Eduki publikatzailea

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak berretsi du UPV/EHUko errektore ohiak, Iñaki Goirizelaiak, zuzen jardun zuela, UGT sindikatuak jarritako kereilaren aurrean

Auzitegiak UPV/EHUk eta ministerio fiskalak planteatutako argudioak berretsi, eta atzera bota ditu sindikatuak prebarikazio eta funtsen bidegabeko erabileragatik jarritako akusazioak.

Lehenengo argitaratze data: 2017/03/22

Hedabide batean "la universidad era un coladero para dar títulos a etarras" adierazpena kaleratu ondoren, garai hartan Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko errektore zenak kontsulta bat egin zion Lege Zerbitzuari, legez egin zitezkeen ekintzen berri izateko. Hala, zerbitzuok ondorioztatu zuten bide bakarra zela auzi bat aurkeztea, errektorearen ohorea defendatzeko eskubideari lotuta.

Ondoren, UGT sindikatuak kereila bat jarri zuen, errektoreari prebarikazioa eta funtsen bidegabeko erabilera egotzita; izan ere, haren iritziz, aurreko errektoreak ez zeukan defendatu beharreko ohorerik eta prozedura zibilaren gastuak unibertsitateko funts publikoen kargura ordaindu zituen. Getxoko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 4. zenbakiko Epaitegiak kereila artxibatu zuen, eta, horren aurrean, sindikatuak beste errekurtso bat jarri zuen, apelaziokoa kasu horretan, Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren aurrean.

Orain emandako epai berrian, Auzitegiak Getxoko Epaitegiaren artxibatzea berretsi du, eta zalantzarik gabe baieztatu du sindikatuaren tesiari ezin zaiola eutsi eta Iñaki Goirizelaia errektorearen jardunean ez zela egon ez prebarikazio deliturik, ez funtsen bidegabeko erabilera deliturik; hortaz, horrela, Euskal Herriko Unibertsitateak eta ministerio fiskalak emandako iritzia babestu du.

"Goirizelaia jaunak", Auzitegiaren iritziz, "unibertsitatearen testuinguruan erakundearen aurkakotzat jotzen den eraso baten aurka jardun zuen, Unibertsitatearen Lege Zerbitzuari kontsultatu ondoren eta haren irizpenari jarraituta ", eta modu esplizituan honako hau adierazten du: "Zalantzan jarritako errektorearen jarduera hura bere erantzukizunen esparrukoa zen".