Gaua Artizarrean: haize-boladak ezin dira aurreikusi, uhin mugiezinak ditu eta laino aldakorrak

Gaua Artizarrean: haize-boladak ezin dira aurreikusi, uhin mugiezinak ditu eta laino aldakorrak

UPV/EHU planetaren gaueko aldeko atmosfera-zirkulazio misteriotsua azaltzen duen nazioarteko ikerketa batean parte hartzen ari da

ARABAKO CAMPUSA

BIZKAIKO CAMPUSA

GIPUZKOAKO CAMPUSA

IKERKETA

KOMUNIKAZIO BULEGOA

UPV/EHU

astelehena, 2017ko uztailaren 24a

Artizarra Lur planetaren bikitzat hartu izan da luzaroan, baina infernua da gure planetarekin alderatuta: bere lurrazalean 450ºC baino gehiagoko tenperatura du, sekulako atmosfera eta planeta osoa estaltzen duten azido sulfurikoko laino lodiak.

60ko hamarkadan, argi ultramoreen bidez egindako behaketei esker, zehaztasunez neurtu zituzten lainoen mugimenduak Artizarraren eguneko aldean; 360 kilometro orduko haize—boladak erregistratu zituzten. Datu harrigarria zen hori, Lur planetan eta Marte bezalako antzerako planetetan, atmosferak planeta beraren antzeko erritmoan biratzen baitu. Artizarrean, hala ere, atmosferak planetari 4 egunetan ematen dio bira; planeta berak –askoz ere motelagoa− 243 egun behar ditu bere ardatzari bira emateko. Atmosferaren errotazio azkar horri "superrotazio" deitzen zaio eta hori eragiten duten mekanismo fisikoak ezezagunak zaizkigu oraindik. Orain artean, ez genekien zein portaera zuen atmosferaren zirkulazioak planetaren gaueko aldean. Orain, Espainiako astronomo batzuk buru dituen lan bati esker –Japoniako Agentzia Aeroespazialak (JAXA), Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Astrofisika eta Planetologia Espazialeko Institutuak (IAPS, Italia), Zientzia eta Teknologia Industrial Aurreratuko Japoniako Institutu Nazionalak (AIST) eta Berlingo Unibertsitate Teknikoak ere parte hartzen dute, besteak beste−, jakin dugu Artizarreko gaueko aldeko haizeek eguneko aldekoenekin alderatuta portaera nabarmen ezberdina dutela.

"Artizarreko atmosferak ‘superrotazio' hori izateko energia nondik ateratzen den jakitea misterioa da oraindik ere, eta eredu numerikoek ez dute, orain arte, planetaren simulazio errealistarik lortu", adierazi du Javier Peralta JAXAn Akatsuki misio espazial japoniarreko kide eta UPV/EHUko doktoreak. Berak zuzentzen duen azterlana Nature Astronomy aldizkarian argitaratu da eta News & Views atalean nabarmendu dute. "Arazoa da onartu genuela Artizarraren gauean egunean gertatzen den gauza bera gertatzen dela, eta oker geunden. Orain arte ez gara izan gai argi eta garbi ikusteko nolakoa zen planetaren gaueko aldean atmosferaren superrotazioa".

"70 kilometroko altueran daude Artizarreko lainorik altuenak, eta bertan gertatzen da, hain justu, superrotaziorik indartsuena. Laino horiek gauez ikus daitezke, emisio termikoari esker, baina aurretik egin diren misio espazialek ez zituzten bertako xehetasunak erakusten", adierazi du Ricardo Hueso UPV/EHUko ikerlariak. Irudiak prozesatzeko teknika berriei esker, nazioarteko ikerlari-talde horrek –Espainia, Japonia, Alemania eta Italiako ikerlariek osatzen dute− jakin du gaueko lainoak eta horien mugimenduak egunean zehar ikus daitezkeenen ezberdinak direla. Azterlanaren oinarria VIRTIS tresnari esker ESA Europako Agentzia Espazialaren Venus Express misio espazialak egindako behaketen analisia izan da. Tresna horrek planeta orbitatu zuen 2006tik 2014ra bitarte, eta 2015ean Hawaiin NASAren IRTF teleskopioa erabiliz Japoniako talde batek egindako behaketa independenteen laguntza izan zuen. Horiei guztiei esker, planetaren iparraldeko hemisferioa ere beha zitekeen.

"Superrotazioa gauean zehar ematen bada ere, egunean zehar ‘uniformeagoa' dela dirudi, mugimendu aniztasun zabala du eta orain artean ikusi gabeko laino mota ezberdinak. Aldaketa bortitzak eta aurretik jakin ezin direnak jasaten dituzte egun batetik bestera", adierazi du Agustín Sánchez Lavega UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendariak.

Ezusterik handiena, hala ere, lainoetan mugitzen ez diren egitura asko aurkitzea izan zen, eta taldeak "geldikor" deritzon uhin atmosferiko mota bat dela interpretatu du. Uhin horiek Akatsuki Japoniako misio espazialak Artizarraren atmosferan berriki aurkitu duen fenomeno ondulatorio baten antzekoa da; milaka kilometroko uhin geldikor hori "Aphrodita Terra"-ren lur altuen gainean kokatzen da. Azterlan berri honetan, uhin geldikorrek askoz ere tamaina txikiagoa dute, ehunka kilometrokoa, eta azalera altuko guneetako kokapen geografikoetan aurkitzen dira, baita ere. Uhin horiek azalerako haizea mendia bezalako oztopo bat aurkitzean sortzen direnez, etengabe aurkitzea paradoxikoa da, Artizarraren lurrazala ez baita oso aldapatsua.

Akatsuki ontzia Artizarraren inguruan orbitatzen egiten ari den behaketak eta Lur planetatik egindakoak 60 urte baino gehiago luzatu den erronka argitzen laguntzea espero da: Artizarraren atmosferan superrotazioaren misterioa argitzen, alegia.

Erreferentzia bibliografikoa

J. Peralta, R. Hueso, A. Sánchez-Lavega, Y. J. Lee, A. García-Muñoz, T. Kouyama, H. Sawada, T. M. Sato, G. Piccioni, S. Tellmann, T. Imamura, T. Satoh
"Stationary waves and slowly moving features in the night upper clouds of Venus".
Nature Astronomy.
DOI: 10.1038/s41550-017-0187.

 
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.es
 
Campusa cookies-ak erabiltzen ditu webguneari ematen zaion erabilerari buruzko informazioa biltzeko helburuarekin. Lege Oharra ikusi   Onartu