Eduki publikatzailea

Aristotelesen 'Politika' liburua euskaratu da Limes bildumaren baitan

Greziera klasikotik itzuli da Kristo aurreko IV. mendeko pentsamendu politikoari buruzko lan garrantzitsua

Lehenengo argitaratze data: 2017/01/13

Irudia
Iñaki Usabiaga eta Esteban Antxustegi

Aristotelesen 'Politika' liburua argitaratu du UPV/EHUko Euskararen arloko Errektoreordetzak, pentsalari handienen lan adierazgarrienak euskaraz biltzen dituen Limes bildumaren baitan, hain zuzen. Pentsamendu politikoari buruzko historiako lan garrantzitsuenak jatorrizko hizkuntzatik kontu eta arreta handiz itzulitako aleek osatzen dute Esteban Antxustegik zuzentzen duen bilduma.

Iñaki Usabiagak, grezieran adituak, egin du itzulpena, zeinak  hiru urteko lana hartu duen Politika euskaratzeko. Greziera klasikotik zuzenean euskaratu du, zubi-hizkuntzarik erabili gabe.  Orain dela ia 2.500 urte idatzitako liburua izanik, ahalik eta zehatzen itzuli du Usabiagak, baina testuinguru ezagutarazteko gako batzuk ere erantsi ditu.

Limes hitzak muga esan nahi du latinez, eta bildumaren leloak dioen bezala:  "Limesek mugartekoa izan nahi du, mugaz bi aldeetatik isurtzen diren urak edango lituzkeen iturria bezala: pentsamenduaren eta literaturaren berri eman, literaturaren bidez pentsamendua azaldu duten ahots desberdinei lekua eskainiz".

Hori gutxi ez eta, bildumak aukera paregabea eskaintzen du munduko pentsalari garrantzitsuenetarikoen lanak euskaraz irakurtzeko. Bildumaren azken emaitza kasu, itzal handiko Aristotelesen Politika lana, hain justu.  Zientzia politikoaren mugarri bat adituen ustez, izan ere, politikaren eta politikari lotutako teoriaren oinarritzat jotzen da Aristoteles pentsalari eta filosofo greziarrak (K.a. 384-322) idatzitako Politika. 

"Bere garaiko eta ondorengo gobernuetan oinarrizko izan diren kontzeptu asko azaltzen dira lehenengoz. Gizartean, gaur egun ere, oinarrizko diren kontzeptu horiek euskarara ahalik eta modurik zehatzenean ekartzea izan da zeregin nagusia. Halako funtsezko obra  bat euskaraz egotea beharrezkoa zen", Usabiaga itzultzailearen aburuz. 

"Limes bilduma sustatu eta bermatzen duen UPV/EHUko Euskararen arloko errektoreordetzak euskararen garapena eta normalizazioa indartze aldera jakintzaren eredu diren irakurgai nabarmenenak euskaraz eman nahi ditu. Eta Aristotelesen obra hau, zer esanik ez, garrantzitsuenetarikoa da", azaldu du Esteban Antxustegi Igartuak, Limes bildumaren zuzendari eta argitaratzaileak.

«Limes bildumak euskararen garapena eta normalizazioa indartze aldera jakintzaren eredu diren irakurgai nabarmenenak euskaraz eman nahi ditu»

"Aristotelesek sistematizatu egiten ditu, lehen aldiz, garaiko gobernu sistema mota desberdinak (monarkia, aristokrazia eta demokrazia, kasu). Hala, politika jakintzagai bezala kontsideratzen du, eta zientzi politikoaren lehen pausua dela esan daiteke. Hortaz, lanean gobernu sistema desberdinak deskribatu eta elkarrekin bizitzeko eta herritarren probetxurako helburuak betetzen dituzten aztertuko du. Aristotelesek egiaztatzen du monarkiek ustelkeriarako joera dutela, eta ustelkeria horrek monarkia tirania bilakatzen duela. Baita aristokraziek ere ustelkeriarako joera erakusten dute, eta ustelkeria horrek oligarkian bihurtzen ditu. Eta demokraziaren kasuan, paretsu: ustelkeriak demokraziari demagogia dakarkio", argitu du Antxustegik.

Pentsalari greziarrak sistema bakoitzaren alde onak gurutzatuko ditu eta sistema misto baten alde egingo du: Errepublika. 'Politika'n garatzen diren ideiek berebiziko garrantzia izan zuten Tulio Zizeron eta abarren pentsamenduan, tradizioa sendo bat gauzatuz ondorioz, Ameriketako Estatu Batuetako konstituzioa edo Frantziar iraultza sustatu zuten pentsalariengana ere iritsiko dena", jakinarazi du Antxustegik.

Aurton, Hume

Aristotelesen 'Politika'k Limes bildumaren 23. alea egiten du. 2004tik geroztik UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak editatzen du bilduma hori, eta 13 urte horietan funtsezko pentsalari unibertsalak plazaratu ditu jatorrizko hizkuntzatik euskarara itzulita. Gainera, aditu batek edizio horretarako propio eginiko hitzaurreaz osatzen da liburu bakoitza, obraren testuingurua, garaia, diziplina, pentsamendua eta gaurkotasuna eskainiz. Egundaino honako pentsalari politiko handiak itzuli dira, besteak beste, Kant, Voltaire, Renan, Hobbes, Makiavelo, Burke, Rousseau, Spinoza, Sièyes, Tocqueville  edo Montesquieu.

«Bilduma hau ere ahalik eta hedapen zabalena izateko sortua da, eta testuen aukeraketa dibulgazio maila lortzeko egiten da»

 

"Aurton (2017an) David Hume filosofo, ekonomialari eta historialari eskoziarraren testu politikoen selekzio bat argitaratuko dugu. Itzulpena aurreratuta dugu eta urte bukaerarako plazaratuko da. Antologia horren helburua Hume-n ideia politiko nagusiei buruzko argazkia ekartzea da. Etorkizunari begira? Francesco Guicciardini eta Robespierren testuak itzultzea dut buruan, ospe handiko pentsalariak izan ez arren, beren lanek garrantzi handia izan baitute pentsamenduaren historian nire ustez", ohartarazi du.

Egia da Limesen eginbeharra, batez ere, liburuak argitaratzea dela, baina badira ere beste ekitaldi batzuk egin direnak. "Udako ikastaroak, jardunaldiak, mintegiak eta abar antolatu ditugu. Gure egitasmoa pentsamendu politikoa ezagutaraztea da. Izan ere, bilduma hau ere ahalik eta hedapen zabalena izateko sortua da, eta testuen aukeraketa dibulgazio maila lortzeko egiten da. Unibertsitatean, Batxilergo Institutuetan edo ikastetxeetan erabiltzeaz gain, bilduma gai hauetan zaletu direnen eskura jarri da, bai euskarri fisikoan, bai PDF edo ePUB euskarrietan. Dena euskara egoki batean, UPV/EHUko Euskara Zerbitzuaren ikuskatzea baitu", azaldu du bildumaren zuzendariak.