Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

asteartea, 2017ko urtarrilaren 10a

Koldo Mitxelena sariak jaso dituzte UPV/EHUko bost doktorek beren euskarazko tesiengatik

Joanes Lizarraga, Itziar Adarraga, Mireia Agirre, Galder Guenaga eta Amaia Munarrizen ikerlanak aitortu dira

Euskarazko Tesien V. Koldo Mitxelena sariak gaur goizean jaso dituzte Joanes Lizarraga Olanok, Itziar Adarraga Usabiagak, Mireia Agirre Diezek, Galder Guenaga Garaik eta Amaia Munarriz Ibarrolak. Urte birik behin deitzen diren aitortza hauek bost jakintza-arloetan banatzen dira, UPV/EHUko ikerketa bultzatzeko: Zientziak; Ingeniaritza eta Arkitektura; Osasun Zientziak; Gizarte eta Lege Zientziak; eta Giza Zientziak.

Bilbon, Bizkaia Aretoko Baroja gelan egin den V. Koldo Mitxelena sarien banaketa ekitaldian aitortzok antolatzen dituzten bi erakundeen ordezkariak izan dira: UPV/EHUren izenean, Iñaki Goirizelaia errektorea eta Fernando Plazaola Ikerketaren arloko errektoreordea; eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Xabier Kintana idazkaria.
Iñaki Goirizelaiak azken hamarkadetan euskarak alor guztietan izan duen garapena esanguratsua izan dela eta Euskal Herriko Unibertsitateak zerikusi handia izan duela horretan nabarmendu du. "Euskararen egoera erabat aldatu da azken hogeita hamar urteotan, eta uste dut, zinez, Euskal Herriko Unibertsitateak funtsezko eragina izan duela aldaketa horretan", esan du.

Bestalde, Andres Urrutiak sarion garrantzia gogoratu du. "Sari hauek duten garrantzia azpimarratu nahi nuke, beste behin. Ezagutzaren arlo desberdinak euskaraz lantzen laguntzen dutelako, goi-mailako doktorego tesiak euskaraz egitea eta horren zabalkundea eta ikusgarritasuna bermatzen dutelako, ezagutzaren gizarteratze prozesuan ezinbesteko lagungarriak baitira. Horretan datoz eskurik esku, eta bigarrenez, EHU eta Euskaltzaindia, bi erakundeek euskararen jorraketa eta aurrerapena baitute helburu, beti euskara moderno eta arlo askotako baten defentsa eta sustapenean", adierazi du euskaltzainburuak.

Euskararen normalizazioan lagungarri

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak 2008an "Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Saria" sortu zuten, euskarazko ikerketa bultzatzeko eta sustatzeko asmoz. Sariak bi urterik behin deitzen dira, eta bost jakintza-arlotan banatzen dira: Zientzia esperimentalak; Ingeniaritza eta Arkitektura zientziak; Osasun Zientziak; Gizarte eta Lege Zientziak; eta Giza Zientziak.

UPV/EHUk eta Euskaltzaindiak, sari hauen bitartez, euskarazko tesien ekarpen bikoitza goraipatu nahi dute, batetik jakintzaren arloa zabaltzen laguntzen dutelako, eta bestetik, euskararen normalizazioaren prozesuan ere guztiz lagungarriak direlako.

Saritutako tesiak:

1. ZIENTZIAK:

Irabazlea: Joanes Lizarraga Olano
Doktorego tesia: Soka kosmikoen ondorio behagarrien iragarpen eta froga berriak.

Soka kosmikoak unibertsoaren lehenengo garaietan gertatzen ziren prozesuen fisika ulertzeko oso erabilgarriak izan daitezke. Izan ere defektu hauek dira kosmologiaren eredu estandarraren eta partikulen fisikako energia altuko ereduen arteko zubi-lana egiteko hautagai interesgarrienetakoak. Hau dela eta, soka kosmikoek sor ditzaketen ondorio behagarriak ahalik eta modu zehatzenean ulertzeak eta hauek behaketa esperimentalekin konparatzeak berebiziko garrantzia dute. Tesi honetan zehar soka kosmikoen froga esperimentalak eta ondorio behagarrien iragarpenak hobetu ditugu.

2. INGENIARITZA ETA ARKITEKTURA:

Irabazlea: Itziar Adarraga Usabiaga
Doktorego tesia: Zurruntasun-indar metodoaren analisia eta bere aplikazioa laminatu konpositetan.

Tesi honetan Elementu Finituen Metodoa aztertzen da. Eskuarki Zurruntasun Metodoa erabiltzen bada ere, beste formulazio batzuk ere badaude. Lan honetan Patnaik-ek proposatutako Dual Integrated Force Method aztertu da nagusiki. Pian-ek proposatutako Metodo Hibridoen baliokidea dela frogatu ondoren, bi metodo hauek zuzenean Elastikotasuneko bi teorema nagusietatik erator daitezkeela frogatu da. Teorema hauek Lan Birtualaren eta Teoremak dira. Zurruntasun Metodoa lehen teoreman bakarrik oinarrituta egonik, Patanik-en eta Pian-en formulazio baliokideak Zurruntasun-Indar Metodoa bezala definitu dira. Metodo honetan oinarrituz, mintz eta plaka elementuak formulatu dira. Ondoren, laminatu konpositeen adibide batzuetan aplikatu da eta emaitzak Zurruntasun Metodoarekin lortutakoekin konparatu dira.

