Eduki publikatzailea

Gipuzkoako Campuseko kultura biziberritzen

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/23

Irudia
Agintariak eta ekitaldian parte hartu dutenak. Argazkia: UPV/EHU

UPV/EHUko Carlos Santamaría Zentroaren Andrestegi aretoan, Donostian, Gipuzkoako Campuseko ikasleek zein ikasle ohiek sorturiko bi ekimen aurkeztu dira.

Ekitaldian parte hartu dute: campuseko errektoreorde Agustin Erkizia; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Maria Jose Telleria; Campuseko Hedakuntzarako zuzendari Antonio Casado; Campuseko Liburutegiko zuzendari Marian Piñeiro; eta, Emanhar Gizarte Elkartearen ordezkari Ekai Txapartegi.

Lehenengo ekimenean, BookCrossing gune bat zabaldu da Carlos Santamaría Zentroan kokatua dagoen liburutegi nagusian, edonork askatutako liburuek haien bidaia gure liburutegian has dezaten. Gune hori UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren graduko ikasleek diseinatu eta ekoiztu dute, DSS2016 programazioaren baitan antolatu zen José Ignacio Díaz de Rábago artistaren ‘Babelgo liburutegia XII instalazioko lehengaiak (liburuak, alegia) birziklatuz.

Bigarrenean, Gipuzkoako Campusak Emanhar elkartearen ‘Piano bat Danirentzat' ekimenarekin bat egin du. Elkarte honek hiritarrek emandako pianoak hirian zehar birkokatu nahi ditu, erabilera publikoa bultzatuz. Proiektua ekoiztu da Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta 30 hiritar anonimoren diru laguntzaz. Bi ekimen hauei esker, campuseko bihotza den Carlos Santamaria Zentroak 1900. urteko piano bat jaso du, Emanhar-en bidez Ana Elorza ahots eta kantu irakasleak emana. Gaurtik aurrera, campuseko komunitateak (ikasle, irakasle zein administrazioko eta zerbitzuko langile) piano hori modu librean erabili ahal izango du, eguneroko jarduerari musika hurbilduz. Pianoa, Bickford etxekoa eta XX. mende hasierakoa, Aurelia Juanesek zuen.

Pianoa Donostiako Belle Epoque garaian hainbat opera eta zarzueletan protagonista izan zen. Ana Elorza ahots eta kantu irakasleak Aurelia Juanes sendiari pianoa erosi zion. Ostean bere ikaslerekin erabili izan du orain arte.

Gaurko aurkezpen ekitaldia amaitzeko, Ana Elorza sopranoak kantu sorta eskaini du, pianoan David Sainz irakasleak lagunduta.