Ogi apurrak

ostirala, 2017ko ekainaren 16a

Molekula konplexuak sintetizatzeko metodo berria

UPV/EHUk eta Züricheko Unibertsitateak elkarrekin ondutako azterlana Nature Communicationsen argitaratu dute

UPV/EHUko Kimika Saileko Enrique Gómez Bengoa irakasleak buru duen ikertaldeak, Züricheko Unibertsitateko Cristina Nevado irakaslearen taldearekin batera, azterlan bat argitaratu du berriki Nature Communications aldizkarian modelizazio konputazionalari buruz, sintesi kimikoko prozesua ulertu eta hobetzeko.

"Egungo medikamentu ia guztiak -Enrique Gómez Bengoak dioenez- prozesu oso bihurri eta sarritan korapilatsuetan industrialki sintetizatzen diren konposatu organikoak dira, eta garestiak dira. Jarduera biologikoa duten molekula organikoen familia horretakoak dira ere beste substantzia batzuk, adibidez, herbizidak edo pestizidak, eta ez horiek bakarrik, baizik eta organismo bizietan dauden molekula guztiak, hormonak, metabolito primario eta sekundarioak, edo elikagaiei usaina eta zaporea ematen dieten substantziak. Naturak substantzia horiek sintetizatu ditu espontaneoki milioika urtean, eta guk horiek laborategian prestatzen ikasi dugu, antzeko metodoak baliatuz batzuetan".

UPV/EHUko Kimika Saileko Enrique Gómez Bengoa irakasleak buru duen ikertaldeak Züricheko Unibertsitateko Cristina Nevado irakaslearen taldearekin batera egindako azterlanaren emaitzak berriki argitaratu dira Nature Communications aldizkarian. "Ikerketaren pisu handiena Nevado irakaslearen taldeak eraman du, hark baliatu baititu metodo esperimentalak, laborategiko erreakzioak. Bertan metodo berri bat garatu dute, oso indartsua, molekula zikliko batzuk, egituraz oso konplexuak, modu oso efiziente eta lasterrean sintetizatzeko, eta erreaktibo oso problematikoak erabili gabe. Deskubrimendua prozesu radikaliko batean (erradikalen erreakzioaren bitartez) oinarritzen da etapa bakar batean, lehen helburu bakar baterako hainbat etapa behar zirenean. Gure Donostiako lantaldearen ekarpena da erreakzio horiek kalkulu konputazionaleko metodoen bitartez aztertzea, horiek nola gertatzen diren, nolako mekanismoa duten ulertzeko helburuaz. Egun, ordenagailuek utzi egiten digute ‘ikusten' erreakzio kimiko batean atomoak nola mugitzen diren", Enrique Gómez Bengoa irakasleak azaldu duenez.

Izan ere, azterlan honetako kalkuluak UPV/EHUko kalkulu zientifikoko klusterrean egin dira, "puntakoa baita gai honetan, ikertalde askori ematen die zerbitzua, gure unibertsitateko Informatikako Zerbitzu Orokorretako langileen ezin besteko laguntzaz".

Informazio gehigarria

Nature Communicationsen argitaratutako azterlan horrez gain, badira beste lankidetza batzuk martxan, kimika organiko esperimentaleko hogei bat ikertalde bilduz Europako hainbat herrialdetan, adibidez, azterlan honen egilea den talde suitzarra. Gainera, Enrique Gómez Bengoa irakasleak buru duen ikertaldeak bi Marie-Curie ikerketa ildotan parte hartzen du, biak ere Europako Batzordeak finantzatuak, gazte ikertzaile eta doktoregaien prestakuntzarako eta Europako unibertsitate eta enpresen partaidetzaz.

Erreferentzia bibliografikoa

Shu, Wei; Llorente, Adriana; Gómez-Bengoa, Enrique; Nevado, Cristina.. Expeditious Stereoselective Synthesis of Elaborated Ketones via Remote Csp3-H Functionalization. Nature Commun. 2017, 8, 13832.
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.es