Eduki publikatzailea

Degradazio-abiadura kontrolatua duten protesiak

UPV/EHUko ikerketa batek hobetu egin ditu bigarren ebakuntzak saihesteko balio duten protesi degradagarrietako magnesio-aleazioak

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/22

Irudia

Magnesio-aleazioak, degradagarriak direnez, protesietan, hezurrak soldatzeko lotura-elementuetan edo arazo kardiobaskularretarako stentetan erabili ohi diren metalen ordezko bihur litezke. UPV/EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikerketa batek aurrerapauso bat eman du material berri horren puntu ahuletako batean: haren degradazio-abiadura erregulatu du, gainazalean kaltzio fosfatozko geruza bat ezarriz elektrolisi bidez, eta geruza horren lodiera zehatz doitzea lortu du.

Biometalak aspalditik erabiltzen dira medikuntzan, batez ere protesietan, baina baita hezurrak soldatzeko lotura-elementuetan eta arazo kardiobaskularretarako baliatzen diren stentetan ere, besteak beste. Gehien erabili izan diren metalek —altzairu herdoilgaitza eta titanio-aleazioak— badituzte abantailak, hala nola ingurune fisiologikoko korrosioarekiko erresistentzia, baina baita eragozpenak ere; esaterako, protesiaren inguruan hezur-dentsitatea txikitzea, eta, beraz, hezurrak erresistentzia galtzea. Gainera, askotan, bigarren ebakuntza bat egin behar izaten da materiala kentzeko, hark bere zeregina bete ondoren.

Arazo horiek konpontzeko, hainbat ikerketa egiten ari dira beste material batzuekin, magnesioaren familiarekin eta haren aleazioekin, besteak beste. "Material hori bereziki erakargarri egiten du ingurune fisiologikoan disolbatzeko duen gaitasunak. Hau da, pixkanaka disolbatuz joango litzateke, harik eta, eginbeharra bete ondoren, gorputzak modu naturalean egotzi arte, gernu bidez", azaldu du Nuria Monasteriok, UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolan egindako ikerketaren egileak. Hala, pazienteek ez lukete bigarren ebakuntzarik beharko. Material berriaren beste indarguneetako bat da material erresistenteagoekin izaten den hezur-dentsitatearen galera saihesten dela. "Gainera, materiala lurrazalean ugaria denez, arrazoizko kostua du, nahiz eta prozesatzean zenbait neurri hartu behar diren eta horrek garestitu egiten duen aleazioen fabrikazioa. Hori dela eta, azken kostua altzairu herdoilgaitzaren eta titanio-aleazioen kostuen tartekoa da".

Edonola ere, metal horrek baditu zenbait erronka ere, "haren disoluzio-abiadura nahi genukeena baino azkarragoa baita. Bere funtzioa bete aurretik disolbatzen da; beraz, erronka nagusia da haren bizitza luzatzea, aplikazioaren neurrira doituta egon dadin, nolabait", esan du Monasteriok.

Kaltzio fosfatozko geruza

Badira zenbait teknika magnesio-aleazioen bizitza luzatzen saiatzeko; UPV/EHUko ikerketa honetan, materiala kaltzio fosfatoz estaltzea erabaki dute, baina "kaltzio fosfatoaren funtzioa ez da magnesioaren bizitza luzatzea soilik. Horrez gainera, giza gorputzak hobeto onartzea eta inguruko ehunak sortzeko abiadura handitzea lortu nahi zen. Helburu bikoitza zuen: materialaren bizitza luzatzea, eta hobeto integratzea. Kontuan izan behar da, batetik, hezurren osagai nagusia dela, eta, bestetik, frogatuta dagoela inguruko ehunen hazkundea bultzatzen duela", adierazi du.

Kaltzio fosfatozko geruza metalaren gainazalean eransteko, estalketa elektrolitikoa erabili da. "Gure helburua zen estalketa uniforme bat egitea, askatuko ez zena, eta, era berean, haren lodiera modu eraginkorrean aldatu ahal izatea. Horretarako, zenbait aldagai elektriko aztertu dira, aplikazio jakin bakoitzak eskatzen duenera egokitzeko lodierak". Eta emaitzak gogobeteta utzi ditu: "erabilitako metodoa baliozkotzeaz gainera, geruzaren kalitatea eta lodiera zehatz erregulatzea lortu da", azpimarratu du Nuria Monasteriok.

UPV/EHUko ikertzaileak etorkizunerako zenbait erronka aipatu ditu: "sistema elektrolitikoa doitzea lortu dugu, eta, orain, beste biometal batzuekin egin nahi dugu proba. Bestalde, inolako arriskurik eragiten ez duten magnesio-aleazioak sortzeko lanean ari gara; izan ere, ikerketa honetan erabilitako magnesio-aleazioak aluminioa du, eta metal hori kaltegarria da osasunerako.

Erreferentzia bibliografikoa