Eduki publikatzailea

Energia berriztagarriak kostu baino onura gehiago eragin ditu Espainiako sistema elektrikoan

UPV/EHUko tesi batek ondorioztatu du energia-erregulazioa funtsezkoa dela sistema elektrikoa jasangarria izan dadin

Lehenengo argitaratze data: 2016/06/01

Cristina Pizarro
Cristina Pizarro

Energia berriztagarriak Espainiako merkatu elektrikoan 2008-2013 bitartean izan zuen eragina aztertu du UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean egindako doktore-tesi batek, garai hartan % 69 handitu baitzen ekoizpen berriztagarria. Ikerketan ondorioztatu dute elektrizitate berriztagarriak aurrezpen handiak eragin zituela Espainiako handizkako merkatuan, eta energia-politikaren diseinua funtsezkoa dela sistemaren jasangarritasuna bermatzeko.

Cristina Pizarro-Irizar UPV/EHUko telekomunikazio-ingeniariak Ekonomiako doktoretza-tesia egin du UPV/EHUko Ekonomia Analisiaren Oinarriak II Sailean. Doktoretza-tesian egindako ikerketa-lanak hiru helburu izan ditu: energia berriztagarriari ezarritako pizgarri-sistemak eragin zuen kostu ekonomikoa kalkulatzea, kontsumitzailearen ikuspegitik; energia berriztagarriak ekoizle konbentzionaletan izan duen eragina ikertzea, merkatu-eskaintzaren ikuspegitik; eta eskaintzaren malgutasunaren arabera kostuak murriztuko lituzketen prezio-estrategia posibleak identifikatzea, merkatu-eskariaren ikuspegitik. Horrenbestez, 2008-2013 bitartean energia berriztagarriaren ekoizpenak Espainiako merkatu elektrikoan zer eragin izan zuen aztertu du ikertzaileak, ikuspegi ekonomikotik, eta, horretarako, teoria ekonomikoa datu-analisiarekin eta simulazio-metodoekin konbinatzen dituen metodologia bat erabili du, eskaintzaren zein eskariaren ikuspegitik.

Ikertzailearen iritziz, "gai horiek guztiak garrantzitsuak dira, iturri berriztagarrietatik lortutako elektrizitateak eragiten dituen ingurumen-onurak eta onura sozioekonomikoak beren kostu ekonomikoekin alderatu behar baitira, teknologia horiek jaso beharko lituzketen pizgarrien maila optimoa zein den ebazteko". Tesia landutako gaien arabera, kapitulutan, banatuta dago, eta, benetako egoerei buruzko ondorioak jasotzeaz gainera, sistemaren jasangarritasuna lortzeko kontuan hartu beharreko zenbait alternatiba posible proposatzen ditu.

Ikerketan ateratako ondorioen arabera, tarifa- eta prima-sistema ez zen jasangarria izan 2010etik aurrera (teknologia eolikoaren eta hidrauliko txikiaren kasuetarako izan ezik). Iturri berriztagarrietako elektrizitatearen eragin ekonomikoa zenbatetsi zuten, teknologien arabera sailkatuta, eta ondorioztatu dute energia berriztagarriak garestiak izan zirela, baina, adibidez, eolikoaren kasuan, "kostu baino aurrezki gehiago lortu zirela, baita pizgarrien sistemarekin ere —azaldu du Pizarrok—. Baina, bestalde, ez zen lortu eguzki-energiari emandako pizgarriak itzultzea, hark sortzen zituen aurrezkietatik". Ikertzaileak adierazi duenez, "zalantzarik gabe, energia berriztagarriak merezi izan du Espainian eragin duen kostua. Energia berriztagarriak kostu baino onura gehiago ekarri dizkio Espainiako sistema elektrikoari, eta erregulazioaren papera funtsezkoa da sistema jasangarria izan dadin, energia berriztagarriarekin lotutako kostuak gehiegizkoak izan baitaitezke okerreko erregulazioen ondorioz".

