«Mugikortasun bat egiteak pertsona gisa hazten ere laguntzen dizu»

«Mugikortasun bat egiteak pertsona gisa hazten ere laguntzen dizu»

Atzerriko unibertsitate batean egonaldi bat egin nahi duten ikasleek zalantzak argitu zituzten Nazioarteko Astean

ERREPORTAJEAK

GIPUZKOAKO CAMPUSA

KOMUNIKAZIO BULEGOA

UPV/EHU

ostirala, 2017ko urriaren 6a

Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen eatzen dituen mugikortasun programak, helmugako herrialdeak eta 2018-2019 ikasturtean unibertsitate trukean parte hartzeko baldintzak azaltzeko ikasleei. Informazio saioak hiru campusetan egin dira aste osoan.

Egunotan, Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek zuzenean jaso ahal izan dute UPV/EHUko  Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetzak kudeaturiko nazioarteko mugikortasun programekin zerikusia duen informazio guztia. Gainera, mugikortasun programa batekin bidaiatu duten zenbait ikasle euren esperientziari buruz aritu dira, eta gomendioak eman dizkiete trukea eskatzeko asmotan dabiltzan ikasleei.

Jardunaldiotan, halaber, UPV/EHUko enplegu zentroetako langileek praktiketako nazioarteko truke programei buruzko informazioa eman dute (graduko praktiketako Erasmus+, ikasle tituludunentzako EPEZ praktikak eta Global Training…).

UPV/EHUko mugikortasun programen zuzendariak, Gorka Oruetak, saioetan nabarmendu zuen oso garrantzitsua dela unibertsitateko trukerako aukerei buruzko informazio nahikoa eta zehatza biltzea. "Behar-beharrezkoa da informazio iturri fidagarrietara jotzea; UPV/EHUren kasuan, fakultate edo eskola bakoitzeko nazioarteko harremanen arloko koordinatzaileengana eta errektoreordetzara bertara jo daiteke. Guk, batez ere, gomendio hau eman nahi dugu: ikasleak ziurta daitezela mugikortasuna eskatzen duten unibertsitate horrek euren titulazioa ematen duela, UPV/EHUra itzultzean onartuko diren irakasgai interesgarri nahikoa eskaintzen duela, eta norberak beste herrialde bateko egonaldia esperimentatzeko eta ondo eramateko gaitasun linguistiko eta pertsonal nahikoa duela. Unibertsitate trukea aukera akademiko aparta da, eta bizi esperientzia zoragarria ekarriko die gure ikasleei; alabaina, prozesuari arduraz, pazientziaz eta malgutasunez heldu behar zaio".

UPV/EHUko mugikortasun programak

UPV/EHUk lau truke programa eskaintzen dizkio unibertsitateko komunitateari: SICUE, Erasmus+, Latinoamerika eta Beste Norakoak. Aukerei buruzko informazio guztia Nazioarteko Harremanen webgunean dago eskuragai.

Erasmus+, unibertsitate arteko mugikortasunerako programarik ezagunena, nagusiki Europa osorako da, eta graduan, masterrean eta doktoregoan trukea egiteko aukerak eskaintzen ditu; horrez gain, beka batzuk ere ematen ditu Europaz kanpoko unibertsitateetako egonaldiak diruz laguntzeko. Bestalde, SICUE (Sistema de Intercambio entre Centros Universitarios Españoles) programak ikasleei aukera ematen die lauhileko bat edo ikasturte oso bat estatuko beste unibertsitate batean egiteko, UPV/EHUra itzultzean ikasketen balioa onartzeko bermearekin.

UPV/EHUko Latinoamerika eta Beste Norakoak programak, azkenik, gure unibertsitateak beste erakunde batzuekin eginiko alde biko hitzarmenetatik sortu dira, eta askotariko herrialdeak dituzte aukeran: Argentina, Mexiko, Puerto Rico, Estatu Batuak, Kanada, Errusia, Japonia, Hego Korea, Australia eta Kazakhstan, besteak beste.

Mugikortasun programa batean izena emateko, gutxienez graduko 2. mailan edo masterreko lehen mailan matrikulatuta egon behar da eskaera egitean. Halaber, egonaldiaren arabera kreditu kopuru jakin bat eduki behar da matrikulatuta, eta arreta berezia jarri hizkuntza eskakizunei; izan ere, askotan irizpide erabakigarriak izaten dira hautaketa egiteko orduan. Horrez gain, helmugako herrialdeko hizkuntza jakiteak errazago integratzen lagunduko die ikasleei.

