Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

osteguna, 2016ko abenduaren 29a

Isolatuta geldituko ziren kolonizatzaile berbereen aldra bakar batek jendeztatu zuen Hierro

Horrela egiaztatu du UPV/EHUko eta La laguna Unibertsitateko ikertzaile talde batek binbatxe aborigenen inguruan egin duen ikerketa genetiko batek

Hierro, bere biztanleak mendetan zehar isolatuta izan dituen lurraldea, Espainiako egiazko Finisterrea da. Izan ere, horrela izan da bere lehen biztanleak jaso zituenetik: aipatuen DNAk dioenez, Kanariar uharteak kolonizatzen saiatu ziren lehen berbereen ondorengoak dira.

Euskal Herriko Unibertsitatetako Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailaren Concepción de la Rua Vaca eta Montse Hervella Afonso ikertzailek, La Laguna Unibertsitateko Alejandra C. Ordoñez, Rosa Irene Fregel, A. Trujillo-Mederos, eta Matilde Arnay-de-la-Rosa ikertzailerekin elkarlanean, binbatxe aborigenen inguruko ikerketa genetiko bat argitaratu dute Journal of Archaeological Science aldizkarian. Horretarako, 61 DNA azterketa egin dituzte Punta Azul leizean lurperatuta dauden 127 pertsonen artetik. Aztarnategia XII. mendekoa da.

Lanaren ondorioek, Kanarietako aborigenen eta Afrika iparraldeko berbereen arteko lotura genetikoak berresteaz gain -beste ikerketa batzuek hipotesi hori iradoki dute dagoeneko-, Hierro uhartea aldra bakar batean jendeztatu zela iradokitzen dute. Litekeena da aldra horretan iritsitako giza taldeak inolako harremanik ez izatea, kanpoko gizakiekin, Europako lehen konkistatzaileak iritsi arte.

Lanak gogoratzen duenez, Kanariarra da Europako kolonoak iritsi aurretik jendeztatua izan zen Macaronesiako (Madeira, Azoreak eta Cabo Verde ere barne hartzen dituen eskualdea) artxipelago bakarra: Teneriferen kasuan, Kristo aurretiko lehen milurtekoaren erdialdera izan zen (aro hartakoa baita karbono-14 bidezko dataziorik zaharrena); aro modernoaren I. mendean beste irla guztien kasuan.

Gaur arte argitaratu diren ikerketa genetikoek diotenez, Kanariar Uharteak Afrika iparraldetik etorritako bi aldratan jendeztatuak izan ziren gutxienez eta pertsona horiek kanpoko munduarengandik isolatuta bizi izan ziren espainiarrak, portugaldarrak eta normandiarrak XV. mendean iritsi ziren arte. Konkistaren inguruko kronika europarrek aipatzen dutenez ere, ia ez zen harremanik egon uharteen artean.

Kanariar aborigenen antolaera matriarkala

UPV/EHUko eta La Lagunako ikertzaileek egin dituzten DNA analisien arabera, Punta Azul leizean lurperatuta dauden banakoek (aztertu diren 61 horiek, behintzat) leinu berdina partekatzen dute DNA mitokondrialean; beste era batera esanda, amaldeko arbaso komuna dute. Egileen ustez, kanariar aborigenetan antzemandako antolaera matriarkalaren ondorio da aipatua.

Eta leinu "fundatzaile" gisa hartua izan da, Kanarietako egungo biztanle guztien baitan antzemateaz gain (bere intzidentzia globala % 1,8koa delarik) Tenerifeko, La Palmako eta Gomerako aborigenen artean aurkitu baita ere.

Lanak egiaztatu duenez ere, Y kromosomaren bitartez oraingoan, banako horien gehienak bi aitaldeko leinu ezberdinetik datoz: Afrika iparraldekoa bata (E-M81 halotaldea) eta europar jatorrikoa bestea, nahiz eta Afrikako iparraldean presente egon den ere mende luzez (R-M29). Halere, Saharaz hegoaldeko Afrikatik datozen markatzaileak dituen banako bat dago ere (E-M33).

Punta Azuleko binbatxeen kode genetikoan gehiago sakontzeko xedearekin, ikertzaileek STR markatzaileak (DNAn errepikatzen diren sekuentzia txikiak, ahaidetasunak zehazteko aukera ematen dutenak) aztertu dituzte ere eta emaitza ildo berdinetik doa: pertsona horiek ez dute ezberdintasun genetiko esanguratsurik agertzen antzinako berbereekiko.

Uhartera iristeko zailtasuna

"Hierrora lehen migrazio-aldra iritsiko zen ziurrenik, eta isolatua gelditu zen gero. Hipotesi hori uhartera iristeko dagoen zailtasunarekin bat doa", idatzi dute ikasleek. Jarraian gogoratzen dutenez, Hierro hegoalderago eta Afrikako kostaldetik urrunago dagoen Kanariar uhartea da eta bertan dauden haize eta korronte baldintzek oso zaila egiten dute uharteraino iristea.

Artikuluak nabarmentzen duenez, isolamenduak "Hierroko biztanleen portaera baldintzatu du historia osoan zehar" eta binbatxeek, uhartera iristean, natura-baldintza gogorrekin topo egin zuten, "botila-lepo" batean bukatuz ziurrenik, nahiz eta ez den endogamia-arazoen aztarnarik antzeman beren DNAn.

Erreferentzia bibliografikoa

A. C. Ordoñez, R. Fregel, A. Trujillo-Mederos, M. Hervella, C. de-la-Rúa, M. Arnay-de-la-Rosa, Genetic studies on the prehispanic population buried in Punta Azul cave (El Hierro, Canary Islands) Journal of Archaeological Science 78 (2017) 20e28.

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.es