Ogi apurrak

ostirala, 2017ko azaroaren 10a

Mentoring: lan orientabidea baino gehiago

EHUalumni programaren bitartez, UPV/EHUn titulua atera berri dutenak harremanetan egon daitezke lan orientabidetik haratago informazioa eta aholkuak emango dizkieten gidariekin

Zer egingo dut orain, unibertsitateko titulua atera berri dudala? Nola lagun diezaieket ikaragarri gustatzen zaidan nire lan mundura sartu nahi dutenei? Bi galdera horien erantzuna EHUalumniren Mentoring programan aurki daiteke. Izan ere, programa honek titulua atera berri dutenen kezkak eta profesionalen esperientzia uztartzen ditu; denek lotura bera dute: Euskal Herriko Unibertsitatea. Mentoringek lehenengo esperientzia burutu du, eta programan parte hartu dutenak oso pozik gelditu dira emaitzarekin.

"Galduta bazabiltza, programak gidatu egiten zaitu eta bideak aurkitzen laguntzen dizu. Lan orientabidea baino gehiago ematen dizu. Lehenengo saioa gogorra eta oso nekagarria izan zen, baina asko gustatu zait, eta lehenago buruan ez nituen ateak ireki dizkit", azaldu du Janire Malda kazetariak. Maldak Mentoring esperientzia pilotuan parte hartu du Zaira Vicente matematikari eta coacharekin batera, zeina talentuaren garapenean espezializatua baitago. UPV/EHUn ibilitakoak dira biak ala biak.

Janire Malda gazteak, nahiz eta bazuen eskarmentua hedabideetan, lan bizitza aldatu nahi zuen, baina ez zeukan oso garbi nora jo. Lan orientabiderako zerbitzuak emandako aholkuak aplikatuak zituen. Hori dela eta, esperientzia pilotuan parte hartzea proposatu ziotenean, ez zuen pentsatu ere egin.

Zaira Vicente, berriz, bestelako motibazio batek bultzatu du: hamar urtetik gora darama lan munduan, eta besteei bere ezagutzak transmititu nahi dizkie. "Programa honek nire filosofiarekin bat egiten du: gizartea aldatu nahi dut, eta horretarako modu bat da honelako programetan parte hartzea, besteei entzunez eta aurreiritzirik gabeko ikuspuntuak deskubritzen lagunduz", dio Vicentek. Vicente izan da Janire Maldaren gidaria, eta biak bat datoz esperientzia zeharo onuragarri eta aberasgarria izan dela eta besteei gomendatuko lieketela.

"Oso ondo antolatu gara elkarrekin", erantzun dute lan egiteko moduaz eta elkartzeko uneez galdetuta. "Programa irekia da, egutegi itxirik gabea, eta ez da beharrezkoa astero-astero elkar ikustea; horregatik, ederki moldatu ahal izan gara, eta ostiraletan biltzeko tarte bat aurkitu genuen —gogoratu du Zaira Vicentek—. Gainera, lau bilera egitea gomendatzen dute, baina guk hiru lan saio egin genituen; azkena luzeagoa eta gogorragoa izan zen, ez geneukalako laugarren saioa egiteko astirik, Janire Erdialdeko Amerikara baitzihoan boluntarioen proiektu batean parte hartzera".

Malda eta Vicente, esperientzia eta uda bukatu ondoren ere, elkarrekin harremanetan daude oraindik: harremanetan egoteko kanal bat dute, eta espero dute etorkizunean ere kanal horri eutsi ahal izatea. Biak oso gustura daude Mentoring programarekin. Gainera, Vicente oraindik ere prest dago proiektuan parte hartzeko; Janire Maldak, berriz, boluntariotzaren eta lankidetzaren alorrera bideratu du bere lan bizitza, eta etorkizunean gidari izatea espero du.

Lan orientabidea baino gehiago

Mentoring programa joan den maiatzean jarri zen abian, esperientzia pilotu gisa, eta lau gizonek eta lau emakumek parte hartu zuten: bi fisikarik, bi ingeniarik, historialari batek, soziologo batek, matematikari batek eta kazetari batek. Hala, bikoteak osatu ziren gidariekin eta gidatuekin, guztien ikasketak eta interesak kontuan hartuta, eta bikoteok maiatzaren 1etik uztailaren 31ra bitartean aritu dira elkarrekin lanean.

Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreorde Txelo Ruiz Vázquezen hitzetan, "Mentoring programa lan orientabidetik harago doa. Programaren bidez, hala gidariak nola gidatuak informazioa, beharrak eta iritziak partekatzen dituzte elkarrekin, eta, horrela, erronka laboral eta profesionalari behar bezala aurre egiteko aukerak azter daitezke".

Programan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da EHUalumnin, hots, UPV/EHUn ikasi duten edo titulazioko azken urtea egiten ari diren ikasleen sarean. Hamar urteko edo hortik gorako esperientzia dutenak gidari izan daitezke, eta ikasketak duela hiru urte baino gutxiago bukatu dituztenak edo ikasketak amaitzear daudenak, berriz, gidatuak izan daitezke.

Esperientzia, gaitasunak eta ezagutzak partekatzen

Programan, gidariak bere esperientzia eta ezagutzak azaldu eta jarraibideak emango dizkio gidatuari. Hauexek izango dira horretarako tresnak: elkarrizketa, hausnarketa eta entzute aktiboa. Hala, gidariak, bere eragina eta lider izateko gaitasuna hobetzen dituen heinean, gidatuak emango dizkion lan ikuspegi berriak bereganatuko ditu.

Esperientzia honen bidez, lanean berriki hasi denak edo hastear denak lan munduan sartzeko prozesu horretarako orientabidea eta laguntza segurua eskuratuko ditu, eta, era berean, bere proiektua lantzeko eta gauzatzeko edota lan munduan hasteko edo aurrera egiteko aukera izango du. Horrez gain, bizitza profesionalean oso kontuan hartzen diren gaitasunak garatuko ditu: konfiantza, autonomia, hausnarketa, autokontrola, erresilientzia... Azken batean, pertsona eskarmentudun batekin harremanetan egongo da, zeina erronka profesionalei aurre egiteko eredua izango baita.

EHUalumni hasia da ikasturte honetarako beste Mentoring deialdi bat prestatzen. 2018ko lehen seihilekoan, bikote berriak elkarlanean hasiko dira. Hala, urtarriletik ekainera bitartean lau aldiz bilduko dira; lehen bilera aurrez aurrekoa izango da, baina gainerakoak online egin daitezke. Bikoteak berak antolatuko du bere agenda, bientzat ahalik eta erosoena eta errentagarriena izan dadin. Programak irauten duen aldian, eskura izango dute EHUalumni osatzen duten teknikarien esperientzia eta laguntza.

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.es