Ogi apurrak

ostirala, 2017ko uztailaren 14a

Enrique Barón, ekonomista eta abokatua, Europako Parlamentuko presidentea 1989 eta 1992 urteen artean

«Gailentzen ari den potentzia da Europa, superpotentzia ikusezina»

UPV/EHUren Nazioarteko Zuzenbidearen eta Nazioarteko Harremanen uda Ikastaroei lotuta, Vitoria-Gasteizko Udalak "Francisco de Vitoria" domina eman dio Jacques Delors-i, 1985 eta 1995 urteen artean Europako Batzordeko presidente izandakoari. Ohorezko aitortza horretan, azken hamarkadetan Europan gertatutako aurrerapen garrantzitsuenak ulertzeko funtsezko pertsona izatea aintzatesten zaio Delorsi. Domina Enrique Barónek hartu du haren izenean; 1989-1992 aldian Europako Parlamentuaren presidente izan zen eta Delorsekin elkarlanean aritu zen Europako Batasunarentzat gako izan zen garai hartan.

Elkarrizketan bi adituk parte hartu dute: Juanjo Álvarez UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna eta Europako Batzordeak aditu independente gisa izendatutakoa askatasunaren, segurtasunaren eta justiziaren alorretarako, eta José Luis de Castro, Nazioarteko Harremanen irakasle titularra eta Jean Monet Katedra.

1989. urtean hartu zenuen Europako Parlamentuko lehendakaritza. Nola irudikatzen zenuen orduan gaur egungo Europa, 28 urte beranduagokoa?
Europa indartsuago eta bateratuago bat desio nuen. Eta ez dugu dena lortu, baina Europako Parlamentuko presidente hautatu nindutenean, 12 estatu ginen Europako Batasunean, 380-390 milioi biztanle. Orain, gertatutakoak gertatuta ere, eta geure burua kritikatzeko dugun grinaz haratago, 500 milioi lagun gara, Brexitarekin zer gertatzen den ebatzi arte. 28 estatu gara, 27 izango gara, baina itxarote-zerrenda dago. Moneta bakarra dugu, herritartasun partekatua dugu, eta Europako Batasun bat sortu dugu. Eta Europatik kanpo  badago uste duenik superpotentzia ikusezin bat garela.  Hori da gure erronka.

Eta zer moduz dago orain  Europa? Osasuntsu?
Erromako Itunaren 60. urteurrena bete berri da, eta geure arteko desberdintasunak desberdintasun, denok ospatu dugu, bai eta adierazpen bateratu bat sinatu ere, etorkizuneko lehentasun garrantzitsuenak zein diren esateko: Europa eraikitzen jarraitzea, hasierako proiektua berrestea eta aurrera eramatea; dimentsio politikoa ematea, arreta berezia segurtasunean eta defentsan jarrita ¬—europarrak gaur egungo munduan kokatze aldera, eta ez etengabe geure zilborrera begira egoteko—; eta arima soziala eman behar zaio berriro, eta Europako egitura sozialera itzuli. Halaber, batasun ekonomikoa eta monetarioa indartu behar dira.

«Arima soziala eman behar zaio berriro Europari»

Masa kritikorik ikusten al duzu segurtasunaren arloan aurrera egiteko?
Oso garrantzitsua da segurtasunaren gaia nire ustez; Europako Batasunak ditu inguruan munduko konpondu gabeko gatazka gehien: Ukrainiatik hasi eta Afganistaneraino eta Somaliaraino, Libiako zulo beltza eta abar ez aipatzeagatik, edo Ekialde Ertaineko egoera, Iraken eta ondotik Sirian hasitako hondamendiaren leherketa, gatazka  arabiar-israeldarra beti latente...  Horretaz jabetu behar dugu, baita honetaz ere: paradisua gara gure ingurukoentzat; arazo asko ditugu, bai, baina Mediterraneoa gurutzatzera ausartzen direnek, eta itota hiltzeko arriskua dutenek, paradisura iritsiko direla uste dute. Eta ez dira errefuxiatuak bakarrik. Izugarrizko dinamika demografikoa du gure hegoaldean dugun kontinenteak, Afrikak.  Asko dugu jokoan, eta, horrexegatik, segurtasun-politikez jabetu behar dugu.

