Eduki publikatzailea

Antipsikotikoek kalte kognitiboak sortzea eragiten duen burmuin mekanismoa identifikatu dute

Lehenengo argitaratze data: 2017/08/23

Irudia

UPV/EHUko eta CIBERSAMeko ikertzaileek farmako antipsikotikoek eragindako hanturazko mekanismoak aurkitu dituzte burmuinean, hain zuzen ere, memorian, atentzioan eta eginkizunen planifikazioan arazoak sortzen dituztenak. Narriadura kognitibo horrek gaixotasun mentala "kroniko bihurtzen" lagunduko luke. Aurkikuntza honek bidea zabaldu du aurrerapenak egiteko mekanismo horiek inhibitzea eta ondorio kaltegarriak blokeatzea lortuko duten beste farmako batzuetan, oraindik esperimentazio fasean daudenetan, Javier Meana UPV/EHUko eta CIBERSAMeko ikertzaileak adierazi duenez. Ohartarazi dute, hala ere, tratamendu antipsikotikoak goiz kentzeak haluzinazioak eta delirioak izateko arriskua handitzen duela.

Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroko Osasun Mentalaren arloko (CIBERSAM) ikertzaileek, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Neuropsikofarmakologia Ikerketa Taldekoek, argitu egin dituzte antipsikotiko atipikoak etengabe hartzen dituzten, eta, bereziki, dosi handietan hartzen dituzten eskizofreniadun pertsonetan narriadura kognitiboa eragiten duten mekanismo zelularrak. Azterlanak, abuztu honetan Nature Neuroscience aldizkarian argitaratutakoak, erakutsi du farmakoek serotonina hartzailean eragiten duten blokeoak burmuinean hantura bide garrantzitsu bat aktibatzen duela eta jarduera kognitibo dinamikoa mantentzen duten sinapsien morfologia eta funtzioak aldatzen dituela.

Zelula ereduetan, eskizofrenia izan duten hildakoen burmuin ehunetan eta farmakoekin tratatuak izan diren genetikoki eraldatutako animalietan saiakuntzak egin ondoren, anomalia sinaptikoak ikusi dira, zenbait alterazio kognitibo sortzen dituztenak, besteak beste, zailtasunak laneko memorian eta objektu ezagunak eta berriak bereizteko gaitasunean.

Horrez gain, azterlanak agerian utzi du defizit kognitibo horien jatorrian dagoela DNAren adierazpena geldiarazten duten HDAC2 proteinen aktibitate aldaketek burmuineko gene adierazpenean eragiten duten birmoldaketa. Javier Meana UPV/EHUko ikertzaileak azaldu duenez, aurkikuntza horrek bidea zabaldu du aurrerapenak egiteko proteina horiek inhibitzea eta tratamendu antipsikotikoek eragindako ondorio kaltegarriak blokeatzea lortuko duten beste farmako batzuetan, oraindik esperimentazio fasean daudenetan.

Nazioarteko hainbat zentrotako –besteak beste, CIBERSAMeko– ikertzaileek osatutako partzuergo batek argitu egin ditu, bada, antipsikotiko atipikoekin egindako tratamenduen ondorio kaltegarriekin lotutako mekanismo zelularrak, bereziki, farmako horiek dosi handietan ematen direnean. Eskizofreniaren aurkako tratamenduekin lotutako arazo kognitiboak, eskizofrenia kronikoa egiten lagun dezaketenak, honako hauek izango lirateke besteak beste: arreta eutsirako arazoak, eginkizunak gauzatzeko buru zalutasunik eza eta etorkizuneko eginkizunak planifikatzeko zailtasunak.

Lotura gaixotasun metabolikoekin

Farmako antipsikotiko atipikoak –tipikoak baino modernoagoak– erabiltzen dituzten tratamenduek gaixoen lokomozio jarduerarekin lotutako arazoak desagerrarazi dituzte, baina badirudi, arazo kognitiboak sortzeaz gain, obesitatea eta II motako diabetesa bezalako gaixotasun metabolikoak izateko arriskua ere sortzen dutela, baita arrisku kardiobaskularra areagotu ere.  Hala ere, Javier Meanak azaldu duenez, tratamendu horiek ezin dira goiz kendu, hori eginez gero, haluzinazioak eta delirioak berriz ager daitezkeelako. Erronka da tratamendu horien ondorio kaltegarriak ekiditea, tratamenduok duten eraginkortasun antipsikotiko garrantzitsua mantenduta.

CIBERSAM

Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroa (CIBER) Carlos III Osasun Institutuaren (Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa) menpe dagoen partzuergo bat da, FEDER funtsekin batera finantzatutakoa. CIBERek 25 ikertalde ditu Osasun Mentalaren arloan (CIBERSAM) eta taldeok ikerketa klinikoa, preklinikoa eta translazionala egiten dute. Batez ere, nahasmendu mentalak aztertzen dituzte bertan, besteak beste, depresioa, eskizofrenia, nahasmendu bipolarra, antsietate nahasmenduak, haurren eta nerabeen nahasmendu mentalak, baita berrikuntza terapeutikoa ere.

UPV/EHUko Neuropsikofarmakologia taldea

UPV/EHUko Neuropsikofarmakologia taldea CIBERSAMen barruan dago eta BioCruces Osasun Ikerketa Institutuan atxikitua dago Javier Meana irakasleak zuzentzen du. Taldearen interesgune nagusia da eskizofrenian narriadura kognitiboa eragiten duten mekanismoak eta koadro psikotikoak sor ditzaketen faktoreak aztertzea. Erreferentziako taldea da nazioartean gaixotasun mentalen substratu biologikoen azterketan eta gaixotasun horien aurkako tratamendu berri eta eraginkorragoen garapenean.

Erreferentzia bibliografikoa