Eduki publikatzailea

Enrique Pérez Urresti, Habla y Disfrutako zuzendaria

«Ez iezadazu kontatu curriculum osoa; utz nazazu gosez, elkarrizketa bat eman diezazudan»

Lehenengo argitaratze data: 2017/02/16

Irudia
Enrique Perez Urresti UPV/EHUn eskainitako hitzaldian. Argazkia: UPV/EHU

Habla y Disfrutako zuzendari Enrique Pérez Urresti ‘Auiola'-k ikastaro bat eman die UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikasleei, laneko elkarrizketa batean curriculuma eta aurkezpen gutuna defendatzen irakasteko.

‘Transición a la vida activa: cómo defender mi currículum y carta de presentación en una entrevista de trabajo. Herramientas activas para mejorar la comunicación' ikastaroaren bigarren eguna bukatu ondoren, Enrique Pérez Urresti ‘Auiola'-rekin hitz egin dugu laneko elkarrizketa bat gainditzeko garatu behar diren konpetentziei buruz. "Curriculumeko azken hitzak asko esaten du zuri buruz".

15 urtetik gora enpresei, sindikatuei, alderdi politikoei eta elkarteei komunikazioaren arloko aholkularitza eta prestakuntza ematen ibili ostean, orain curriculuma defendatzen irakasten diezu gazteei. Arlo horretan nahikoa prestakuntza ematen ez dela uste duzu?
Arazoa da ordu asko sartzen dugula ezagutzak ikasten eta oso ordu gutxi konpetentziak eta gaitasunak lantzen. Prestakuntza honetan, abiapuntu hauek hartzen ditut, besteak beste: zenbat jendek lortuko du zure titulazio bereko gradua aurten? Zein izango da zure balio erantsia? Nola lehiatuko zara? Zure ikasketen inguruko zenbat fakultate daude Espainian, Europan, munduan? Zer egingo duzu? Ezagutzetan lehiatu? Izan ere, ezagutzak oso sendoak edo goi mailakoak dira, eta, gainera, oso zeharkakoak. Hortaz, nire ustez, zure indargunea ezin da ezagutza izan, baldin eta ez badituzu ohorezko 4 matrikula. Ohikoena da nota normala edukitzea, fakultate normal batean ateratakoa. Hortaz, beste gaitasun batzuk eduki behar dira ezagutzaz gain.

Zure ustez, hautagaiak gero eta prestatuago joaten al dira lan elkarrizketetara?
Bai. Gainera, Zientzia eta Teknologia Fakultatean gradu amaierako proiektua defendatu behar duen jendearekin lan egiten ari gara; bada, bigarren itzulia eman, eta galdetzen diet: eta lan elkarrizketarako, zer? Alegia, une oro jakin behar dute hiru gauza hauek frogatu behar dituztela: zer dakiten, zer nahi duten eta zer egin ahal duten.

Zer dakiten: ezaguera akademikoak dituztela.

Zer egin ahal duten: urduri ez jarri, profesionaltasun irudi batekin lan egiteko gai izan.

Zer nahi duten: zerbitzatzeko espiritua erakutsi.

Sentitu behar dute nolabaiteko ekarpena egin nahi dutela, joaten diren enpresa horri lagundu eta beharrizan bat bete, eta hiru gauza horiek erakutsi behar dituzte.

Zer gertatzen da prestatzen ez badira? Argi daukat zer dakiten frogatuko dutela; zer egin ahal duten, berriz, egunaren arabera frogatuko dute; eta zer nahi duten, horrek huts egiten du gehienbat.

Ez iezadazu zeuri buruz hitz egin, pentsatzen du elkarrizketatzaileak, hitz egin nitaz: zer beharrizan estaliko duzun, zer emango didazun, zer behar dudan. Zerbitzatzeko espiritu hori oinarri hartuta lan egiten dut nik, eta nik uste horretan oinarrituta balio erantsia eman diezaiokegula UPV/EHUtik oso ondo trebatuta ateratzen den jendeari.

YouTubera "Habla y Disfruta por Enrique Pérez Urresti" profilean argitaratu dituzun bideoetako batean, hauxe diozu: "Jendaurrean hitz egitea arte bat da, eta trebetasuna, ohitura eta metodoa behar dira horretarako". Lan elkarrizketa batean ere berdin gertatzen da?
Bai, berdin-berdin. Lan elkarrizketa baterako, trebetasuna behar da nork bere onena eman dezan, bere ezaugarri onenak erakuts ditzan, eta nolabaiteko ohitura ere behar da, hau da, konfort zonan egoteko eta norbera izanez moldatzeko gai izatea, baina denbora behar da horretarako. Izan ere, inork ez du pianoa joko esertzen den lehen aldian, eta inork ez du golik sartuko edo penaltirik botako baloia hartzen duen aurreneko aldian; horretarako, trebakuntza eta gaitasunak behar dira.

Zein esango zenuke direla lan elkarrizketa batean gailentzeko giltzarriak?
Lehenik eta behin, jakin behar dugu zein enpresarekin ari garen hizketan; bigarrenik, profesional gisa enpresari zer eman diezaiokegun azpimarratu behar dugu; eta, hirugarrenik, erakutsi behar dugu lagundu nahi dugula, enpresak esku artean duen proiektu bat partekatu nahi dugula.