Errefuxiatuen dramaren gaian, nor jotzen da erantzule?
Ezin da orokortu: suediarrek adierazten dute elkartasunik handiena,  haiek ematen dute asilo gehien. Alemaniak ere bai, eta, Alemaniak, gainera, ez du bakarrik arrazoi ekonomiko eta demografikoengatik egin; politikoki horretara behartuta sentitu dira, demokrata alemaniarrek asiloari esker iraun baitzuten bizirik. Espainian ere demokratek ia bi mende iraun dute bizirik asilo-eskubideari esker, baina orain ez dago prestutasun handirik, ezta memoria askorik ere. Nork bere teilatupeari begiratu behar dio, nola ote dagoen.

Errefuxiatuen krisiaren gaian, esan beharra dago erantzuna ez dela perfektua izan. Europa ez du arazoa sorburutik landu, ez gara nahikoa aktiboak, baina egia da, halaber, Europa bere gain hartzen ari dela laguntza humanitario guztia, eta ez dela hainbeste ari gatazka-lekura armak bidaltzen; beste batzuk eraginkortasun askoz handiagoz ari dira horretan.

Gazte unibertsitarioek ez dute bizi izan zergatik sortu zen Europa, eta Erasmus belaunaldia ezagutu dute bakarrik. Segurutzat jotzen dute hori dela gauzen ordena naturala, eta agian ez dira jabetzen zer ondorio izango lituzkeen Europa ez egoteak…
Zer gertatzen da Erasmus belaunaldiarekin? Bada, Europa beren dimentsioaren parte da, beren habitat naturalaren parte, eta, nire ustez, oso gauza positiboa da hori. Hain zuzen, Britainia Handiaren kasuaren eztabaidaren puntu bat da ea zer interes zegoen tarteko Cameronen gobernuan erreferenduma unibertsitate-ikasturtea amaituta zegoenean egiteko, gazteak sakabanatuta zeudenean. Eta hori ordaindu dute. Eta orain, britainiarren eztabaida bukatuta ez dagoen honetan —jakinarazpena egin da eta negoziazioak hasi besterik ez dira egin—, lantzen ari diren gaiak dira ez dadila barne-mugarik egon, Europako Batasunean ikasi eta bizitzeko aukera egotea, ikerketa- eta garapen-programak egon daitezela... nire ustez, hori da habitat naturala. Eta horixe ikusten dut unibertsitateetara eta eztabaidaguneetara  joaten naizen aldiro; beti dago pil-pilean gaia eta mobilizatzeko gaitasuna du.

«Erasmus belaunaldiarentzat Europa beren habitat naturala da»

Potentzia gisa, Europa gailentzen ari da ala gainbehera doa?
Gailentzen ari da eta sendotzeko bidean dago. Eta ez da gehiegi esatea superpotentzia ikusezina dela. Eta, gainera, aurrera jarraitzea dugu jokoan: edo sendotzea lortu, edo historiatik desagertuko gara.Munduko bigarren erreserba-moneta du Europak, lehenengo merkataritza-potentzia da, Europako eredu soziala irudikatzen du… Pekingo unibertsitate garrantzitsuenetako batera joatean, hango irakasleren baten eskutik zera entzun daiteke: "ezin duzue imajinatu ere egin zer ospea duen Europako eredu sozialak Txinan"; tira, bada defendatu dezagun, ez deuseztatu. Eta Amerikatik, Afrikatik, Asiatik ibiltzean, kanpoan, eskaria handia da Europak protagonismo eta presentzia handiagoa izan dezan. Horrexegatik da ikusezina: geuk ez dugu eta ikusten! Sinetsi egin behar dugu, hori da lehenengo lana.

 

Irudian: ezkerretik eskumaa, José Luis de Castro, Enrique Barón eta Juan José Álvarez (Argazkia: Nuria González. UPV/EHU)

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.es