Ogi apurrak

astelehena, 2016ko abenduaren 12a

Zientzia eta Teknologia Fakultateak Gestio Aurreratuaren Zilarrezko A lortu du

Zientzia eta Teknologia Fakultateak lortu egin gu Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Sariaren zilarrezko A. Sari honek erakunde aurreratuenak aintzatesten ditu beren gestio praktikei erreparaturik, beren interes talde, ikasle, irakasle, ikertzaile, administrazio eta zerbitzuetako langile eta, oro har, gizarte osoa modu orekatuan gogobetetzen ahalegintzen baitira.

Saria Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak emanen du datorren abenduaren 14an, 18:30ean hasita Vitoria/Gasteizko Europa jauregian egingo den ekitaldiaren barruan.

Zientzia eta Teknologia Fakultateak kudeaketa aurreratuaren eredua baliatzen du bertako gestio sisteman balioetsi eta hobetzearren. Sari hau eman zaio EUSKALIT fundazioak egin dion kanpoko ebaluazioa gainditu ostean.

Zientzia eta Teknologia Fakultateak, Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio eremuan kokatuta, egun graduko 9 titulazio eskaintzen ditu eta gradu bikoitz bat, zientzia eta teknikaren 35 jakintza arlo baino gehiago jorratuz. Irakats eskaintzaren barruan, batetik, natur zientzien adar klasikoei dagozkien graduak daude: Biologia, Fisika, Geologia, Matematika eta Kimika. Hauekin batera, beste lau titulazio irakasten ditu, jakintza zientifikoa eta garapen teknologikoa batu eta integratzen dituztenak: Biokimika eta Biologia Molekularra, Bioteknologia, Ingeniaritza Elektronikoa eta Ingeniaritza Kimikoa. Beste alde batetik, ikastegiko graduondokoen eskaintzak, gaur egun, 12 master, zein bere graduondoko programa ofizialen baitan, eta 5 berezko titulu dauzka.

Eskaintza honi esker, esan daiteke fakultatea Euskal Herriko erreferente garrantzitsuenetako bat dela, gure gizartearen erronka nagusienetan eginkizun esanguratsu egin ahal izango ditugun profesionalen hezkuntzari dagokionean: teknologia berrien garapena, garapen jasangarria, ingurumenaren kontserbazioa eta beste.

Fakultateak hiru bat mila ikasle ditu gradu eta graduondokoan, 800 bat irakasle eta ikertzaile, 18 sailetan eta 2 sail ataletan banatutako goi mailako giza taldea osatzen dutelarik, jakintza teoriko teknikoaren arlo gehienak landuz. Bertan metatzen da Euskal Herriko I+G+Brako baliabide ugari, ekoizpen zientifikoaren atal handi bat sortuz. Bertan egiten den ikerketa jardunaren trinkoa ederki ikusten da subentziorik lortzen duten ikerketa proiektuen kopuru altuan, urtero defendatzen diren 100 bat doktorego tesietan eta ikastegian ekoizten diren zientzi argitalpenen kalitate eta kantitatean.

Zientzia eta Teknologia Fakultateak egokitu egin zituen ikastegiaren balio eta antolakuntza kultura bikaintasunaren printzipioetara, European Foundation for Quality Management (EFQM) eredua baliabide hartuta. Honen ondorioz, zilarrezko Q lortu zen 2006an. Geroago, 2010. urtean, Kalitatea Bermatzeko Barne Sistema (KBBS) egiaztatu zuen AUDIT programaren jarraibideekin bat etorrita, ANECAk sustatuta unibertsitateko irakaskuntzen kalitatea bermatzeko.

2016 urtean, Unibasq, Euskal Unibertsitate Sistemaren Agentziaren ekimenari esker, Zientzia eta Teknologia Fakultatea AUDIT-MGA ebaluazio bikoitzean parte hartzeko zentro pilotua aukeratua izan zen. Ekimen horren emaitza da gaur ospatzen dugun aitorpen bikoitz hau.

Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria, fakultateak orain lortu berri duena, gestio aurreratuaren garrantzia zabaldu eta sustatzeko, euskal erakundeen arteko lehiakortasunerako giltzarri moduan. Bitarikoa da aintzatespen honen helburua:

  • Gestioan aurreratuen diren erakundeak identifikatu, gainontzekoen pizgarri eta bulkada izan daitezen.
  • Erakunde hauek egindako ahalegina eta gestioan lortu duten aurrerapen maila publikoki aitortzea.

Zilarrezko A lortuta, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Zientzia eta Teknologia Fakultateak aitortuta ikusten du bere xedearekiko konpromisoan egindako ibilbidea, alegia: jakintza sortu, garatu eta transmititzea arlo zientifiko teknologikoetan. Honekin batera, zientzialariak eta profesionalak modu integralean eta sen kritikoaz hezi eta prestatzeko erantzukizuna du, irakaskuntza eta berrikuntza etengabean berrituz eta helburu duen gizartearen premiei adi egonik.

 

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.es