Eduki publikatzailea

Euskaldunak komunikabideen aurrean: iritzien, ohituren eta jarreren azterketa

Gorka Salcesen tesia enpresen eta unibertsitatearen arteko elkarlana sustatzen duen UPV/EHUko Zabalduz programaren baitakoa da

Lehenengo argitaratze data: 2016/04/29

Irudia
Gorka Salces

Gorka Salces ikerlariak "Euskaldunak komunikabideen aurrean: iritzien, ohituren eta jarreren azterketa kualitatibo eta kuantitatiboa" tesia defenditu du berriki UPV/EHUn. Ikerlanean azaldu du euskarazko komunikabideak kontsumitzeko orduan eragiten dutela euskaldunen hizkuntza-gaitasunak zein -erabilerak, hizkuntzarekiko motibazioak, aldagai soziodemografikoek, hizkuntzaren tokian tokiko egoerak, erabiltzaileen identitateak eta hedabideen eskaintzak, besteak beste.

Tesi proiektu hori enpresen eta unibertsitatearen arteko elkarlana sustatzen duen UPV/EHUko Zabalduz programaren baitakoa da, eta, zehazki, Hekimen Elkartearen, eta UPV/EHUko NOR ikerketa taldearen arteko elkarlanak egin du posible. Izan ere, Zabalduz egitasmoak Unibertsitatearen eta erakunde sozioekonomikoen arteko ezagutzaren transferentzia eta elkarlana sustatu nahi ditu. Horrela, bere tesi proiektua UPV/EHUn egiten ari diren 35 lagunek parte hartu dute programan, unibertsitatearen eta ingurune produktibo eta sozialaren arteko harremanak indartuz eta estutuz. Egitasmoak eman ditu lehenengo fruituak, eta Gorka Salcesen ikerlana da horren erakusgarri. 

Euskarazko komunikabideek "erronka bikoitzari" aurre egin behar diotela azaltzen du ikerlanean Salcesek: "Alde batetik, mundu mailako krisia bizi dute komunikabideek, bat-batekotasunean oinarritutako ohitura komunikatiboak eta doako edukiak orokortzearen ondorioz. Bestetik, euskal hiztunen tipologia asko ugaritu da azken hamarkadetan, eta, hortaz, identifikatzen errazagoa zen publiko potentzialarentzako produktuak sortzetik ezaugarri jakin batzuei lotzen zailagoa den komunitate bati zuzendutako produktuak ekoiztera igaro dira euskarazko hedabideak".

Hala, euskaldunen iritziek, ohiturek eta jarrerek kontsumoan izan dezaketen eraginaz jabeturik, proiektuak "aldagai horien nolakotasuna eta jatorria identifikatzea" izan du xede, etorkizunera begira sektoreak bere publiko potentziala hobeto ezagutu eta estrategia berriak jorra ahal ditzan.
Kontsumoaren aldetik, besteak beste, erdarazko komunikabideek Euskal Herriko panorama mediatikoa menderatzen dutela zehaztu du ikerlariak. "Prentsaren esparrua, zehazki, monopolistikoa izatetik gertu dago. Hala, komenigarria litzateke galdetzea zeintzuk diren erdarazko prentsak monopolioa mantentzearen arrazoiak. Eta zer egin beharko lukeen administrazioak bi hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna bermatzeko, baita komunikabideen arloan ere".

Etorkizunean euskarazko hedabideen bilakaera nolakoa izango den tesiaren planteamenduetatik kanpo gelditzen den arren, ikerlariak uste du gaur egungo euskarazko komunikabideen sektorea "jasangarria badela erakutsi duela (ahalegin handiaren eta soldata baxuen truke, maiz)," eta azken urteetako joera "proiektu berriak sortzekoa eta eduki- zein lurralde-hutsuneak betetzekoa izan dela. "Nire irudiko, hori da bidea, baina bitartekoak ere jarri behar dira gutxieneko garapen aukerak emateko hedabide berri horiei", ohartarazi du.

Enpresa eta erakundeentzat funtsezkoak

Zabalduz egitasmoak doktoreen balioa erakutsi nahi du, jakintza zutabe duen gizarte berritzailea eraikitzeko oinarrizko euskarri legez. Hala, doktoretza duten lagunak unibertsitatearentzat edo zentro teknologikoentzat garrantzitsuak izateaz aparte, enpresa eta erakundeentzat ere funtsezkoak direla frogatu gura du.

2013an abian jarri zen Zabalduz ekimenaren helburuak ondorengoak ziren: graduatu doktoreen kopurua areagotzea; esparru guztietako I+G+B gaitasuna areagotzea, ezagutza errazago transferitzeko Unibertsitatearen eta gizartearen artean; enpresa eta gizarte testuinguruan lanpostu gaituak sortzen laguntzea; doktore maila lortzen duten pertsonen enplegagarritasuna areagotzea enpresa testuinguruaren barnean; doktoreek, ingurune produktibo eta sozialeko berrikuntza prozesuetarako funtsezko elementu gisa, gizartean duten irudiaren balorazioa hobetzea; unibertsitatearen eta ingurune produktibo eta sozialaren arteko harremanak indartzea eta estutzea, elkarrenganako ezagutza hobetuz.

Gorka Salces: Historia ikasketak egin zituen UPV/EHUn, eta Berria egunkarian urtebetez erredaktore bekaduna izan ostean unibertsitatera itzuli zen doktore tesia egitera. Hiru urteko proiektua bukatuta, Euskal Hedabideen Behatokiko koordinatzaile lanetan dihardu. Aldi berean, ikerketa eta jolasa uztartzen ditu Errota Digitala elkartean.