Ogi apurrak

astelehena, 2017ko uztailaren 17a

UPV/EHUk itsasoko baliabide biologikoen inguruko Erasmus Mundus master berri bat eskainiko du

Europako Batzordeak bikaintasun zigilu hori eskaintzen die deialdi oso lehiatsu bat gainditzen duten tituluei

Datorren 2017-18 ikasturtean, UPV/EHUk Erasmus Mundus master berri bat eskainiko du. Mundus International Master in Marine Biological Resources (IMBRSea) / Itsasoko Baliabide Biologikoen Inguruko Nazioarteko Masterra (IMBRSea) Erasmus Mundus masterra da, itsasoko zientzien arloan lider diren Europako bederatzi unibertsitatek, Euskal Herriko Unibertsitatea tartean, batera antolatu duten programa. IMBRSeak itsasoko baliabide biologikoen erabilera iraunkorrari loturiko gai sorta zabala, baina koherentea, eskaintzen du. Programak itsasoko izakien biologia eta ingurumen ikerketak itsasoko politika eta plangintza gaiekin lotzen ditu, arreta berezia eskainiz itsasoko prozesu biologiko eta ekologikoei.

Erasmus Mundus baterako masterrak (EMBM) nazioarteko ikaskuntza programak dira, integratuak eta entzutetsuak. Goi-mailako hezkuntza erakundeen nazioarteko partzuergo batek dauka horien gaineko ardura. Ikasketak programaren bi herrialdetan egin beharra dago, gutxienez. EBk finantzatzen duen beka programa garrantzitsu bat daukate ere. Bekak urteroko aukeraketa fasetan beren hautagaitza aurkeztu duten ikasle hoberenei eskaintzen zaizkie. Aipatu bekek, zehazki, ikasleen partaidetza kostuak estaltzen dituzte (tasa akademikoak, liburutegi eta laborategi kostuak, derrigorrezko asegurua eta masterreko partaidetzari loturiko beste edozein gastu barne) eta joan-etorrietako gastuak eta ostatua lortzeko gastuak arintzeko ekarpen bat eskaintzen dute, bai eta hileroko dietak ere ikasketak irauten duten bitartean.

Europako Batzordeak deialdi oso lehiatsu batean aukeraturiko masterrei eskaintzen dien bikaintasun zigilu horrekin, EBren xedea da unibertsitateen bikaintasuna, berrikuntza eta nazioartekotzea sustatzea, Europako goi-mailako hezkuntza sistemaren erakargarritasuna bultzatzea eta master bat lortzen duten pertsonen gaitasun maila eta enplegagarritasuna handitzea.

IMBRSea masterrari dagokionean, 120 kreditu ditu, lau seihilekotan (2 ikasturte akademiko) banatuta, eta ingelesez ematen da soilik. Ikasketak unibertsitatean bertan egitekoak dira eta ikasleek partzuergoko bi unibertsitatetan eman beharko dute izena horretarako, gutxienez. Ondokoak dira partzuergoaren kideak: Ganteko Unibertsitatea (Belgika), koordinatzailea; Pierre eta Marie Curie Unibertsitatea (Paris); Algarveko Unibertsitatea (Portugal); Oviedoko Unibertsitatea; Marcheko Unibertsitate Politeknikoa (Ancona, Italia); Galway-Mayo Institute of Technology, (Irlanda); Bergengo Unibertsitatea (Norvegia) eta Bretainia Mendebaldeko Unibertsitatea (Frantzia), Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera.

UPV/EHUk Animal Health (Animalien Osasuna) moduluan parte hartuko du. Modulua Plentziako Itsas Estazioan emango da eta masterreko bost espezialitatetatik bi lortzea ahalbidetuko du: Marine Environment Health (Itsasoko Ingurumenaren Osasuna) edo Marine Food Production (Itsasoko Elikagaien Ekoizpena).

Titulu berriaz gain, UPV/EHUk beste bi Erasmus Mundus master eskainiko ditu 2017-18 ikasturtean: Itsas Ingurumena eta Baliabideak Erasmus Mundus Masterra / Erasmus Mundus Master of Science in Marine Environment and Resources (MEREMMC) eta Hizkuntza eta Komunikazio Teknologiak (HKT) Erasmus Mundus Masterra / Erasmus Mundus Master in Language and Communication Technologies (LCT).

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.es