Eduki publikatzailea

Trackway proiektua, ikerkuntzaren eta aplikazio industrialaren arteko lotura

UPV/EHUren POLYMATek Europako hiru doktoregairen tesiak zuzentzen dihardu BASF bere arloan Europako liderra den enpresarekin batera

Lehenengo argitaratze data: 2016/07/22

Irudia
(ezk-esk) Gordana Siljanovska-Massimo Bandiera-Sil Nevejans

Polimeroak existitzen diren materialik aldakorrenak dira; neurri handi batean zizelkatu dute gizarte modernoa, eta, zalantzarik gabe, beharrezkoak izango dira gizadiak XXI. mendean dituen erronkei aurre egiteko (energiaren, uraren eta elikagaien baliabideak, osasuna eta iraunkortasuna). UPV/EHUren POLYMATaren ikerketak aztergai du polimero berriak nola garatu besteak beste energiaren ekoizpenean eta biltegiratzean, mintzetan, biomedikuntzan, elektronikan eta estalduretan erabiltzeko, ingurumenean inpaktu txikia duten ekoizpen metodoez baliatuta. Helburu hori lortzeko moduetako bat da ura erreakzio baliabide gisa erabiliz egitea polimerizazioak; izan ere, horrela, ez dago disolbagarri organiko kaltegarriagorik erabili beharrik. POLYMATeko Polimerizazio Prozesuak taldea liderra da fase urtarrean barreiaturiko polimeroen esparruan, eta mundu osoko enpresa nagusiekin batera lan egiten du.

Enpresa horietako bat BASF da, munduko kimika enpresa handienetakoa; harekin batera, POLYMATek EID (European Industrial Doctorates) programako proiektu bat lortu du Europako Batasunaren Horizonte 2020 egitasmoaren barruan. TRACKWAY (TRAining of innovative, Creative and entrepreneurial researchers in functional WAterborne dispersed polYmers) izeneko proiektu horren xedea da industria ikertzaileen hurrengo belaunaldia trebatzea, fase urtarreko polimerizazioaren arloko ikerketa berritzaileko proiektuak eta zeharkako gaitasunen inguruko diziplinarteko hezkuntza uztartuz. Proiektu horren harira, hiru ikasle ari dira prestakuntza jasotzen; beste funtzionaltasun batzuk eta ingurumen inpaktu txikiagoa duten uretan barreiaturiko polimeroen inguruko ikerketa proiektuak diseinatu dira haientzat. Hala, proiektuen bitartez, bakarrik konpontzen diren estaldurak, tenperaturari aurre egiten dioten uretan barreiaturiko itsasgarriak eta kutsatzailerik lixibiatzen ez duten kanpo pinturak lortu nahi dira.

Diziplinarteko prestakuntza

Doktoregaiek 18 hilabete egingo dituzte POLYMATen, José María Asua, María Jesús Barandiaran eta María Paulis irakasleak zuzendari dituztela, eta beste 18 hilabete arituko dira BASFen, Ludwigshafenen, Clemens Auschra, Roelof Balk eta Bern Reck doktoreen zuzendaritzapean. Horrela, ikasleek lan metodo desberdinak probatuko dituzte, eta diziplinarteko prestakuntza jasoko; horri esker, etorkizunean aurre egin ahal izango diote ezagutza eraldatu eta produktu baliagarri, iraunkor eta merkaturagarri bihurtzeko erronkari.

Proiektuko partaide nagusiak, hiru doktoregai europarrak, ehun eskatzaileren baino gehiagoren artetik hautatuak izan ziren: Sil Nevejans, Massimo Bandiera eta Gordana Siljanovska. Orain, hiru doktoregaiok 18 hilabeteko egonaldia egiten ari dira UPV/EHUn.

"Proiektuan parte hartuz –azaldu du Sil Nevejansek, Ganteko Unibertsitateko (Belgika) kimikariak–, zientzien inguruko ezagutzan sakonduko dut, baina pertsona gisa ere hazi egingo naiz, taldean lan egiten ikasiz eta beste hizkuntza eta ohitura batzuk ezagutuz; Euskal Herrikoak, kasurako". Doktoregai gazte horrek bakarrik konpontzen diren estaldurak ikertzen dihardu. "Uretan barreiaturiko film autosendagarriak sintetizatzeko prozesuaren estrategiak ikertzen ditut; film horiek estalduretan erabil daitezke, adibidez. Demagun autoa aparkatzera zoazela eta, nahi gabe, zutabe bat jotzen duzula eta marka txiki bat egiten diozula ibilgailuaren ateari. Polimero hori gai bada giro tenperaturan edo bero pixka batekin bakarrik konpontzeko, ez da ate osoa pintatu beharko", azaldu du Silek.

