Eduki publikatzailea

Hezkuntzaren Museoa, oroimenaren zaindaria

Lehenengo argitaratze data: 2016/10/24

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntzaren Museoa inauguratu da gaur goizean, Donostian. Bere helburu nagusia da "Euskal Herriko hezkuntzaren memoria historikoa berreskuratzea, zaintzea eta ezagutzera ematea". Iñaki Goirizelaia errektore; Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusi; Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Kultura eta Hizkuntza Politika arloko sailburu; Ana Arrieta, Gipuzkoako Campuseko errektoreorde; eta Pauli Dávila, Hezkuntza Museoaren zuzendari ekitaldiaren buru izan dira.

Hezkuntzaren Museoaren aurkezpena from UPV/EHU on Vimeo.

Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektoreak gaur adierazi duenez, "hezkuntza pertsona osoen heltze prozesua da, eta heltze hori balioekin egiten da, motibazioekin, ikuspegi kritiko batekin, justizia zentzuarekin, gizartearen zentzu eraldatzailearekin eta, jakina, tresna intelektualekin eta gaitasun profesionalekin".

"Hezkuntza bide bat da, gizadiaren historia bera bide bat den bezala", erantsi du, "eta haren geltoki bakoitza aurrekoaren gainean oinarritzen da, halako moldez, non bide luze horretako aurreko geltokiak ezagutzea modurik onena baita etorkizuna eraikitzeko: esperientzia onak aprobetxatuta, baina aintzat hartuta ere gabeziak, akatsak beharbada, horiek ez errepikatzeko, eta horrela proiektu onenak sendotzeko. Zeregin horretan, Hezkuntzaren Museo honek oso eginkizun garrantzitsua izan dezake".

Euskal Herriko Unibertsitatearen Hezkuntzaren Museoa Gipuzkoako Campusaren pabiloietan kokatzen da, Zuzenbide Fakultatearen ondoan, Donostian. Zazpi aretotan antolatuta, hauek daude ikusgai: 50eko eta 60ko urteetako gela baten berreraikuntza xehea, hainbat tresna eta material zientifiko, dokumentazio areto bat, eta ibilbide bat, Euskal Herriko hezkuntzaren historian barrena, panelen eta objektu materialen bidez, arreta berezia jarrita euskararen presentzian. Museoa, "Euskal Herriko hezkuntzaren memoria historikoa berreskuratzea, zaintzea eta ezagutzera ematea" xede duena, UPV/EHUko Garaian - Hezkuntzako Azterketa Historiko eta Konparatuen Taldearen ekimenez sortu zen, eta Historia eta Hezkuntza Ondarea Aztertzeko Espainiako Elkarteak Espainiako Kultura Ondasunen Institutuarekin batera emandako Bartolomé Cossío saria jaso zuen, 2015. urtean.

Hezkuntzaren Museoan sartu, eta berehala, hainbat panelez atondutako atari zabal eta ireki batera iristen da bisitaria. Euskararen munduari eskainitako gunea da. "Gune honetan, euskararen mundua eta euskarak hezkuntzarekin izan duen harremana eman nahi dugu ezagutzera" azaldu du Pauli Dávilak, Hezkuntzaren Teoria eta Historia saileko irakasleak eta Hezkuntzaren Museoko zuzendariak. Gunean, euskararen, haren erabileraren eta hiztunen bilakaera aztertzen da, Xabiertxoren irudi baten begiradapean.

Euskararen munduaren aurkezpen horren jarraipen modura, ibilbide bat egiten da bi gunetan zehar, non euskarak Hezkuntzaren Historian izan duen lekua ikus daitekeen, XVII. mendetik gaur egun arte. Mugarri nagusiak aipatu nahi dira, arreta berezia jarrita azken bi mendeetan.

Deigarriak dira ere bertan diren bi maketa, bat, Donostiako Arte eta Lanbideen Eskolarena, eta bestea, Institutu Probintzialarena; biak ere José María Bordaji Olloquieguik eginak eta Museoari dohaintzan emanak. Deigarria da ere garai hartako agintarien bulego baten birsorkuntza. "Bi areto hauetan, irakaskuntza euskaraz emateko Euskal Herritik egin diren ekarpenak erakutsi nahi ditugu" azpimarratu du Pauli Dávilak.

Itzulera iraganera

Ibilbideari jarraituta, "Eskola Gunea" izenekora iristen gara, azken hamarkadetako geletako giroa gogoratu nahian. Horretarako, zahar usaineko gela ilun eta goibel batean sartuko gara. 50-60 urteetako, hots, frankismo garaiko gela baten berreraikuntza xehea da. Hormako arbel beltzaren gaineko gurutzea, gelaren buru; bi lagunentzako egurrezko zortzi ikasmahai; ikasleen maletatxo txikiak alboetan jarrita; koadernoak… baita irakaslearen zarta ere mahai gainean, haren agintaritza inposatzeko; inpresioa egiten du. Bisitaria, gune horren giro ilunean ikaratua, harrituta geratzen da ate bat ireki, eta gela moderno bat ikustean, zeina 1970eko Hezkuntza Lege Orokorraren printzipioen arabera egin baita. Bigarren gela hori askoz ere argitsuagoa da, mahai eta aulki zuriak ditu, eta aurreko gelaren guztiz kontrakoa da. "Bi gela horiek, bat tradizionala eta bestea modernoa, jartzean, agerian utzi nahi izan dugu eskola sistemaren lege aldaketak nola islatzen diren XX. mendeko hezkuntza altzarietan" azpimarratu du Luis María Nayak, Hezkuntzaren Teoria eta Historia saileko irakasleak eta Museoaren Koordinazio Kontseiluko kideak.

Bisitariaren urratsak beste bi aretora iritsiko dira, "Irakaskuntzak eta ikaskuntzak" guneek eratutakoak. Lehenengoan generoen –maskulinoa eta femeninoa– eraikuntza erakusten da, askotariko objektuen bidez. Azken aretoa izango da, agian, bitxiena; izan ere, 60tik gora tresna eta material zientifiko daude ikusgai, biologia, botanika, geografia, fisika, kimika, elektrizitate eta beste hainbat irakasgai emateko erabilitakoak. Horietako batzuk Donostiako La Salletarrek eman dizkiote museoari. "Dohaintzak –azaldu du Luis Mª Nayak– oinarrizkoak dira museoarentzat, historia eta hezkuntza ondarea gordetzeko eta erakusteko aukera ematen baitute".

Bisitaren amaieran, Dokumentazio Zentroa dago. Gune horretan XX. mendean erabilitako testuliburuak, eskola koadernoak eta abar erakusten dira. Horrez gain, XVIII, XIX eta XX. mendeetako hezkuntzari buruzko liburutegi bat bisitatu dezake bisitariak.

Amaitu da, beraz, Hezkuntzaren Museoari eginiko bisita, eta bisitaria badoa, iraganera itzuli izanaren eta historia hurbila apur bat gehiago ezagutu izanaren sentsazioarekin. "Gure helburua da bisitariak bere eskola esperientzia eta ikasteko erabili zituen tresnak gogora ekartzea, eta Euskal Herriko hezkuntzaren memoria eta hark euskararekin duen harremana ezagutzea" amaitu dute.

UPV/EHUren Hezkuntzaren Museoa jende guztiarentzat dago zabalik, eta bisita hitzartuak eskaintzen ditu.

Harremanetarako:
Tel.: 943017389 – 943 018949
e-posta: museoeducacion@ehu.eus
web orria: www.ehu.eus/es/web/museoeducacion
Twitter: @museoEHU
Aurkezpen bideoa: https://vimeo.com/188272408