«Aurkezpen gutuna sine qua non baldintza da»

Eta aurkezpen gutuna gomendatzen al duzu?
Beti, nahitaezkoa da. Ez dauka zentzurik, ordea, zeinen bizkorra zaren eta zenbat ikasi duzun azaltzeko orri bat bidaltzeak. Zer egingo dut nik horrekin? Asko jota, ebidentzia gisa balio du, eta batzuetan lekukotasunezko ebidentzia gisa soilik; lekukotasun bat da. Aurkezpen gutunean zera esan behar da: nik ezagutzen zaitut zu, badakit errealitate hau duzula, uste dut ekarpena egin dezakedala, eta ebidentzia bat emango dizut (curriculuma), ikus dezazun baliagarri izan dakizukeen hori datuetan oinarrituta dagoela. Baina aurkezpen gutuna sine qua non da.

Eta gauza bera esan daiteke gomendiozko gutunari buruz?
Ez. Ez dago zertan gomendiozko gutun bat eduki, are gutxiago unibertsitateko ikasleen kasuan, ez dute-eta horren beharrik. Aurkezpen gutuna, ordea, beti behar da.
Komunikatzaile baten zein 3 ezaugarri balioesten dituzu zuk batez ere? Izan ere, elkarrizketa bat komunikatzean datza.
Lehenik, jakin dezala; ondoren, nahi izan dezala; eta, azkenik, ahal izan dezala. Edo, bestela esanda, hiru zutabe nagusiak mendera ditzala: ez dadila kontraesanik egon hitzezko eta hitz gabeko hizkuntzen artean, hau da, zintzo joka dezala. Izan ere, zure ahozko komunikazioa eta hitz gabekoa bat baldin badatoz, sinesgarritasuna sortuko duzu. Bigarrenik, mezua edo edukia menderatu behar du, argitasuna erakutsi; eta, hirugarrenik, lan egiteko gogoa azaldu behar du. Ondo ulertu behar du norekin ari den, eta mezua mintzatzen zaion pertsona horri egokitu.

Alegia, pototxoa prestatu behar du. Eta zer da pototxoa? Ezagutzaren laburpen bat da, sintetizatua, eramangarria, hartzaileak erraz irensteko modukoa eta aldi berean oso landua. Eta ez da kasualitatea pototxoetan letra larriz jartzea 3 hilabeterako, 6 hilabeterako, 8rako edo 12rako dela: ezagutzak hartzaileari moldatua egon behar du, eta, batzuetan, alde horretatik ez gara oso zorrotz ibiltzen unibertsitatean. Hitzaldi bera ematen dugu karrerako bigarren mailan, masterrean nahiz adituentzako biltzar batean. Mezuak hartzaileari egokitu behar dizkiogu.

Ezaguerak aski eta sobera ditugu, baina hirugarren zutabean, mezua hartzaileari egokitzeko lanean, galduta gabiltza. Horixe da Steve Jobsen eta Bill Gatesen arteko aldea: Jobsek mezua egokitzen zekien, eta Gatesek ez. Erromatarrek elocutio esaten zioten horri: mezu gari eta gordina aldatzea eta zerbait egokitua, prestatua eta manipulatua sortzea, pototxoa bezala, hobeto asimila dadin.

Zure ustez, zein dira elkarrizketatu batek egin ditzakeen hiru oker handienak?
Lehenengo hutsa norbere burua behin eta berriz aipatzea da, denbora guztian norbere buruaz hitz egitea: "nik zera ikasi nuen, nik zera daukat". Bigarren hutsa, berriz, zintzo ez jokatzea edo hitzezko eta hitz gabeko hizkuntzak bat ez etortzea da; izan ere, hitzezko hizkuntza eta hitz gabekoa bat ez datozenean, hitz gabekoari sinesten diogu beti. Ez dugu kontraesanik erakutsi behar, bestela gaizki salduko baitugu geure burua. Bi horiek esango nuke direla huts okerrenak; ez nituzke hiru ere aipatuko.

«Hitzezko hizkuntza eta hitz gabekoa bat ez datozenean, hitz gabeko hizkuntzari sinesten diogu beti»

Nolakoa izango litzateke lan elkarrizketa bat prestatu eta lanpostu bat lortzeko prozesu perfektua?
Hasteko eta behin, curriculuma bidali aurretik informazioa bildu behar da, enpresa oso ondo ezagutu. Gero, aztertu behar da ea lanpostu hori bat datorren guk dakigunarekin, guk nahi dugunarekin eta gu enpresaren alde egiteko prest gauden horrekin.

Guztiok ez dugu denerako balio; komertzial profila duen norbaitek nekez izango du ikertzailearen edo liburutegiko artxibozainaren profila. Hori ez da ez ona ez txarra; kirurgialari batek gaitasun jakin batzuk ditu, eta lehen mailako arretako mediku batek edo ohatilari batek beste gaitasun batzuk ditu. Ez dugu sartu behar gurekin bat ez datorren postu batean. Horrenbestez, aurrena informazioa bildu behar dugu, eta gero geure burua ezagutu, eta bi ardatz horien arteko komunikazio egokia azaldu behar dugu CV baten bitartez.

Behin elkarrizketa gainditzean –eta horretan zerikusi handia du aurkezpen gutunak, curriculuma irakurtzeko atea zabaltzen duelako–, mahaian egongo gara, zu eta ni, hizketan. Hor, azpimarratu behar duzu nola lagun dezakezun, zure ustez elkarrekin zer egin dezakegun zuk laguntzen baduzu. Eta horixe da ahalmena; elkarrizketa osoan ahalmena erakutsi behar da, zein den nire ahalmena, zuk zer lortuko duzun nigandik, nik zer lortuko dudan zugandik, denok zer lortuko dugun. Elkarrekin joan behar dugu. Nik uste hori izango litzatekeela prozesua; izan ere, azken erabakia, zu hartu ala ez, bestearen eskuetan egongo da.

Dakigula, nahi dugula eta ahal dugula erakusten badugu, primeran.