Eduki publikatzailea

Errendimendu akademikoa hobea da adimen emozional altuko ikasgeletan

Ikerketa baten arabera heziketa emozionalak informazioa prozesatzeko lana errazten du eta ulerkorragoa egiten du ikasitakoa

Lehenengo argitaratze data: 2016/02/05

Irudia
Aitor Aritzeta, Psikologia Fakultateko irakaslea

Ikasgelan emozioen eragina aztertu duten ikerlanen emaitzei esker, eskola-ingurumenean sortzen diren arazo askok emozioen eremuan dutela sorrera jakin da. Jatorria, batez ere, emozioak modu egokian kudeatzeko gaitasun gabezian egon da. Emozioek informazio garrantzitsua ematen dute gizabanakoaz, norbanakoaren eta besteen desira eta premiez, besteengan eragina duenaz edo pertsonen jokaera gidatzen duten arrazoiez.

Aitor Aritzeta Psikologia Fakultateko irakasleak koordinatutako UPV/EHUko ikerketa baten arabera ikasgeletan emozio horiek egoki kudeatzen badira, errendimendu akademikoa hobea izatea lortzen da; hots, heziketa emozionalak informazioa prozesatzeko lana errazten du eta ulerkorragoa egiten du ikasitakoa.

Hezkuntza asko aldatu da azken hamarkadetan, hezkuntza sistemak gero eta egokituago daude eskola-ingurumenean sortzen diren emozioen inguruan egin diren aurkikuntzetara, eta gaitasun kognitiboez gain, gaitasun integralak lantzen dira: emozioak, ahalmen musikala, linguistikoa, kinetiko-espaziala, komunikazioa, talde-lana, eta abar luze bat. Horietako bat, adimen emozionala, hain zuzen, definitu daiteke gizabanakoak modu egokian eta zehatzean emozioak eta sentimenduak hautemateko, ulertzeko eta erregulatzeko duen gaitasuna bezala.

"Banakako adimen emozionala garrantzi handikoa da eskolako portaera ulertu eta aurresan behar denean; baina ikasleen portaera testuinguru batean sortu da eta ez da testuinguru horrekin loturarik gabea. Ezinezkoa da gertaera bat norbanakoaren bereizgarrietan bakarrik oinarrituta erabat azaltzea. Ezinbestekoa da gertaeran eragina eduki dezaketen testuinguruko aldagaiak eta aldagai sozialak kontuan hartzea; hots, taldeko adimen emozionalaz ohartzea. Ikasgelan emozio esperientziak partekatzen dituzte ikasleek, eta esperientzia horiek banakoen portaeretan eragina izan dezakete, indar gehiagoz edo gutxiagoz. Hain zuzen ere, gaur egun, emozioen azterketa jarduera klabea bihurtu da ikasgelako elkarreraginak ulertzeko eta ikasleek ikasteko duten motibazioaren patroiak arakatzeko. Ikasgelaren testuinguruan ikasleak bereziki sentiberak dira esperientzia akademikoen esanahi emozionalarekiko eta beren lagunen esperientzia emozionalekiko, lagun horiek hurbil aurkitzen direlako eta sozialki garrantzitsuak direlako", argitu du Aitor Aritzeta ‘European Journal of Education and Psychology' aldizkarian argitaratutako ‘Classroom emotional intelligence and its relationship with school performance' ikerketaren koordinatzaileak eta UPV/EHUko Psikologia Fakultateko irakasleak.

Analizatutako 59 ikasgela

Ikerketaren helburuak bi ziren, alde batetik, ikasgeletan, taldeko adimen emozionala neurtzeko gai izango den galdera sorta bat garatzea; eta, bestetik, adimen emozional altuko ikasgelen eta errendimendu akademikoaren arteko harremana behatzea. Aritzetak koordinatzen duen Qualiker ikertaldearen lanari esker,  taldeko Adimen Emozionala neurtzeko galdera sorta garatu da 16 itemez osaturikoa. Zenbaterainoko trebetasunak hautematen dituzten taldekideek beren taldeko emozioetan arreta jartzeko, emozioak egoki adierazi eta ulertzeko eta emozio egoera positibo edo negatiboak kudeatu eta ordezkatzeko neurtzen ditu galdera sortak.

Qualikerreko ikerlariek aztertu dituzte 13-19 urte bitarteko 794 nerabek osotutako Euskal Autonomia Erkidegoa 59 ikasgela, adimen emozional altua eta errendimendu akademikoa positiboki erlazionatuta agertzen den ikusteko. "Adimen emozional altuko ikasgeletan (galdera-sortari erantzunez emaitza altuak atera dituzten gelak), errendimendu akademikoa (noten batez bestekoa) handiagoa dela behatu dugu. Horrek ez du esan nahi emaitza txarrik duen ikaslerik ez dagoenik, baina gelako ikasle guztien noten batez bestekoa handiago da. Zergatik gertatzen da hori? Bada giro emozional positiboko gelatan dauden ikasleek eta gela horiekin oso identifikatuak daudenek irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan moldakortasun gehiago agertzen dute eta emaitza akademiko hobeak lortzen dituzte, gelarekiko identifikaziorik ez duten ikasleek eta giro emozional negatiboko gelatan daudenek baino. Azken finean, informazioa prozesatzeko lana errazten du eta ulerkorragoa egiten du ikasitakoa", jakinarazi du Psikologia Fakultateko ikerlariak.

Ikasgeletako adimen emozionala neurtzeko sortu duten galdera-sorta berritzaileaz ohartarazi du Aritzetak: "Garatutako galdera-sortak, Trait-Meta Mood Scale (TMMS-G) izena duenak, aukera ematen du nerabeen taldeko portaera emozionalari buruz informazio zehatza eskuratzeko. Informazio hori oso baliagarri izan liteke Adimen Emozionaleko gaitasunak gehitzera zuzendutako programak diseinatzeko eta trebetasun emozionalen taldeko kontzientzia nahiz banakako kontzientzia hobetzeko. Honengatik guztiarengatik, pentsatzen dugu hezkuntza-komunitatearen esku jartzen dugun tresna hau oso baliagarria dela gazteen eta nerabeen garapen psikosozialaren prozesuak sustatzen dituzten taldeko giro emozionalak diagnostikatzeko (TMMS-G galdera-sorta eskuragarri dago Qualiker ikertaldearen eskutik edo aitor.aritzeta@ehu.eus helbide elektronikoan)".

Erreferentzia bibliografikoa

Aritzeta, A., Balluerka, N., Gorostiaga, A., Alonso-Arbiol, I., Haranburu, M. y Gartzia, L. (2016). Classroom emotional intelligence and its relationship with school performance. European Journal of Education and Psychology, 9(1), 1-8. doi: 10.1016/j.ejeps.2015.11.001

 

Argazkien egilea: Nagore Iraola