat dena, Euskadikoa alegia. Gainera, beti agertu dute euskal diasporaren gaineko interesa.

Ikertzaile gonbidatuen programa pilotuak bi ikasturte iraungo du, eta, ondoren, urtero berrituko da. Aurrera begira, alde biko programa gauzatu nahi da, Columbiako Unibertsitateko irakasleak Euskal Herrira etor daitezen.

"Nazioarteko Agirre programa honek ere garbi erakusten du unibertsitateek mundu osoan elkarlanean dihardutela; kasu honetan, gainera, erakusten du Agirre Lehendakaria Center lan handia ari dela egiten mundu osoan. Izan ere, zentro horrek helburu du, besteak beste, euskal garapen eredua mundu osora zabaltzea. Seguru nago programa berri hau arrakastatsua izango dela eta etorkizunean elkarlanerako beste bide batzuk aurkituko ditugula", adierazi du Nekane Balluerka errektoreak.

 

 
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.es
 
Campusa cookies-ak erabiltzen ditu webguneari ematen zaion erabilerari buruzko informazioa biltzeko helburuarekin. Lege Oharra ikusi   Onartu