Eduki publikatzailea

UPV/EHUren eta Montpellierko Arkitekturako Goi Eskola Nazionalaren arteko titulazio bikoitzaren hitzarmena

Lehenengo argitaratze data: 2017/03/29

Irudia
Alain Derey y Juan José Arrizabalaga (izq-dcha). Foto: Nagore Iraola. UPV/EHU

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Arkitekturako Goi Eskola Teknikoaren bidez, titulazio bikoitzaren hitzarmen bat sinatu du Montpellierko Arkitekturako Goi Eskola Nazionalarekin (ENSAM). Zehazki, UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko zuzendari Juan José Arrizabalaga Echeberriak eta Montpellierko Arkitekturako Goi Eskola Nazionaleko zuzendari Alain Dereyk izenpetu dute lankidetza hitzarmena.

Horrela, bi erakundeek elkarlanean jardungo dute hala graduko nola graduondoko ikasketetan.

Hain zuzen ere, titulazio bikoitza UPV/EHUko Arkitekturaren Oinarrietako Graduaren eta Montpellierko Arkitekturako Goi Eskola Nazionaleko Master maila ematen duen Arkitekturako Estatu Diplomaren artean egingo da. Titulazio bikoitz horrek ez du gaikuntzarik ematen estatu bietan lan egiteko, baina bidea ematen du UPV/EHUko Arkitekturan Gaitzeko Masterrera eta Frantziako HMNOP gaikuntza masterrera sartzeko. Nabarmentzekoa da Montpellierko Arkitektura Eskolak Arkitekturan Trebatzeko Programarako UNESCO-UIA akreditazioa duela.

Ekitaldian, halaber, UPV/EHUko Eraikitako Ondarearen eta Eraikinen Birgaitze, Zaharberritze eta Kudeaketa Unibertsitate Masterraren eta Montpellierko Arkitekturako Goi Eskola Nazionaleko ‘Mastère Spécialisé en Architecture et Patrimoine Contemporaine' masterraren arteko titulazio bikoitzaren hitzarmena aurkeztu da. Graduondoko titulazio bikoitz horrekin, graduko ikasketei eta eskola biek sinaturiko diploma bikoitzari jarraipena eman dakieke. Gainera, asmoa da master horrek ere Arkitekturan Trebatzeko Programarako UNESCO-UIA akreditazioa lortzea, Montpellierko eskolak bezala. Ekitaldian Zaharberritze eta Kudeaketa Unibertsitate Masterraren arduradun Santiago Sánchez Beitiak parte hartu du.

"Hitzarmen bikoitz honi esker, Europako unibertsitate politika bateratua ezar daiteke, eta arkitektura kulturaz gaindiko dimentsioan ikasi, mugaz haraindiko hainbat mailatan espazioaren eta ingurumenaren kultura sortzeko", esan du Juanjo Arrizabalagak, bere homologo Alain Dereyrekin batera.