Unibertsitate arteko Euskarazko V. Eztabaida Txapelketa abian da Eusko Legebiltzarrean

Unibertsitate arteko Euskarazko V. Eztabaida Txapelketa abian da Eusko Legebiltzarrean

Aurreko lau edizioetatik hiru Euskal herriko Unibertsitateko taldeek irabazi dituzte

ALBISTEAK

ARABAKO CAMPUSA

BIZKAIKO CAMPUSA

KOMUNIKAZIO BULEGOA

UPV/EHU

ostirala, 2017ko irailaren 22a

9.30ean hasi da Eusko Legebiltzarrean unibertsitate arteko euskarazko V. Eztabaida Txapelketa. Han, UPV/EHUko taldearekin batera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Nafarroako Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko taldeak ari dira lehiatzen, euskaraz irakasten duten unibertsitateak, hain zuzen.

Enara Lauzirika Pinaga, Alexander de la Cuesta Leone, Josu Beaskoetxea Azkueta eta Maria Zendegi Zelaia, Politika Zientzia eta Kudeaketa Publikoko graduko ikasleak, aurreko edizioetan UPV/EHUko taldeek lortutako emaitza bikainak errepikatzen saiatuko dira, aurreko lau edizioetatik hiru irabazi baititu Euskal Herriko Unibertsitateak.

"Esperientzia lortzeko asmoarekin apuntatu ginen Eztabaida Txapelketara, eta, topikoa dirudien arren, uste dugu parte hartzea dela garrantzitsuena; eta lan ona eginez gero, emaitzak ez duela inporta", adierazi dute Enarak, Alexanderrek, Josuk eta Mariak.

Eztabaidarako aukeratzen diren gaiak gaurkotasunarekin eta gizartearekin zerikusia izaten duten gaiak izaten dira. Oraingo honetan, eztabaidatu beharreko gaia hau  izango da: ‘Guraso batzuk azken urteetan bere seme-alabak ez txertatzeko erabakia dela eta, gaindituta ziruditen gaixotasun batzuen berragertzea ikusi da. Osasun publikoaren arazoa dela kontsideratu eta mugatu beharko litzateke gurasoek seme-alaben tratamendu medikoa erabakitzeko duen eskubidea?'

Azken egunotan, txapelketarako prestatzeko, alde batetik, formakuntza ikastaro bat egin zuten Enarak, Alexanderrek, Josuk eta Mariak, eta bestetik, UPV/EHUko ikasle eta irakasleen laguntza ere izan dute. "Eztabaida ligaren antolaketan dabilen Ion Baratasek asko lagundu digu.

Eztabaiden munduan ibilia da eta gure zalantza guztiak argitu ditu. Aholkuak ere eman dizkigu. Ainhoa Novo irakasleak ere asko lagundu digu. Makina bat ikasi dugu: eztabaidaren egitura nolakoa den, rol desberdinak, informazioa nola eman eta nola lortu... Aurretik gertutik ezagutzen ez genuen mundu bat aurkitu dugu, eta apurka-apurka ikasten joango garela uste dugu", nabarmendu dute.

Espiritu kritikoa hobetzeko bitartekoa

UPV/EHUren Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordetzak eta Eusko Legebiltzarrak antolatutako txapelketa honetan, lau ikaslerekin osotutako talde bakoitzak bere unibertsitatea ordezkatzen du eta, beste talde batekin norgehiagoka egin ondoren (final laurdenak, final erdiak eta finala), epaimahai batek irabazlea aukeratzen du. Horretarako, epaimahaiak hainbat elementu izan ohi du kontutan: edukia (argudioak, datuak, arrazonamenduak, etab.) eta forma (komunikazioa, jarrera, itxura, lehiakortasun maila egokia, etab.).

Unibertsitate arteko Eztabaida unibertsitate jarduera bat da, batez ere azken hamarkadan, bultzada handia jasotzen ari dena. Ikasleen zeharkako gaitasunak lantzen laguntzen duen jarduera da. Espiritu kritikoa, publikoaren aurrean hitz egiteko gaitasuna, argumentatzeko gaitasuna, talde lana eta beste hainbat gaitasun hobetzeko bitarteko bilakatu da, alegia.

 
Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es
 
Campusa cookies-ak erabiltzen ditu webguneari ematen zaion erabilerari buruzko informazioa biltzeko helburuarekin. Lege Oharra ikusi   Onartu