Veneziako (Italia) Ca' Foscari Unibertsitateko Kimikako gradudun Massimo Bandierak ere ontzat jotzen du Europako egitasmo horretan parte hartu ahal izatea. "UPV/EHUn egiten ari naizen egonaldia oso positiboa izaten ari da; ingurune barreiatuko polimerizazioaren arloan nagusi den ikerketa talde batean lan egiteko aukera daukat. Horrez gain, mundu osoko zientzialariekin lankidetzan aritu eta esperientziak truka ditzaket, eta, horren ondorioz, gaitasun pertsonalak hobetu. Alde horretatik, Euskal Herria leku paregabea da ikerketarako", adierazi du Massimok. Bandieraren ikerketaren oinarria koloide egonkortzaileak dira; horiek, kimikoki polimeroari lotuta, epe luzera ingurumen inpaktua murriztea ahalbidetzen dute. "Merkatuko latexak emultsionatzaileen bidez egonkortuta daude; molekula horiek, oro har, ez dira oso biobateragarriak eta biodegradagarriak izaten. Latex horiek kanpoalderako pinturen formulazioetarako aglutinatzaile gisa erabiltzen direnean, emultsionatzaileen zati handi bat lixibiatu egin daiteke fatxada eta teilatuetatik, eta ingurumenera isuri. Horrez gain, emultsionatzaile asko erabiltzeak kalte egin diezaioke pinturen eta estalduren funtzioari, urarekiko sentikortasuna areagotzen duelako eta substratuarekiko kohesioa murrizten duelako. Koloide babesleak erabiliz, konposatu kimikoen atmosferarako isuriak murriztu daitezke, eta filmen propietateak hobetu. Lan honetan urrats bat gehiago egin nahi da. Hain zuzen ere, polimeroari kimikoki lotzen zaizkion koloideak erabili nahi dira, lixibiatu ez dadin eta propietateei kalterik egin ez diezaien".

"Uste dut proiektu honetan izaten ari naizen esperientzia aukera paregabea dela ingurune barreiatuko polimeroei buruz ikasteko prestigio handiko zientzialarien eskutik. Horrez gain, hainbat herrialdetako ikasleak ezagutzea eta haiekin lan egitea ahalbidetzen dit, eta, horri esker, ohitura eta tradizio desberdinak ezagut ditzaket, baita harreman profesional berriak egin ere", esan du Skopjeko (Mazedonia) St. Cyril and Methodius Unibertsitateko Gordana Siljanovska kimikariak. Siljanovska ingurune barreiatuko itsasgarriek tenperaturari nola erantzuten dioten ari da aztertzen. "Imajina ezazu supermerkatura joaten zarela eta hestebeteak hutsean ontziratzeko eskatzen duzula. Plastiko hori ez da zigilatzen giro tenperaturan, baina, bero pixka batekin, itsatsi egiten da. Itsasgarri horrek tenperaturari erantzuten dio eta, industrian, bilgarrien arloan du erabilera nagusia". Hala, Siljanovskak beroarekiko sentikorrak diren itsasgarriak sintetizatzen ditu bere lanean, erradikalen bidezko polimerizazio kontrolatuaren bidez. Polimerizazio mota hori aurrez aipatutako bien desberdina da. Kasu honetan, polimero kateen egitura kontrolatzeko ahalmena duen molekula bat erabiltzen da. Egitura hori kontrola dezake, zenbat monomero unitate eta zer motatakoak barne hartzen dituen zehaztu dezakeelako. Beraz, polimero kristalinoak (gogorragoak) sorrarazten dituzten monomeroak eta polimero bigunak sorrarazten dituztenak modu kontrolatuan gehituz gero, tenperaturaren bidez aldatu egiten diren propietateak lor daitezke".

Argazkiak: UPV/EHU