Eduki publikatzailea

Badira 16.000 urte inguru urrutiko kultura harremanak daudela

Hori erakusten du La Covaciella kobako Paleolitoko labar arteari buruz UPV/EHUko Historiaurreko Taldeak egindako azterlan monografikoak

Lehenengo argitaratze data: 2015/04/01

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko Taldeak parte hartu du Asturiasko La Covaciella kobari buruzko azterlan batean. Horren bidez erakutsi da Paleolitoko gizarteen artean bazeudela harremanak eta interakzioak, gutxienez, orain dela 16.000 urte.

La Covaciella koba (Cabrales, Asturias) Munduko Ondare izendatu zuen UNESCOk 2008an, eta Goi Paleolitoko pintura eta grabatuen multzo bikaina gordetzen du barnean. Zeinu abstraktuez eta ahuntz eta elur oreinen irudiez gain, nabarmentzekoak dira bisonteak; izan ere, naturalismo handia dute eta ikusgarria da anatomiaren xehetasunetan eta barneko bolumenen tratamenduan jarritako arreta. Gainera, zenbait irudi tekniken konbinazio konplexu baten bidez egin ziren, eta horrek erakusten du zer-nolako maisutza eta ezagutza teknikoa zuten orain dela 16.000 urte inguruko giza taldeek.

UPV/EHUko Historiaurreko Taldeak Giza Eboluzioaren ezagutza du aztergai bere lanetan; zehazki, artearen jatorriari eta bilakabideari buruzko ikerlerroan dihardu. La Covaciella kobaren azterlan monografikoa bi urteko lanaren emaitza da, eta beste unibertsitate eta ikergune batzuetako ikertzaileekin lankidetzan egin da. Aurrerapen nabarmena ekarri du Europan bizi izan ziren lehenengo gizaki modernoen ahalmen sinbolikoen ezagutzan.

La Covaciella kobako labar artea Paleolitoko gizarteen harreman eta interakzioen adibidea da. Europan, Frantziako eta Iberiar Penintsulako beste aztarnategi batzuetan antzeko irudiak egoteak azaltzen du giza taldeek distantzia handiak ibiltzen zituztela, ideia trukea zegoela eta kultura funts batua eta partekatua zutela.