Ikerketan agerian geratu da kostu hori txikiagoa izan zitekeela bestelako pizgarri-sistema bat erabiliz. Tarifa-sistema oro har garestia izan zela ikusirik (energia eolikoaren kasuan izan ezik), ordezko beste erregulazio-sistema batek Espainian zer eragin izan zezakeen aztertu dute: Ziurtagiri Berdeetan oinarritutako sistema. Hala, ondorioztatu dute 2009tik aurrera Ziurtagiri Berdeen merkatu bat askoz ere eraginkorragoa izango litzatekeela tarifatan eta primatan oinarritutako pizgarriak baino. Tarifa-sistema energia berdea ekoizteagatiko diru-laguntzatan oinarritzen da; "ziurtagiri berdeen sisteman, berriz, energia berdeen ekoizle bakoitzari hainbat ziurtagiri esleitzen zaizkio, salgai jar dezakeen energia berriztagarriaren kantitatearen arabera —azaldu du—. Energia berderik ez duten ekoizleek edo kontsumitzaileek ziurtagiri horiek eros ditzakete eta, hala, ekoizpen berriztagarria finantzatu. Merkatura orientatutako sistema bat denez, ez du hainbesteko eraginkortasun-arazorik, autorregulatu egiten baita (eskaintza gutxiago dagoen unean, prezioa murriztu egin baitaiteke)". Nolanahi ere, ikertzaileak dionez, ziurtagiri-merkatuaren erregulazio-parametroak behar bezala definitzen ez badira, sistemaren kostua tarifena eta primena baino handiagoa ere izan liteke.

Azterketaren beste ataletako batean, ikusi zuten energia berriztagarriek prezioari ez ezik, merkatuko beste partaide batzuen portaerari ere eragin zietela. "Ikusi dugu energia berriztagarriak Espainiako merkatu elektrikoan sartu zirenean, ziklo konbinatuko zentralek enkanteetako eskaintzen estrategia aldatu behar izan zutela —adierazi du—. Bi joera hauteman genituen: hasieran, merkatua lehiakorragoa bihurtu zen, 2009 eta 2010 bitartean; 2011tik aurrera, berriz, merkatu-kondizioen ondorioz (teknologia berriztagarri ugari egotea, tokiko ikatzaren erregulazioa eta emisioen salerosketen prezioak), eguneroko merkatuak erakargarritasuna galdu zuen ziklo konbinatuko sortzaileentzat, eta batzuk merkatuko partaidetza murrizten hasi ziren, prezio txikietan eskaintzen zen energia berriztagarriaren ondorioz".

Kontsumitzaileen erreakzioa

Tesiaren beste ataletako batean, energia berriztagarriak izan duen beste eraginetako bat argitzen saiatu dira: teknologia berriztagarri batzuek izaten dituzten etenek eraginkortasun-arazoak eragiten dituzte, sistema elektrikoa gutxi erabiltzen denean. "Erabilera-denboran oinarritutako tarifa batzuk diseinatu ondoren —azaldu du—, ikusi dugu eskaintzaren malgutasuna behar bezain altua bada kontsumitzaileek elektrizitate-prezioen aurrean erreakziona lezaketela eta portaera-eredu eraginkorragoa izan lezaketela". "Baldin eta kontsumitzaileak bere eskaera era eraginkorrago batean kudea badezake, energia berriztagarriek eragiten dituzten etenen arazoetako batzuk konpon litezke", ondorioztatu du Pizarrok. "Zenbait tarifa proposatu ditugu, eta haien bidez bultza daitezke kontsumitzaileak energia berriztagarri gehiago dagoen orduetan kontsumi dezaten elektrizitatea", erantsi du.

Tesiaren azken ondorio gisa, ikertzaileak adierazi duenez, ikerketan egindako kalkuluen arabera, "elektrizitate berriztagarriek aurrezpen handiak eragin zituzten handizkako merkatuan. Baina, energia-politikaren diseinua funtsezkoa da sistemaren jasangarritasuna bermatzeko". Nabarmendu du, halaber, energia-politika zuzenak aplikatuz, energia berriztagarrien esportatzaile bihur litekeela Espainia. "Sektore elektrikoan aplikatu diren atzeraeraginezko neurriak oso kaltegarriak izan dira bai ekoizleentzat bai sektoreak nazioartean duen irudiarentzat —amaitu du—. Atzerriko inbertitzaile askok ez dute nahi Espainiako berriztagarrietan inbertitu gaur egun, Espainian dagoen ezegonkortasun juridikoa dela bide".

Informazio osagarria

Cristina Pizarro-Irizar (Valentzia, 1982) telekomunikazio-ingeniaria da, eta Ekonomia doktoretza amaitu du berriki. Essays on the effect of Renewable Energy production in the Spanish electricity market izenburuko tesia Eusko Jaurlaritzako doktoretza-aurreko beken programarekin finantzatu da, eta María Paz Espinosak eta Aitor Ciarretak zuzendu dute. Gaur egun, ikertzailea Basque Centre for Climate Changen (BC3) ari da lanean, doktoretza-osteko ikertzaile gisa.