Lehen eskutik

Gorka Orueta eta Ainhoa Gómez zuzendariek informazio saioak eman zituzten, eta, horrez gain, zenbait ikaslek euren esperientzia azaldu eta gomendioak eman zizkieten 2018-2019 ikasturtean unibertsitate truke bat eskatu asmo duten ikasleei. Kasurako, Imanol de la Iglesia, Itzulpengintza eta Interpretazioko ikaslea, Moskuko Lomonosov Unibertsitatean dabil, eta azpimarratu du errusiarrei izugarrizko ilusioa egiten diela atzerritar batek euren hizkuntza ikasteko ahalegina egiten duela ikusteak; era berean, ohartarazi du herrialde horretara doazenek prest egon behar dutela burokrazia konplikatu bati aurre egiteko, ilara luzeak egon ohi direlako, informazio gutxi ematen dutelako eta nahasgarri xamarrak direlako.

Xabier Mendizabalek, bestalde, ikasleak Japoniara bidaiatzera animatu ditu, hango sukaldaritzaz, jendeaz eta Rykkio unibertsitateaz gozatzeko (han ari da egiten truke egonaldia). "Lehenik eta behin, argi utzi nahi dut Japonia ez dela herrialde zeharo garesti bat. Beste pentsamolde bat dute; jendeak bere etxetik gertu dauden kaleak garbitzen ditu, zuhaitzetatik erortzen diren adarrak jasotzen ditu eta espaloietan egon daitezkeen zuloak estaltzen ditu. Denek batera arraun egiten dute herrialdea aurrera ateratzeko", esan du. Alba Rebollo, Arte Ederretako ikaslea, Frantziako Orleanseko Unibertsitatetik itzuli berri da, eta ikasleei gomendatu die kontu handiz aukera dezatela herrialdea; hau da, kontuan hartu behar dugula herrialdea edo hiria gustatzen zaigun, baina baita hango unibertsitateak zer eskain diezagukeen ere. Iker Redondok, Ingeniaritza Informatikoko ikasleak, mezu bat bidali du Kaliforniatik (Estatu Batuak), han ari baita trukea egiten, ikasleak mugikortasun programa batean parte hartzera animatzeko: "Zeure burua gehiago ezagutzen duzu eta pertsona gisa hazten zara. Zuen ametsa hori bada, animo eta aurrera: lan eginez, dena lor daiteke".

Oinarrizko gomendioak

Jardunaldiotan, Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen Errektoreordetzak hainbat gomendio eman dizkiete trukea egin nahi duten ikasleei. Hona hemen gomendio horiek, labur azalduta:

  • Beharrezko informazio guztia lortu deialdiei buruz; beti ez sinetsi besteek esandakoa. Iturrietara jo eta, behar baduzu, galdetu.
  • Jarri harremanetan zure fakultateko edo eskolako truke koordinatzailearekin, zure trukearen xehetasun akademiko guztien berri izateko. Nazioarteko Harremanen webgunea ere kontsulta dezakezu.
  • Arretaz irakurri hautatu duzun programari buruzko informazioa.
  • Bereziki erreparatu plaza lortzeko bete behar dituzun baldintzei.
  • Ziurtatu interesatzen zaizkizun herrialdeetan zure titulazioko ikasketak ematen direla. Kontsultatu hango egutegi akademikoa eta eskainitako plazen iraupena (lauhileko bat edo ikasturte osoa).
  • Adi egon trukeak eta bekak eskatzeko epeei.
  • Trukea egiteko, zenbait eginbehar bete behar dira: zeure gain hartu prozesuaren erantzukizuna.
  • Zure espedientea landu: trukea egiteko pasaporterik onena duzu.
  • Herrialde jakin bat hautatu aurretik, adi begiratu hizkuntza eskakizunei. Dakizkizun hizkuntzak hobetu: beste hizkuntza batean ikastea nekeza da.
  • Malgua izan: bidaiatzean milaka abentura izan ditzakegu, baina baita nahigabe bat edo beste ere.
  • Gozatu: atzerrian ikastea pribilegioa da, eta aukera aprobetxatu behar da.
  • Errektoreordetzarekin harremanetan egoteko bidea ikasle@ehu.es helbide elektronikoa da. Hori erabiltzen ez baduzu, beste helbide elektroniko batera aldatu posta

 

Argazkia: Iker Redondo (eskuman), Informatika Ingeniaritzako ikaslea California State University-n, Monterrey Bay.

 

 
Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es
 
Campusa cookies-ak erabiltzen ditu webguneari ematen zaion erabilerari buruzko informazioa biltzeko helburuarekin. Lege Oharra ikusi   Onartu