Eduki publikatzailea

Juan Etxeberria, Estatistika eta Hezkuntzaren arloko lehen katedradun

Lehenengo argitaratze data: 2017/05/25

Irudia

Juan Etxeberria Murgiondo, UPV/EHUko Hezkuntzako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoak Saileko irakaslea, Estatistika eta Hezkuntzaren arloko estatuko lehen katedradun bihurtu da. Ekitaldi akademikoa, UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Gradu Aretoan.

Etxeberria irakasleak epaimahaikideei azpimarratu die Estatistikak garrantzi handia duela jakintza arloen aurrerapenetan, naturan gertatzen dena ‘ikusteko' behar-beharrezko tresna den heinean. "Estatistika eta datu estatistikoak –azaldu du– barra-barra daude gure bizitzan, eta garrantzitsuak dira oro har herritar guztientzat, zertaz ari garen jakiteko. Oinarrizko datu estatistikoen eta haien propietateen berri izan behar dugu, ematen dizkiguten datuak ondo irakur ditzagun eta ez diezaguten iruzur egin. Beharrezkoa da ehunekoekin lan egiten jakitea, grafikoak kritikoki irakurtzen jakitea".

Ildo horretatik, Estatistikaren eta Hezkuntzaren arloko estatuko lehen katedradunak hauxe azaldu du: "Gizartean anumerismo estatikoa dago, hau da, entrenamendua eta trebetasuna falta zaigu zenbakiak eta oinarrizko kontzeptu matematikoak irakurtzeko, lantzeko eta arrazoitzeko. Esate baterako, askok oraindik ere uste dute dirua irabaziko dutela gizartean olio orban gero eta handiagoa eta arriskutsuagoa uzten ari diren askotariko jokoetan apustu eginez, eta ez dira ohartu ere egiten benetan irabazten duten horiek, diru mordoa irabazten duten horiek alegia, jokatzen dutenek galtzen duten diruarekin ordaindutako publizitatean hainbeste diru inbertitzen duten enpresak direla. Herdoildurik gaude zenbakiekin arrazoitzeari dagokionez, eta horretaz aprobetxatzen dira asko".

"Garai batean, ‘argazkia ikusi dut' esaten zen egiaren irizpide gisa; orain, argazkiak manipulatu eta ukituak egin daitezkeela jabetu garen honetan, jakin behar dugu datuekin ere berdin-berdin engaina daitekeela eta informazioa manipula daitekeela. Bada, engaina ez gaitzaten, berme bakarra da jakitea nola engaina gaitzaketen", nabarmendu du.

Etxeberria irakasleak adierazi duenez, gizarteak gaur egun dituen arazo larriak –hala nola hezkuntza, osasuna, elikadura, ingurumena, intolerantzia eta fundamentalismoak– konpontzeko biderik onena da "hezkuntza, zientzia ezagutza eta gaitasun kritikoa areagotzea, baita Estatistikaren arloko oinarrizko ezagutzei dagokienez ere. Kasurako, Pedro Miguel Etxenike irakasleak zera esan zuen: zientzia, pentsamendu kritikoa eta ezagutzarako grina atetik sartzen direnean, intolerantzia eta fanatismoa leihotik irteten dira".

Hezkuntzari dagokionez, azaldu du ezinbestekoa dela ikastetxeen emaitzak ebaluatzea eta garrantzitsua dela arretaz eta testuinguruan irakurtzea nazioarteko ebaluazioen emaitzak –besteak beste, PISA, Talis eta Timmis txostenenak eta EAEn egiten den ebaluazio diagnostikoarenak–. "Emaitzak baloratzean, jakin behar da zer ebaluatzen duen txosten horietako bakoitzak. Ez da nahikoa Estatistika jakitearekin; emaitzak testuinguruan jarri behar dira, eta dagozkien terminoetan interpretatu. Horretarako, Hezkuntzaz ere jakin behar da. Eta hori ez da hezkuntzaren arloan bakarrik gertatzen, baita Medikuntzan, Psikologian, Soziologian, Ekonomian eta abarretan ere, hau da, Estatistika erabiltzen dugun jakintza arlo guztietan. Ezin dugu ezer adierazi baldin eta ez badakigu zein den errealitatea eta ez badaukagu egoerari buruzko diagnostiko zuzena", ohartarazi du.

Juan Etxeberria Murgiondo (Oñati, Gipuzkoa) Estatistikaren espezialitateko Zientzia Zehatzetan lizentziatua da, Hezkuntza Zientzietako doktorea eta UPV/EHUko Hezkuntzako Estatistikaren arloko katedradun akreditatua. Estatistikako 24 liburu eta hainbat ikerketa artikulu kaleratu ditu. Horrez gain, hitzaldiak eman ditu estatistikak hala ikerkuntzarako nola ondo informatutako herritarrentzat duen garrantziarekin lotutako gaiei buruz eta Estatistikarekin egin ohi diren erabilera okerrei eta gehiegikeriei buruz. UPV/EHUko Uda Ikastaroetako zuzendariorde izan da 20 urtean, eta esku hartzeko askotariko programa ugari ebaluatzen parte hartu du.