3. OSASUN ZIENTZIAK:

Irabazlea: Mireia Agirre Diez
Doktorego tesia: Oligokitosano ultrapuruetan oinarritutako poliplexoak: diseinua, karakterizazioa eta terapia genikorako aplikazioak.

Terapia genikoa material genetikoa zelulan barneratzea oinarri duen estrategia terapeutikoa da. Gene terapiaren bidez akats genetikoak zuzendu, terapiarako beharrezkoa den osagai biologikoa eratu edo gaitza eragiten duen genearen eragina eten daiteke. Genea dagokion zelulara heldu eta dagokion osagai biologikoa sintetiza dadin, beharrezkoa da genea entzimen degradaziotik babestuko duen, zelulan sartzen lagunduko dion eta behin zelula barnean nukleorainoko bidea erraztuko dion garraiatzaile bat izatea. Oso garrantzitsua da, beraz, garraiatzaileak modu selektibo batean, eraginkortasunez eta toxikotasunik gabe eramatea genea dagokion zelulako nukleoraino. Tesi honen proposamena gene-terapiarako pisu molekular txikiko kitosanozko polimeroak, oligokitosanoak, erabiltzea da. Krustazeoen exoeskeletotik datorren polimero naturala da kitosanoa, hain zuzen ere.

4. GIZARTE eta LEGE ZIENTZIAK:

Irabazlea: Galder Guenaga Garai
Doktorego tesia: Enpresak bertatik bertara bisitatzea:

Turismoa eta kultura garatzeko aukera Goierrin eta Euskadin.
Ikerlan honetan, turismoaren gaur egungo nondik norakoak eta nolakoak aztertzen eta azaltzen ahalegindu gara; nolabait ere, egungo errealitate dinamikoa ulertzeko paradigma turistiko berri bat eratzen saiatu gara. Horretarako, egungo makro sistema sozioekonomikoa "biluzi" dugu eta, haren baitan, turismoaren bereizgarri nagusiak bistaratu. Gure ustez, egungo makro sistema sozioekonomikoak bost bereizgarri ditu: globalizazioa; postfordismoa eta postmodernitatea; iraunkortasuna; IKTak eta Internet; eta esperientzien ekonomia edo gizarte emozionala. Gauzak horrela, iradoki genezake ezen turismo industrial bizia —enpresak bertatik bertara bisitatzea— egoki txertatzen dela paradigma turistiko berri horretan. Turismo industrial biziak Goierri eskualdean eta orobat Euskadin izan dezakeen potentziala ere aztertu dugu.

5. GIZA ZIENTZIAK:
Irabazlea: Amaia Munarriz Ibarrola

Doktorego tesia: Hizkuntzen antolaketa burmuin elebidunean: gaztelania-euskara elebidun afasiko baten kasu-azterketa.
Tesi honen xede nagusia da hizkuntzak eta hizkuntza osagaiak elebidunen burmuinean nola antolatzen diren ezagutzea, eta horretarako datu bila gaztelania-euskara elebidun afasiko baten kasu azterketa longitudinala burutu dugu. Tesiak argi utzi duen ondorio nagusia da burmuineko lesioak ez dituela hizkuntza maila guztiak berdin kaltetzen, alegia, eta bi hizkuntzetan azaleratzen diren arazoen artean ere, antzekotasun eta aldeak atzeman daitezkeela. Bi hizkuntzen jokabidean ageri diren (des)berdintasunetan hainbat faktorek dute eragina, eta horien artean hizkuntzen arteko distantziak garrantzi handia du. Oro har, bi hizkuntzetan sintomak antzekoagoak dira euskaraz eta gaztelaniaz antzekoen diren hizkuntza mailetan, hain zuzen, hotsei dagokien maila fonetiko-fonologikoan, eta baita oso antzekoak diren hitzetan ere.

Hauek izan dira sarien aurtengo deialdiko epaimahaikideak:

Zientzien jakintza-arloan: Miren Ostra Beldarrain eta Jacinto Iturbe Barrenetxea

Ingeniaritza eta Arkitektura jakintza-arloan: Jose Antonio Oriozabala Brit eta Andoni Sagarna Izagirre

Osasun Zientzien jakintza-arloan: Angel Bidaurrazaga eta Alberto Loizate Totorikaguena

Giza Zientzien jakintza-arloan: Fernando García Murga eta Nerea Mujika Ulazia

Gizarte eta Lege Zientzien jakintza-arloan: Sara Urionabarrenetxea eta Santiago Larrazabal Basañez

Eta, bestalde, epaimahaia osatu dute, baita ere, Maite Insausti UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko Euskara eta Ikasketa Plangintzako zuzendariak (epaimahaiburu) eta Adolfo Arejita Euskaltzaindiaren Iker sailburuak (epaimahaiburu orde).

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.es