Giza jarduerak nutrienteen zikloak asaldatzen ditu

Giza jarduerak nutrienteen zikloak asaldatzen ditu

Ur-eskasiak eta eukalipto-plantazioek ur-sistemen metabolismoa asaldatzen dute mundu mailan, UPV/EHUren ikerketa baten arabera

ARABAKO CAMPUSA

BIZKAIKO CAMPUSA

GIPUZKOAKO CAMPUSA

IKERKETA

KOMUNIKAZIO BULEGOA

UPV/EHU

asteazkena, 2017ko uztailaren 26a

UPV/EHUren Landareen Biologia eta Ekologia Sailean egindako ikerketa batek erakutsi du klima-aldaketaren eraginak, kasu honetan ur-sistemetako ur-eskasiak eta eukalipto-plantazioek, sistema horien metabolismoa aldatzen dutela. Nutrienteen zikloen asalduraren beste ebidentzia bat da, Aingeru Martínezek, ikerketaren egileetako batek, azaldu duenez.

Tenperatura-aldaketa izaten da, normalean, klima-aldaketaren alderdirik aipagarriena. Ez da bakarra, ordea. Ur-mailaren aldaketak ere kontuan hartu beharreko alderdia dira. Aingeru Martínezek, azterketa egin duten ikertzaileetako batek, azaldu duenez, "ikusten ari ur-eskasia gero eta handiagoa izaten ari dela, eta gero eta gehiago irauten duela. Hori normala da erregimen lehor eta mediterraneoetan, baina giro epeleko lekuetan ere gertatzen ari da. Hemen, esaterako. Garrantzitsua da jakitea horrek zer eragin duen ur-ekosistemetan".

Azterketak kontuan hartzen du, gainera, Eucalyptus grandis espeziearen (munduan gehien landatzen den zuhaitz-espezieetako bat) monolaborantza-plantazioen eragina ur-ekosistemetan. Izan ere, eukalipto-hostoak uretara erortzen direnean, materia organiko disolbatua transferitzen dute uretara, "infusio bat egiten dugunean gertatzen denaren antzeko zerbait", argitu du. Hala sortzen dira orbel-lixibiatuak. Eukaliptoaren kasuan, "oso iraunkorrak dira, konposatu sekundario konplexu eta olio ugari dituzte, komunitate biologikoek nekez metabolizatzen dituztenak; toxikoak izatera ere iristen dira", esan du Martínezek. "Garrantzitsua iruditzen zitzaigun bi alderdi horiek elkartzea: batetik, zer eragin izan dezakeen ur-eskasiak, eta, bestetik, ur-sistemak eukalipto-plantazioz inguratuta egoteak", gehitu du.

Biofilmaren garrantzia

Ikerketan, eragin horiek biofilmean aztertu dituzte, hau da, "ibai eta urtegietako harrietan ikusten den lirdingan", argitu du Martínezek. Kate trofikoen oinarrizko osagaietako bat da biofilma, eta "funtsezkoa da, bai materia organiko disolbatuaren ziklo biogeokimikoan, bai materia, nutrienteak eta energia goragoko maila trofikoetara transferitzeari dagokionez. Hala, biofilmaren metabolismoaren aldaketek erreakzio-kate bat ekar lezakete, eta ur gezatako ekosistemen funtzionamenduari eragin", baieztatu du Aingeru Martínezek.

Orbel-lixibiatuek biofilmean duten eragina zein den jakiteko, esperimentu bat egin dute: biofilmez kolonizatutako substratu artifizialak jarri dituzte E. grandisen lixibiatuen bost kontzentrazio desberdinetan, "ur-eskasiaren mailaren arabera sistema naturaletan aurki daitezkeen kontzentrazioak simulatzeko". Hazkundean, arnasketan, ekoizpen primarioan, nutriente-kontzentrazioan eta jarduera exoentzimatikoan duen eragina aztertu dute. "Eragin nabarmenenak arnasketan eta ekoizpen primarioan ikusi ziren. Horrek asaldatu egiten du komunitatearen metabolismoa, heterotrofoagoa bihurtzen baita; hau da, oxigeno-kontsumoa handitu egiten da, eta CO2 gehiago askatzen da".

Beraz, biofilmak ur gezatako sistemetan duen garrantzia dela eta, "esan liteke ur gutxiko garaiek eta eukalipto-plantazio estentsiboek aldatu egiten dutela, mundu mailan, ur gezatako sistemen metabolismoa, eta, beraz, bai eta haien funtzionamendua ere. Ikusirik mundu mailan ur gezatako sistemek zer garrantzi duten karbonoaren zikloan, hau beste ebidentzia bat dugu, erakusten duena gure jarduerak aldaketak eragiten ari direla mundu mailan, nutrienteen zikloetan".

Informazio osagarria

Science of the Total Environment aldizkari entzutetsuan argitaratutako ikerketa-lan hau Aingertu Martínez Gómez artikuluaren egile nagusi eta UPV/EHUko ikertzaileak Floridako Nazioarteko Unibertsitatean (FIU) egindako nazioarteko egonaldi baten emaitza da.

Erreferentzia bibliografikoa

Martínez A, Kominoski JS & Larrañaga A, (2017).
"Leaf-litter leachate concentration promotes heterotrophy in freshwater biofilms: Understanding consequences of water scarcity"..
Science of the Total Environment. Vol. 599–600. Pages 1677–1684..
DOI: 10.1016/j.scitotenv.2017.05.043.

 
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.es
 
Campusa cookies-ak erabiltzen ditu webguneari ematen zaion erabilerari buruzko informazioa biltzeko helburuarekin. Lege Oharra ikusi   Onartu