Eduki publikatzailea

Beste bozketa sistema batzuk saiatuko dituzte Frantziako presidentetzarako hauteskundeetan

Annick Laruelle UPV/EHUko Ikerbasque irakaslea partaide duen taldeak ikergai izango du hautagai bat aukeratzearen edo denak ebaluatzearen arteko aldea

Lehenengo argitaratze data: 2017/04/20

Irudia

Apirilaren 23an, Frantziako presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulia egingo da. Bozketa egunean, Annick Laruelle UPV/EHUko Ikerbasque irakaslea partaide duen Frantziako zientzialari talde batek bozkatzeko metodo alternatiboak aztertuko ditu. Saioa bost hiritan egingo da, hiru eskualdetan kokatutakoak: Allevard-les-Bains, Crolles eta Grenoble, Auvergne-Rhône-Alpes eskualdean; Estrasburgo, Grand Est eskualdean; eta Hérouville Saint-Clair, Normandian. Bozkatzetik irteten diren hautesleei (16.000 pertsona gutxi gorabehera) ikerketan parte hartzea eskatuko zaie, ikerlanerako aukeratu diren hauteslekuetan. Zehazki, berriro bozkatzea proposatuko zaie, borondatez eta era anonimoan, ikertaldeak proposatutako sistemarekin, udal lokal batean ere kokatuta egongo den eta mahai ofizialen antzekoa izango den mahai esperimental batean.

Frantziako presidentetzarako hauteskundeetan erabiltzen den sisteman, hautesle bakoitzak hautagai bat bozkatzen du eta bi bozkatuenak bigarren itzulira igarotzen dira. Mahai esperimentaletan, hautesleek hautagai guztiak ebaluatu beharko dituzte, bakar bat aukeratu ordez. Hiru sistema probatuko dira: lehenengoan (onespen botoa), bozkatzaileek beren iritzian onargarriak diren hautagai guztien alde egingo dute. Bigarrenean (onespen eta gaitzespen botoa), hautagai bakoitza baloratu beharko da era positiboan, negatiboan edo neutroan. Azkenik, hirugarren sisteman (ebaluazio bidezko botoa), hautagaiak puntuatuko dira. Hiri bakoitzean hiru sistemetako bat erabiliko da.

Egitasmoaren helburua da hobeto ulertzea erabaki kolektiboak hartzean erabiltzen den engranaje demokratikoa, eta hauteskunde sistema batzuen eta besteen abantailak eta eragozpenak aztertzea. "Hauteskunde sistema guztiak inperfektuak dira… baina batzuk beste batzuk baino inperfektuagoak. Hautagaien ebaluazio independentea erabiltzen duten sistemak egokiagoak dira hautagaiak konparatzen dituztenak baino. Gure ikerlanaren helburua izango da bozkatzaileen jokabidea hobeto ulertzea, metodo alternatibo hauek erabilita" azaldu du Annick Laruelle Ikerbasque ikerlariak.

Antzeko saioak –nota bidezko botoa eta onarpen bidezko botoa– egin izan dira Frantzian 2002, 2007 eta 2012ko presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulian. Azterlan horiek interes handia piztu zuten eta erabilitako sistemek oso balorazio ona izan zuten. 2017ko hauteskunde hauetako saioa antolatzeaz arduratu den taldean, Ekonomia eta Konputazioaren Zientzien arloko ikertzaileak daude, unibertsitatekoak eta CNRSkoak, honako unibertsitate hauetakoak: Saint-Etienne, Caen, Estrasburgo, Grenoble, Paris (Dauphine eta Paris School of Economics) eta UPV/EHU.