Eduki publikatzailea

Radar meteorologikoak, hegazti migratzaileak aztertzeko funtsezko tresna

Hegazti lurtarren Bizkaiko golkoko gaueko migrazioari dagozkion urtaro-eredu berriak azaleratu ditu UPV/EHU eta Aranzadiren ikerketa batek

Lehenengo argitaratze data: 2017/04/19

Irudia

Hegaztien gaueko migrazioaren inguruan Bizkaiko golkoan eskala handian egin den lehen ikerketak erakutsi du migrazioa itsasotik eta lurretik igarotzen dela udaberrian, eta lurretik udazkenean, kontrakoa uste bazen ere. Lana Aranzadi Zientzia Elkarteak eta UPV/EHUren Matematika Aplikatua Sailak egin dute. Funtsezkoa izan da radar meteorologikoak erabiltzea behaketa ornitologikorako metodo gisa.

Nadja Weisshauptek bere doktoretza-tesian egindako ikerketa aitzindaria da Bizkaiko golkoko gaueko migrazioaren azterketan, eta hainbat uste apurtzen ditu: "Uste zen fronte zabalean migratzen zutela udazkenean, baina, nire azterketan ikusi dudanez, ez da hala". Izan ere, migrazio-garaiei dagokienez, emaitzek erakutsi dute gaueko migrazio-jarduera handia dagoela Punta Galean, eta txikia udazken osoan. Udazkeneko mugimendua Pirinio aldera izaten da gehiago; itsasoa gurutzatzea saihestuko dute, seguru asko. Bestalde, ilargi-behaketen bidez zehaztu ahal izan da paseriformeak (txori kantariak hartzen dituen multzoa) direla nagusi gaueko migratzaile gisa, nahiz eta hegazti urtarren ehuneko txiki bat ere erregistratu den.

Migrazio-garaian, milioika hegazti joaten dira ugaltzen diren tokitik negua igarotzen duten tokietara. Migrazio horietan, distantzia handiak egiten dituzte, eta beharrezkoa dute sarri gelditu eta indarberritzea, bidaiatzen jarraitzeko. Horregatik, paseko lekuetan ere elikatzeko eta atseden hartzeko ekosistema egokiak behar dituzte. Halakorik ez izateak ondorioak izan ditzake, bai espezie horien populazioan, bai eta kontserbazioan ere. Hori ikusirik, nahitaezkoa da migrazio-estrategien berri izatea, ikuspuntu biologiko eta ekologikotik nahiz kontserbazioaren aldetik. "Espazio bat babesteko, ezinbestekoa da oinarri zientifikoa izatea", azaldu du Nadja Weisshauptek.

Hegaztien migrazioaren inguruko ikerketa zientifiko ugari egin izan dira (Euskadin, batez ere, harrapatutako hegaztiei eraztunak jarriz), fenomeno horri lotutako eredu eta dinamiketan eragina duten faktoreak aztertzeko. "Hala eta guztiz ere, orain arte ez zegoen daturik Bizkaiko golkoko gaueko migrazio aktiboari buruz", gehitu du. Hutsune hori betetzeko, Aranzadik eraztunen bidez lortutako ezagutza eta Euskalmeten Punta Galeako radarraren datu-basea oinarri hartuta, Bizkaiko golkoko gaueko hegazti-migrazioa aztertu du Weisshauptek.

Behaketa-metodoak

Gauez aritzeak ikusteko aukerak murrizten dituenez eta distantzia handiak behatu behar zirenez, hiru behaketa-metodo erabili ziren: radarrak, kamera termikoa eta ilargi-behaketak.

Radar meteorologikoak izan dira azterketa honetako funtsezko tresna. Bi motatako radarrekin egin da lan. Haietako bat Euskalmetek Punta Galean duen profilagailua da. Profilagailuak haizea neurtzen du, baina, migrazio-garaietan, beste seinale batzuk ere erregistratzen ditu, zeinak ez baitagozkie haizeei, hegaztiei baizik. Hori arazo handia da datu meteorologikoen kalitatea bermatzeko; hegaztiak aztertzeko, aldiz, oso erabilgarria da. "Interesgarria da, gogor aritu behar izan baitugu jendeak sinets zezan posible dela profilagailuak erabiltzea azterketa ornitologikoetarako", adierazi du Weisshauptek. Bigarren radar-motak, berriz, prezipitazioa neurtzen du. Euskalmeten Kapilduiko radarra da horietako bat. Horrelako radarren uhina profilagailuarena baino laburragoa izan arren, erregistratzen dituzte hegaztiak. Baina radar guztiak ez dira baliogarriak.

Ikerketan ikusi denez, zerbitzu meteorologiko bakoitzak bere prozesatze- eta iragazte-mailak ezartzen ditu, eta, kasu batzuetan, datuek jada ez dute izaten informazio biologikorik. Hori dela eta, ezin izan dira erabili AEMETen radarrak, zeinek golkoko hegoaldeko kostaldea hartzen baitute. Euskalmeten Kapilduiko radarrak eta Frantziako radarrek soilik dute informazio baliogarria. Gainerako bost radarrekin, Amsterdamgo unibertsitateko Adriaan Dokter doktoreak garatutako algoritmo bat erabili da, radar meteorologikoetatik datuak erauzteko aukera ematen duena. Europa mailako COST ENRAM (European Network for the Radar Surveillance of Animal Movement) ekintza baten bidez egin da harekiko lankidetza.

Bigarren tresna-motak, kamera termikoak, objektuek igortzen duten erradiazio infragorria erregistratzen du, eta, hala, "hegaztien tenperatura detektatzen du, 40-41 ºC izanik, kontraste argia egiten baitu giro-tenperaturarekin. Kamerak aukera ematen du zehazteko behatutako hegaztiak paseriformeak diren eta banaka edo taldeka doazen. Gainera, aztertutako denbora-tarteko migrazioaren norabidea eta intentsitatea ere erakusten ditu".

Azkenik, ilargi betearen aurreko bi egunetan hasi eta ondorengo bi egunetara arte egiten da ilargi-behaketa. "Kasu honetan, beste sistemetatik eskuratutako informazioa osatzeko erabili da, hegazti migratzaileen konposizioa zehaztu ahal izateko".

Informazio osagarria

Nadja Weisshaupt ikertzaileak (Zurich, 1981) UPV/EHUn irakurri duen doktoretza-tesiaren parte da azterketa hau (The role of seas as a geographical barrier for migratory landbirds. An approach to the Bay of Biscay). Ikerketa Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin egin da. Landa-lana Euskadin egin da batez ere, nahiz eta zati bat Errioxan gauzatu den. Punta Galea eta Kapilduiko radarren datuak Euskalmeten laguntzari esker eskuratu dira, eta Frantziako datuak, berriz, Meteo Francek eman ditu. Bestalde, COST ENRAM ekintzei esker, bi egonaldi zientifiko egin ziren atzerrian.