Eduki publikatzailea

UPV/EHUko ikasle bat, Famelabeko bakarrizketa zientifikoen finalerdira

«Fisika arlo oso serioa da, baina dena landu daiteke umorez»

Bilbon eta Bartzelonan martxoaren 24an eta apirilaren 7an hurrenez hurren egingo diren finalerdietarako hautaturiko 16 lagunetako bat da Ruben Sierra

Lehenengo argitaratze data: 2017/03/23

Irudia
Ruben Sierra, fisikari gaztea Arte Ederren Fakultatean. Argazkia: Laura López UPV/EHU

"Errealitatea interpretatzeko era bat bilatzen nuelako" ikasten du fisika Ruben Sierrak. Diziplina hori orokorrena zela iruditu eta erabakia hartu zuen, Arte Ederrak ikasteak asko erakartzen bazuen ere; "emakumezko irakasle bati komikiak marraztu nahi nituela esan nion eta honek errealitatera bueltatzeko erantzun zidan". Azkenik, bere jakinminak bultzatuta ("jakinminik gabe ez dago ezer egiterik zientzian"), Rubenek Fisika ikastea erabaki zuen. "Fisika oso arlo serioa da, aipatua txantxetan hartzea ez ei dago ondo ikusia", baina Rubenek, halere, beste iritzi bat dauka: "dena landu daiteke umorez, baina nola egin jakin beharra dago". Eta horretan dabil egunotan, komiko gisara jorratzen duen bere sen artistikoa aske utziaz eta zientzia ikasketak bere bakarrizketentzako leitmotivtzat hartuz. Rubenek berak islatzen duenez, umorea dibulgazio-erreminta eraginkorra izan daiteke eta bere iritsiz, "dibulgatzaile oso onak daude unibertsitate honetan".

23 urteko fisiko gazte hau Famelab zientzia bakarrizketen nazioarteko lehiaketaren finalerdietarako hautatuak izan diren 16 lagunetako bat da. Finalerdiak Bilbon eta Bartzelonan egingo dira, martxoaren 24an eta apirilaren 7an, hurrenez hurren. Aurten, gainera, lehiaketa paritarioa da lehen aldiz eta 8 emakume eta 8 gizon egongo dira finalerdietan. Rubenek zein Marta Machok, matematikako irakasle eta Bilboko finalerdian fisiko gaztea epaituko duten epailetako batek, oso baikorki baloratzen dute aurrekoa: "berri bikaina da", azpimarratu du Marta Machok.

 «Jendearengana iristeko era dibertigarri eta dinamiko bat da»

UPV/EHUk, ondorioz, bi ordezkari izango ditu aurtengo Famelab lehiaketan: ikasle eta irakaslea aurrez aurre egongo dira, hesiaren alde bakoitzean. Famelaben formatuari dagokionean, jendearengana iristeko "era dibertigarri eta dinamiko bat" dela adierazi du Marta Machok. "Ordubetean, zientzia pixka bat ikasi eta, batez ere, jakinmina sor daiteke. Ikusleak ekitalditik jakiteko nahiarekin eta irribarrez ateratzea, etxera joan eta informazio gehiago bilatzen hastea; hori izango litzateke hoberena. Gugandik gertu dauden zenbait zientzialari zertan dauden jakiteko era bat da ere".

"Antolakuntzak esan digu zer baloratu beharko dugun eta erabat ados nago", gaineratu du Marta Machok; "hiru osagai dira: Edukia, Argitasuna eta Karisma. Zientzia-arloko mezu bat egon beharko da, noski, baina ondo adierazita egon beharko da ere. Zer baloratu beharra dagoen ikusita, hiru osagaien arteko oreka bilatu beharko dugula iruditzen zait baina funtsezkoena ondokoa da, nire ustez: zientzia edukia argia eta interesgarria izatea".

Sobera prestatua

Rubenen kasuan, ez da bakarrizketa bat egiten duen lehen aldia; beste askotan egin izan ditu ere, baina inoiz ez zientziari lotuta. Lehiaketan parte hartzeko aukeraz jakin zuenean, ondorioz, irabazteko aukera asko zituela pentsatu zuen: "jende gutxi aurkeztuko zela uste nuen... Zur eta lur gelditu nintzen 79 lagunek izena eman zutela ikustean eta nire buruan apika gehiegi konfiantzen nuela pentsatu nuen orduan".

Rubenek bakarrizketak egiteko gaitasun handia dauka eta, ondorioz, transmititzeko teknikak ezagunak ditu. Baina, horrez gain, sakonki prestatzen ari da lehiaketa: "saioak prestatzeko nire plan propioa daukat. Bakarrizketa irakasgaia balitz bezala ikasi eta barneratzen dut, nire amaren galderei erantzun behar banie bezala". Publikoari dagokionean, lagun bat eta bikotekidea izan dira orain arte testuak funtzionatzen ote duen ala ez egiaztatzen lagundu diotenak eta emaitza, dirudienez, ona da: "garrantzitsuena da ulertu egin dutela".

Maiatzean Madrilen egingo den finalerako prestatu ahal izateko, finalerdietarako sailkatutako guztiak ikasgai magistral batera eraman zituen Famelabek. Bertan, komiko profesional batek gomendioak eman eta "testuak adierazi ordez transmititu ahal izateko" tekniken inguruko prestaketa eskaini zien. 

Misterioa mantendu nahi duenez, ez du txintik ere esan finalera iritsiz gero landuko zuen gaiaren inguruan, ez eta bere lehiakideen inguruan ere. "Finalerdietarako sailkatuen maila subjektiboa da; norbaitek maila altua dutela pentsa badezake ere, beste batek maila hori hain altua ez dela pentsa dezake; esan dezakedan gauza bakarra da guztiek prestatu dituzten gaiak oso interesgarriak direla. Argi dagoena da oso ondo ezagutzen dituela finalerdian aurrean izango dituen aurkariak: "denak dira kide, denak dira aurkari", adierazi du.     

Nazioarteko finala, Cheltenhamen

Madrilen garaile suertatzen denak Cheltenhamen egingo den nazioarteko finalean parte hartuko du. "Ondo legoke Madrileraino iristea; Ingalaterrakoa erronka bat da: finalera iritsi eta bakarrizketa ingeleraz egitea", aitortu du Rubenek. Oso zaila dela uste badu ere, bere testuaren itzulpenaren nondik norakoak zehazten hasia da bere buruan. Hizkuntza horretan maila nahiko ona badu ere, bakarrizketa arrakastaz egin eta barregarria izan dadin behar den maila oso altua dela aitortzen du: "Proficiency maila, gutxienez".

Cheltenham urruti dago oraindik baina zientzialari honek dohain nahikoak -eta gehiago- ditu jomuga horretaraino iristeko… Zorte on Ruben!