Eduki publikatzailea

UPV/EHUk eta ADEGIk lankidetza-hitzarmena sinatu dute

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/22

Irudia
Pello Guibelalde eta Nekane Balluerka. Argazkia: ADEGI

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHUk) eta Gipuzkoako Enpresen Elkarteak (ADEGIk) lankidetzarako hitzarmen-markoa sinatu dute, Gipuzkoako sustapen eta garapen ekonomiko eta sozialerako jarduerak berrikuntza, ezagutzaren sorrera eta eraldaketa, sare bidezko lana eta proiektuen sustapena eta kudeaketaren bitartez garatzeko. Hitzarmena Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak eta Pello Guibelalde Adegiko presidenteak sinatu dute.

Bi erakundeok sinatutako akordioak honako ekintza hauek barne hartzen ditu, besteak beste: unibertsitate-enpresa prestakuntza duala sustatzea; ikerketa eta UPV/EHUko ikerketa-taldeen emaitzak Gipuzkoako enpresa-ehunera hurbiltzea; sentsibilizazio-kanpainak garatzea, Enpresa Kultura Berriaren bitartez, enpresa berau osatzen duten pertsona guztiek partekatutako proiektu gisa ulertzeko, eta produkzio-ehuna eraldatzen eta ikasleen enplegagarritasuna areagotzen lagunduko duen talentua sortzeko elkarlanean aritzea. Halaber, hitzarmen horren bitartez, azterlan eta ikerketarako lan akademikoak egingo dira hezkuntza-lankidetzaren programen baitan (borondatezko praktikak), Gradu Amaierako eta Master Amaierako Lanak eta doktorego-tesiak UPV/EHUko Gipuzkoako Campusean.

Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorea oso pozik agertu da akordioa sinatu delako: "UPV/EHUk aspalditik ditu harreman estuak Gipuzkoako enpresa-munduarekin: enpresa-praktikak egiten ditugu, ezagutza-transferentzia burutzen dugu, prestakuntza dualaren garrantzia handituz doa… Beraz, ez da hasiera-puntua, harremana sendotzea baizik. Harreman horren bizitasunaren ondorioz, lanerako marko egonkor bat ezartzeko beharra zegoen, beste sektore ekonomiko, sozial eta kulturalekin ezarri dugun moduan. Ziur nago, akordio horri esker, ADEGIk eta UPV/EHUk harremanak indartzeaz gain, eremu berrietara zabaltzeko aukera izango dugula".

Pello Guibelalde, Adegiko presidentearen iritziz akordioa beharrezkoa eta oso positiboa da: "Unibertsitatera gehiago hurbiltzea enpresen asmoa izan da beti, uste baitugu denentzat mesedegarria dela, horregatik akordio hau beharrezkoa eta oso positiboa da"

"Mundu aldakor honetan enpresak", gaineratu du, " talentu premia gorria dugu, hain zuzen egun profil jakinetarako ez dugu profesionalik aurkitzen. Uste dut ona dela unibertsitateko partaide direnentzat, (ikasle, irakasle eta ikertzaile),   errealitate hau ezagutzea. Formakuntza duala; ikerketa proiektuak enpresetan egiteko aukera; unibertsitatean kultura berria lantzea, enpresa konfiantzan oinarritutako proiektu partekatua dela barneratuz; ekintzailetasunerako sena ikasleen DNAn egotea. Guzti horiek enpresa eta unibertsitatearen artean hurbiltzeko bide berriak izan daitezke. Unibertsitate mailakoak ez diren beste hezkuntza esparrutan izan dugun esperientzia baikorrak kontutan izanik, eta unibertsitatekoa beste maila batekoa izanik, ziur gaude unibertsitatea eta enpresen arteko lankidetzatik  emaitza mesedegarriak baino ez direla sortuko, enpresentzat,  unibertsitatearentzat eta gizartearentzat oro har"